Maitasuna
Maitasunak eragiten diola munduari esango du batek, agian zeuk, baina laster etor dakizuke izorranteren bat, munduari eragiten diona gorrotoa dela esanez, eta itxura badauka mundu honek batzuetan gorrotoaren doinura egiten duela dantza, edo jauzi, edo ez dakit ez ote den zalaparta trakets soila mundu honek egiten duena.
Baina ez diozu, ba, eragina ukatuko maitasunari, mundutarron sentimendua izan arren eta ez, berez, munduarena. Ezer izatekotan bizi nahia baita munduak duena, bizi bulkada, eta bulkada horretan lehia, albokoaren itzalpean geratu baino lehen albokoa itzalpean utzi beharra... Baina maitasunaz aritu zait laguna, zoramen eder horretaz, telefonoan pasa dioten mezuren baten aitzakian.
Neska maiteminduak, ohean antxumatuta beharbada, butakan eserita agian, mezua bidaltzen dio mutikoari: «Lotan bazaude, bidal iezazkidazu zure ametsak..». Nola ez amets egin maiteminduta zaudenean, eta nola ez desiratu maitatuaren ametsak ezagutzea! Amets betean bizitzea ere bai baita maiteminduta egotea, eta mundua ederrago iruditzen zaigu orduan...
Barre gozoa ere maiteminaren zantzua da sarri, eta neska maiteminduak beste eskari bat egin dio mutikoari: «Barrezka ari bazara, bidal iezadazu zure irribarrea»; zeruan izarrak ikusi eta haien figuran maitatuaren keinu alaia irudikatzen baitu maiteminduak, eta zeruan ez bada izarrik, maiteminduaren irudimenean bai.
Irribarrea ez ezik, negarra ere ederra du maitatuak, haren malkoen gazi-gozoan beratzen da maitemindua, eta ez du distantziaren kontzientziarik, badakielako elkarren orbitan biraka dabiltzan bi planeta direla, eta mezua bidaltzen dio: «Negarrez bazaude, bidal iezazkidazu zure malkoak». Unibertsoan ez baitago besterik: «Maite zaitut!».
Ez du irudikatu, zergatik irudikatu behar du!, telefono pantailan idatzi duen mezuak zer bide egin behar duen maitatuaren begien pantailara iritsi arte. Mutikoa bere mezua irakurtzen, besterik ez du irudikatu neskak, eta erantzunaren zain geratu da, luze iritzita, eta iritsi zaio halako batean: «Kaka egiten ari naiz... Zer bidali behar dizut?».
Udazkena hego haizearen aroa da, Urko, eta hego haizeari zoro haizea ere esaten diogu, beste izen batzuk ere baditu... Ongi legoke aurtengo honetan denok geure zentzu zurrunetik eta kakatik atera eta apur bat zoratuko bagintu.