AUG. 05 2018 LUMA BERRIEN AZTARNAK Mendekua gara, donostia Esaten dute denok bizitza honetara misio bat betetzera etorri garela. Nik aurkitu dut nirea, zure bizitza infernu bilakatu, zuk nirea jasanezin bihurtu duzun bezala. Gutun hau irakurtzen duzunerako hilda egongo naiz. Urkatuta aurkituko nauzu gimnasioko habetik zintzilik, mingaina kanpoan, keinu itsusi batean. Hala izaten da telebistan behintzat. Interneten begiratu dut nola egin behar zaion sokari urkatzeko moduko lazoa. Soka, gimnasioan zintzilik daudenen artean aukeratuko dut. Ez dakit korapiloduna ala normala erabiliko dudan, erabakiko dut gero. Korapilogabea, seguruenik. Badakit noiz, ordea, nire gelako guztiak matematika klasean dauden bitartean; komunera joateko baimena eskatuko dut irribarre xalo batez eta kito, nire plana martxan jarriko dut. Hainbestetan sufriarazi didan soka eskas hori izango da askatasuna emango didana. Zuri, berriz, soka horrek lepoa estutuko dizu betiko. Gure artekoa piztu baino lehen, madarikatua izan bedi egun hura, igo ezinik nenbilela, barre egiten zenidan, ni ezdeus eta kikil sentiaraziz. Gorroto zintudan horregatik. Ahaztua neukan... maiteminak oroitzapenen baheketa arriskugarria egiten du, borondatea bahituz, salba gaitzakeen bizi-sena gela ilun batean espetxeratuz. Instintua deiadarka ari bazaigu ere, begien aurrean duguna ikusezin bilakatzen du maiteminak. Orain konturatzen naiz. Ni suntsitzeko behar hori... Nolatan ez nuen ikusi orduan nolako gizaki doilorra zinen, zergatik ez nuen ikusi nahi izan nolako izate hutsa zinen... Ni naiz nire orduko itsutasunaren errudun bakarra. Nire heriotzarena, aldiz, zu. Eta larrutik ordainduko duzu. Goizero, esnatzen zarenean, nirekin gogoratuko zara eta errudun sentituko zara. Tripan sentituko duzu kulpa, eta behar bezala elikatzea eragotziko dizu. Medikuarengana joango zara larritasuna arindu nahian, zure egonezinaren arrazoia, ondo jakingo duzun arren, zeure buruari ukatuz. Orduan, alkohola edateari ekingo diozu edo beste drogaren baten menpe eroriko zara. Kontsolamendu bila. Zure esku dago aukeratzea nola hondatzen duzun zeure burua, kontsolamendu bila, erruak sortzen dizun oinazea uxatzeko. Baina jakin ezazu ez dagoela kontsolamendurik pisu hau arinduko dizunik. Beharbada, noizean behin, lortuko duzu lasaitzea, ni burutik sano ez nagoelako egin dudala hau pentsatzea lortzen duzunean. Konbentzituz zeure burua ero gaixo bat besterik ez naizela. Berdin zait. Lasaitasunak ez dizu luzaroan iraungo. Zeren, bat-batean, burura etorriko zaizu nire irudi groteskoa, sokatik zintzilik, kulunka, behin eta berriro, nire begiak zuri so. Zuri begira egongo bainaiz aurkitzen nauzunean. Eta infernuan biziko duzu geratzen zaizun bizitza, amesgaizto etengabean. Baliteke nire hilotzaren irudia beste irudiekin nahastea, zure furgoan txortan ematen genituen orduetakoak, inoiz beste inor ez bezala maite ninduzula esaten zenidanekoak, zoriontsu ginenekoak, gaindiezina gainditzea posible zela sinesten genuenekoak; nik, behinik behin, sinesten nuen bizirik geundela. Eta zuk ere bai, ziur nago. Orduan bai, oraindik. Etorkizuna elkarrekin irudikatu genuen. Etorkizun argitsua, beroa, alaia. Dena izorratu zenuen arte. «Sentitzen dut Nekane maitea, ezin dut, asko maite zaitut, baina ezin dut nire familia utzi, behar naute, ulertzazu. Gureak bukatu egin behar du», idatzi zenidan whatsappez. Eta barkamena eskatu zenidan. Barkamena eskatzea egindako kalte guztien konponbidea balitz bezala. Mezuz. Ez zenuen aurrez aurre esateko ausardiarik izan. Nire erreakzioaren beldur, beharbada. Ala agian zure erreakzio propioaren beldur. Auskalo. Beldurra, azken finean. Eskertuko nizukeen zintzotasunez jokatzea, zure ahulezia onartzea. Aldiz, besteen beharraz mozorrotu zenuen zure koldarkeria. Ni ez ninduzun engainatu, ordea. Zeure burua ez bezala. Eta ordura arte gorputzeko atal bete eta emankorra zena, nire bihotza, milaka zatitan apurtu zenuen, eremu lehor eta ilun bilakatuz. Ur gardenez beterik zegoen pieza, lohiz bete zenuen. Koloreak belztu zenituen. Une horretantxe erabaki nuen mendeku hartuko nuela. Benetan uste zenuen emandako min guztia musu-truk aterako zitzaizula? Agindutako eta ez emandako maitasuna, bete gabeko etorkizuneko planak, koldarkeria? Ez, “maitea”, ez, zure bizitzarekin ordainduko duzu nire heriotza. Ez nau izutzen hiltzeak. Zer aurkituko dudan ez dakidan arren, nire heriotza alferrikakoa izango ez dela jakiteak bakea ematen dit. Zuk bizi nintzen bitartean kendu zenidana. Bakea, azkenean. Nagoen goian. Pena bakarra daukat, ez naizela bertan egongo zure gainbehera ikusteko, gimnasia irakasle jaun txit gorena, baina, badakit, nire desagerpenak ez dizula utziko geratzen zaizunari bizitza deitzen. Goza ezazu zure infernu partikularraz. P.S.: Autopsia egiten didatenean sorpresa txiki bat daukat zuretzat gordeta. Haurdun nengoen, eta aita nor den oso erraz jakingo dute. Hala izaten da telebistan behintzat. Zugan betiko, Nekane. Tessa Andonegi Santamaria Donostia (1968). Aktore mundu hotz batean.