7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Haragiaren memoria


Tabernara sartu eta guztiontzat garagardoak eta olibak atera dituen laguna baso guztiekin itzultzen denerako olibak amaituta egotea nahiko injustua da. Zebra-bidean zebra-bidetik igarotzeko zain zegoen pertsonari igarotzeko tartea emateko gelditzea eta atzetik bozina hotsa entzutea ez da ulergarria. Barra ertzean zain eta txanponarekin barrako marmola musikatu gabe egotea eta alboan gorputz erdia barra gainean jartzen duen ahots ozeneko barrakidea azaltzea ez da bidezkoa. Lantokian urteak igaro eta urteen joan horrek zure adina handitu duelako zure nagusi ustekoak ergela bazina bezala hitz egitea salagarria da.

Zeure poltsan edo patrikan sartu, gorde eta etxerakoan behar den edukiontzira botatzeak izugarrizko kemena eskatzen omen dizulako, zeure ogitartekoaren albala ibai ertzean uztea ez da arrazoizkoa. Zuk hitz egiteko gogo izugarria daukazulako aldamenekoak izan dezakeen hitz egiteko gogoa hitz jario etengabez isilaraztea ez da atsegina– H egina baino, hizki mutua da, barka txiste txarra–.

Supermerkatuan zure erosketak barra-kode irakurgailuaren aurretik pasatzen dituen pertsonari aurpegira begiratu gabeko «kaixo»-a esan eta txartela beste aldera begira bezala ematea aztergarria da.

Erakusleihoan prenda bat gustatu zaizulako dendan sartu eta dendariak prenda horrek ez dizkizula aldaka horiek ezkutatuko eta zeure haragi estra ustekoa gordetzeko moduko arropak ateratzen hastea, zeuk aholkurik eskatu gabe, ez da aholkagarria. Hiru hamarkada Lur gainean pasa, autonomoa izan eta altuera estandarretan sartu eta gasolindegiko adin ertaineko gizonak «txiki» deitzea ez da proportzionala. Mundua hankaz gora jartzen konplize izan, eta mundua zugana kontu (edo bizi) eske datorkizunean harresiak altxatzea okaztagarria da.

Bortxaketari bortxaketa ez deitzea, beldurtzeari onartzea deitzea eta bortxatuak geroztik zein zorigaiztokoa den frogatu beharra izugarri larria da, okaztagarria eta injustiziarik injustuena. Arriskutsua izateaz gain, noski, etorkizuneko bortxatuentzat. Okaztagarria, injustua eta arriskutsua da, eta asmatzeke dauden edo aski iruditzen ez zaizkidan hainbat hitz gehiago. Baina ez hori bakarrik, ahaztezina behar luke izan, nahiz eta gogoratzearen minez ezin dugun etengabe bizi. Batzuetan nahiago nuke min horrekin bizitzeko gai bagina, jasanezina ez jasateko gai bagina, eta lehen ilaran irauteko gai, zer jasanik ez egon arte. Eta azken egunotan Altsasuk berritu dit sentipen hori. Min hori. Bestelako min bat, eta bestelako amorru bat, baina sentipen bera: zenbait minek ahaztezinak izan behar luketela.