amagoia mujika
IRITZIA

Zenbat jai kabitzen dira sanferminetan?

Sanferminak. Hainbeste sanfermin kabitzen dira sanferminetan! Nik sanfermin mota bat ezagutu nuen, aparteko anfitrioien eskutik, duela... ia 20 urte.

Jende serioa eta patxadatsua zirudien, zuri-gorriz jantzi ziren arte. Orduan, beste pertsona bat bihurtu ziren, astebetez. Nekatzen ez ziren jaizale amorratuak, umore oneko dantzari nekaezinak, hiriaren txokorik eta ohiturarik kutunenak harrotasunez erakutsi zizkiguten iruindar petoak, lo justuarekin energia txute izugarria lortzen zutenak... Luxua izan zen guretzat, bi gipuzkoar gaztetxorentzat. Ezezagunek gosaltzen eman ziguten Estafeta kaleko lehen solairu batean eta etxean bezala sentitu ginen; txurroak jateko ilada egin genuen; belar gaineko lo kuluxka deskubritu genuen; hamaiketako oparoa eskaini ziguten kalean jarritako mahai desmuntagarri horietako batean... Primeran pasatu genuen eta, toki jendetsu hartan, kuadrilla giro epelean sentitu ginen, herri txiki bateko festetan bageunde bezala. Hiria herri txikietan banatuko balitz bezala. Eta edonork pieza txiki horietan gustura egoteko modua topa zezakeela sentitu genuen.

Geroztik gu asko aldatu gara eta, horregatik akaso, festa aldatu egin dela esan izan dugu hemendik, distantziatik, telebista pantailatik eta egunkariko kroniketatik. Seguru nago orain ere festazaleak asmatzen duela bere neurriko festa topatzen, hori da festazale onaren abilidade nagusia; gustuko tokia topatzea edo toki guztietan gustura egoten asmatzea.

Horregatik, sanferminek behin hain eskuzabal eta hain gozo hartu gintuztelako, tristura ematen dit batzuen begietara festak hartu duen koloreak. Sanferminak ez dira gehiegikeria, kontrolik eza, araua haustea, astakeriak egitea... Sanferminak askatasuna dira; ordurik gabeko eta eginbeharrik gabeko tarteak, lagunarteko egonaldi gozoak, umore oneko egunak...

Akaso, horrek ez du hainbeste salduko. Besteak, neurririk gabeko festaren etiketak, distira handiagoa izango du batzuentzat eta segur aski horregatik erakutsi dute munduaren aurrean etiketa hori bolada luze batean.

Zorionez, baina, hemendik, distantziatik, telebistaren pantailatik eta egunkariko kroniketatik, igartzen dut Iruñeko Udaletik lan handia egiten ari direla sanferminak lurrera ekartzeko. Jende zoriontsuaren jaiak dira, askotarikoak, denok gustura egoteko modukoak, baina jai lurtarrak. Egia da zelebrekeria handienak normaltasun harrigarriarekin gertatzen direla; egia da ez sinesteko egoerak –eta aldrebeskeriak– gerta daitezkeela. Akaso jai lurtarretan bikainenak izango dira, baina izan daitezela lurrekoak, ez dute zertan estratosferikoak edo estralurtarrak izan. Goza ditzazuela patxadatik, errespetutik, inori minik egin gabe eta inoren jaia garraztu gabe. Gora San Fermin!