SEP. 30 2018 IRITZIA Alfonbraren azpian GALDER PEREZ Atsotitzak kontrakoa badio ere, hasi berri den hilabete honetan barre egiten jarraitu nahi dugu, ez amamak zioen “Barreak negarra urrian du”. Edo barre egiten hasi; batzuek badute behingoagatik irri egiten hasteko garaia. Atzo Zinemaldiari agur esan genion. Urria estreinatzea tokatzen da gaur, eta Donostiara begira jarraituko dugu datozen asteotan. Bukatu dira zine izarren argazkiak badian, baina etorriko dira bestelako izarrak kaleak betetzera, falta direnak bertan egon behar dutela esatera eta eskatzera. Orain Presoak ekimenak deituta, urriaren 20an Donostian izango gara berriz ere. Urrian bestelako kontuetan murgilduta ibiliko dira donostiarrak, aurrera begira, azaroaren 18an bertan egitekoa den galdeketa adibidez. Bitxia izan zen Kontxako hondartza parean galdeketako sustatzaileek egindako argazkia. Hurrengo egunetan zine izarrek egin behar zutena zirudien. Alfonbra gorriko protagonistek, ordea, ez dute erabakitzeko eskubidearen aldeko papeletarik erakusten. Halako gertakari kultural komertzialak bertan gertatzen denaz aritzeko baliatu beharrean, badirudi gure aurretik, flash bat bezala, pasatzen direla. Pintxo, itsaso eta jatetxeentzat erakustoki izateaz gain, arte ekimenek ere balio dute lekuan leku gertatzen diren afera soziopolitikoen gainean hausnartzeko eta berauek zabaltzeko. Baina xurgatzaile handia da hau guztia, ustez zikinkeriatzat dutena alfonbra gorriaren azpian gordeko nahiko balute lez. Gogoan dugu ere gaur urtebete Katalunian egon ginela. Koilara ekarri genuen, bermeotar lagun batek erakutsi bezala. Negarra barrenean gordeta edukitzea eta hor geratzea da koilara, malkoak barrenean preso geratzea, irten ezinik. Guk ere badugulako alfonbra gorriaren azpian minak gordetzeko ohitura txarra batzuetan. Tentsio handiz, baina, batez ere, ilusio handiz, bizi izan genuen duela urtebeteko egun hura. Harriduraz eta miresmenez kataluniarren konplize izan ginen egun hartan. Eta baita ondorengo hilabeteetan ere. Alfonbra azpian gorde beharrean, mahaiaren gainean jartzen jarraitzen baitute behin eta berriz herri horren afera eta bere eskubide demokratikoen aldarrikapena. Atsotitzak urriaren gainean dioen negar hori barre bihurtu zaigu. Momentu bat iritsiko da zeinean ezinezkoa izango den zikinkeria gehiago alfonbra azpian gordetzen jarraitzea. Eta orduan bai, mila koloretako alfonbren gainean ibiliko dira herri honen aferak eta eskubide demokratikoen aldarrikapenak. Erratza, gainera, hegaz egiteko baino ez dugu erabiltzen. Aspiradorak ez dira lehengoak bezalakoak. Robotak dira orain asko. Borobilak. Euren kabuz bakarrik martxan, lanean, jartzen dakiten horietakoak, ezustean. Etxeko katu edo txakurrak bailiran bueltaka hasten dira eta zikinkeria gordetzen dute. Borobilean, dantza, baina bakarka, ez aurresku ez atzesku. Eta barrea eragiten digute. Pentsatu baino lehenago edonoren etxeetan robotak bizi dira. Robotek gure bizimodua aldatuko dutela behin eta berriz pentsatu izan dugu. Horrela izango da ziurrenik. Baina geure bizitza eta bizimodua ez dira sekula aldatuko zikinkeria guztia alfonbra azpian gorde beharrean gainean jarri arte, borobilean, izan aurresku zein atzesku dantzan. Momentu bat iritsiko da zeinean ezinezkoa izango den zikinkeria gehiago alfonbra azpian gordetzen jarraitzea. Eta orduan bai, mila koloretako alfonbren gainean ibiliko dira herri honen aferak eta eskubide demokratikoen aldarrikapenak.