AUG. 26 2018 LUMA BERRIEN AZTARNAK Edabe magikoa gara, donostia Gaur hogeita bost mila urtetik gorako haitzulo batean izan naiz. Goiz umel honetan, dagoeneko egunero hain itogarri zaizkidan zementuzko eta breazko kaleak tarte batez atzean uzteko premia sentitu dut. Ase beharreko gosea. Kobaren zulo ilunean sartu naizenean, adi esnarazi naute horra goraino igotzearen izerdiak eta beldurraren zurrunbiloak. Antzinakoa naiz. Antzinako mintzaira da hemengoa. Segundo gutxi batzuk behar izan ditut lasaitzeko, eta orduan, ene gibelean zer nuen ikusteko gogoz nintzela konturatu naiz. Iluntasunari bizkarra erakustera ausartu ez naizen horretan, zeharka barrualdera begiratzearekin batera, haizeak arnastu nau, gorputz osoa betez. Eta orduan, poliki, begiak itxi ditut eta usain guztiak sudurzuloetatik barneratu, iragana orainera erakarri, naturaz gaindikoa zaidan hura. Iruditzen zait minutu gutxi batzuk egin ditudala hortxe geldi, dudarik gabe irribarretsu, kontzientzia erabat lasai. Etxean nago, itzaletakoa bainaiz. Begiak zabaldu ditudanean, inguruari begiratu orduko, ordura arte erreparatu gabeko ur txorrotaren hotsak belarriak laztandu dizkit. Deiari kasu eginez, kobazuloaren gerrialdean dagoen bidezidorrari jarraitu eta behealdeko erreka ertzera abiatu naiz. Oinutsik, dagoeneko, goroldio lodi eta busti gainetik aldapan behera noala, senak harriz eta egurrez eraikitako zubia zeharkatzera eraman nau, artean, segundo batzuk zubiaren punturik gorenean pausaraziz. Errekaren indar biziak eta arnasaren hotsek suspertu naute. Bihotzak bizi nau. Bideari ezkerraldeko bidezidorretik jarraitu aurretik, garbi daukat itsaso bete malkorik ez dudala bota nahi, malko bakar batean itotzea nahiago dudala. «Zergatik maite dituk bidezidorrak?», galdetu nian behin baino gehiagotan, baina sekula ez nian erantzunik jaso. Erantzunik gabe galderak egitea alferrikakoa zela ulertu genian arte. Errekak marraztutako putzuak eta ur-jauzi bihurriak aurrean ditudala, arroka eta harri artean ahal bezain arin aurrera egin dut, trakets, bi oinak uretan lohi gorri irristakorrean etzanda dagoen harri zapal batean jartzea lortu dudan arte. Begiak hiru San Jose lorerekin egin du topo. «Udaberria iritsi zaigun, berriro» entzun dudala iruditu zait, loreen zuri eta horiak usaintzera hurbildu naizenean. Ene sorbalda eta azalera osoa babesten ari zaidan zuhaitzaren itzala miretsi dudan bitartean, «ba al dakin ez dela Euskal Herrian hainbeste hagin elkartzen den beste tokirik?», enegarren aldiz azaltzea faltan sumatu dudan honetan. Eskuin oineko behatz puntak sartu ditut lehenengo ur izoztuan, txorkatilaraino gero, poliki, belaunak makurtu eta bi eskuak bete-betean busti ditudan arte. Ilargi berria dugu lagun gaur, distirarik ez uretan dantzan. Dagoeneko ilun dago. Busti. Eta nire eskuetatik ur tantak banaka isurtzen ikusi orduko, hire presentzia, orain milaka urte bezalaxe sentitu diat, gertu. Hi aztia eta ni sorgina, biok, aurrez aurre. Eta besteengandik zergatik aldendu ginen oroitu diat, zergatik bilatu genuen gure kobazulo bakartia, zergatik gurea baino ez zen hura. Eta orduan gure bizipenak gogoratu dizkiat, hirekin batera ikasitakoak. Errekaren adurra eztarritik alura doala sentitzen dudan bitartean, astiro, amets egin dut, denboraren loditasun horretan, erditzea elkar egitea dela. Amak gu egiten gaituenean, guk ere bera egiten dugulako ama. Amets. Baina hik berriz erditu ninduan. Horregatik, ez, oraindik ezin diat zauria itxi. Amildegian behera ere hire zain. Baina orain jakin bazekiat, bai, ortzi-mugan bidezidor bila ibiltzea zein den hutsala, alde baten edo bestearen artean nor gailentzen den jakin nahi izatea alferrikakoa dela. Orain bazekiat, bai, bidezidorretan aritzen denak badakiela begirada berriek nola aldatzen duten historia, iraganean lehertutakoen eta gerora erdituko direnen hipotesietan bidezidorrak lerratzen baititu. «Demagun –hitzarekin hasitako esaldiak maite hituen– izena duen orok duela izana». «Demagun, geroa duen orok duela iragana», erantzungo diat orain. Gure jolasak oroitu dizkiat orduan. Aurrean ditudan haitz horien txoko bihurrietan galtzea eta oinetatik hasita elkarren larruazaleko ximur bakoitza ukitzea desio genian. Itsasoaren orroa gurean entzutea. Hire gustukoak usaintzea, intuizioa erabiliaz aurreratzea, azala azalaren kontra borrokan hasi aurretik hire desioak atzematea eta asetzea. Eta lehertzear gaudela, hirekin korapilaturik irudikatzea. Distantzian. Ispiluen solasean. Eta honenbestez, beldurrik gabe gure edabe magikoa edatea. Honenbestez, elkarren gazi-gozoak ezpainetan, bizirik gaudela oroitzea. Laztanak desio dizkiat orain, orain, orain. Jaso. Ene maite miretsia. Edo muxu bustiak, hurrena, sexua, eroak. Kosk! - Beste trago bat? Arrate Arozena Mujika Arrate Arozena Mujika dut izena, hala ikasi nuen behintzat. Oreretakoa naiz, edo Errenteriakoa, edo Errenteria-Oreretakoa. 1969an jaioa. Ekonomialari ikasketak egin banituen ere, lanbide ezberdinak izan ditut, betiere euskaratik eta kulturatik gertu. Eta etengabe ikasten eta eraldatzen jarraitzen dut, garai likido hauen bueltan, nonbait. Egun, Donostiako San Telmo museoan.