SEP. 09 2018 IRITZIA Hitzorduak JOKIN URAIN Zortzietan betiko lekuan. Edo, lauretan Bikainen. Edo, ordu bietan Aitzbeltzen... Hitzorduek zehaztasuna eskatzen dute eskuarki, eta eskertzen da puntualtasuna. Zortzietan ezarri baduzu hitzordua, izan liteke zortziak eta bostean edo zortziak bost gutxian, baina ez bederatzietan, edo zazpiak eta hamarrean. Bost minutuko gorabehera izan dezake hitzorduak, baina ez bost ordukoa; ez da fundamentua. Hitzorduko lekura joanda mintzakidea berandutzen bazaizu, kezka, amorrua edo egonezina areagotzen zaizu zain igarotzen duzun minutu bakoitzeko. Etortzekoa zaizunaren arabera, hitzorduaren arrazoia zein den, nondik edo zertara datorren, edo zeu zergatik etorri zaren... urduri eta ipurterre jar zaitezke, aurreko irrika damu bihur liteke, zeure buruaz susmoak egiten has zaitezke, gaizki ulertu ote zenuen, besteak gaizki ulertu ote duen... Mintzakidea ezagutzen baduzu, asma dezakezu ordua baino lehen ala ordua igarota etorriko zaizun, zenbat aurreratu edo atzeratu daitekeen. «Ordu biak alderako» hitzordua jarrita, itxurazkoa litzateke asko jota ordu biak eta hamarrerako jatetxe atarian txakolin bat hartzen egotea, laster batean bazkaltzeko, hitzordu hori zortzi egun lehenago ezarri bazenuten ere. Egia da gaur egun edozein momentutan eta minutuz minutu ezarri, atzeratu edo aurreratu dezakezula hitzordu bat, edo beste egun batera aldatu, edo bertan behera utzi eta bazkalkidea edo bazkalkideak pikutara bidali, edo non demontre dabiltzan galdetu. «Ordu biak alderako» hitzordua jartzea edo «ordu bietarako» jartzea, ez litzateke oso ezberdina izan behar, baina ezberdina da iritsi behar duenaren irizpide eta patxadaren arabera. «Ordu biak» ordu biak da, eta «ordu biak aldea» ere ordu biak ingurua izan behar luke, minutu gutxi gorabehera. Baina kontzeptu horiek ere apur bat malgutu egin ote diren nago. Txispas, Palo eta enparauekin «ordu biak alderako» jar dezakezu hitzordua, eta lasai ederrean ager daitezke hirurak bost gutxian, ia itxaroten aspertuta eta hiru-lau txakolin edanda eta beste hainbeste pintxo janda gosea dezente disimulatuta zaudenean. Kontuak eskatzen hasita, ordu batetik hirurak arteko guztia «ordu biak aldea» dela esango dizute asko aztoratu gabe. Eta zurekin, Karmelo, noizko jarri behar dugu hitzordua zurekin, bazkaritarako ez bada afaltzeko, baina batez ere geure artean geratzeko? «Ordu biak alderako» hitzordua jartzea edo «ordu bietarako» jartzea ez litzateke oso ezberdina izan behar, baina ezberdina da iritsi behar duenaren irizpide eta patxadaren arabera. «Ordu biak» ordu biak da, eta «ordu biak aldea» ere ordu biak ingurua izan behar luke, minutu gutxi gorabehera.