Proportzioak
Aspaldiko garaietan jainkotxo bat bezain “oropresentea” zen, baina denbora luzea da ez niola entzuten. Lehengo mingaina du orain ere Amatiñok, ahobizarrik gabea eta labaina. Hiru bat aste izango dira, Altsasuko gazteen epaiketa hasi zen egunetan baitzen, proportzioen eskola erakusteko lezioa eman zuen irratsaio batean, eta on egin ziola hartu nion errezeloa.
Proportzioen lezio emaileak zioen Altsasuko tabernan «berriketan ari ziren bi bikote mehatxatu eta astindu» egin zituztela gazte epaituek, eta Txema Monterok arrazoi omen zuela horiek «behingoz gainditu beharreko jokamolde onartezinak» direla idaztean. Orain, epaiketaren ordua iritsita, «proportzionaltasuna» eskatuz dabilela defentsa, Jainkoaren izenean limosnatxoa eskatzen zuen haren modu samarrean alegia.
Proportzionaltasun horren mesedetan eskola ematen zuen gizonak irratsaioko predikuan, esanez ezen gazte horiek berrogei edo hogei edo hamar urterako espetxeratu ez, baina «zorioneko proportzionaltasunaren bila nik pare bat hilabetez sartuko nituzke baina ez kartzelan, guardia zibilen kuarteletan baizik, eta ez egonean egoteko, oheak egin, platerak garbitu eta erratza pasatzeko baino ez». Ez dakit Altsasuko gazte horiek bazter garbitzaile bihurtuz gizarteratu nahi lituzkeelako esan zuen, edo guardia zibilen kuartelak erratza pasatzearen premian daudela irizten diolako den, edo amorrua eta behazuna asetzeko bere pentsaera eta esaerekin ados ez dauden ingurukoak zigortu eta umiliatu beharra sentitzen ote duen Amatiñok.
Edozein modutan ere, eta berak emandako lezioa zehazte aldera, esan egin behar liguke gazte horiek guardia zibilen kuarteletan erratza zein txokotan pasa beharko luketen, «ea behingoz gizarteratzen diren» ikusteko. Gurutze Iantzi eduki zuten lekuan pasa behar lukete agian erratza? Mikel Zabaltza eduki zuten ziegak ere izango du zer garbitua, hura egon aurretik eta ondoren zikina pilatu eta pilatu baizik ez baita egin.
Azken belaunaldietako milaka gazte eta ez hain gazte «egonak» dira lehen ere guardia zibilen kuarteletan, zuk ondo dakizun moduan, Josu, eta haien esperientzia eta testigantzetatik esan liteke ez direla lekurik aproposenak inor «behingoz gizarteratzeko», nahiz eta horretan tematu proportzionaltasunaren maisua, bere amorrua eta behazuna ase beharrak bultzatuta seguru asko.