OCT. 14 2018 IRITZIA Kale nagusiaren pribilegioak GALDER PEREZ Herri eta hiri gehienek izan ohi dute kale nagusi bat. Izan izen hori zein beste bat, baina erdiguneko erreferentzia den karrika handia izan ohi da. Garai batean hiria gurutzatzeko bidea zen, gurdi, zaldi eta astoentzat leku nahikoa zuena. Gero bankuen tokia zen, dirua mugitzeko espazioa. Hirietan aspaldi da kanpotik datozen arropa dendetarako erakusleiho erraldoia. Bilbokoak, nola ez, Diego Lopez de Harori eskaintzen dio izena, Jesus erraldoi baten babespean, jakina. Harrapatuta gaituzte biek, kale nagusiko alde banatan, zein baino zein handiago; hiritarrok seinalatzen gaituzte, errudun izango bagina lez. Zoaz hara gora, esaten digute. Eta behin gora iritsita, zoaz berriz kalean behera. Han atrapatuta, kalean gora, kalean behera ibiltzera behartuta, gure kondena balitz bezala. Izan badelako nolabaiteko kondena marka handien parke tematikoan ezinbesteko izaki izatea. Ustez edozein esku eta poltsikora egokitzen diren markak. Madrilen gero eta antz handiagoa hartua diot Bilboko Gran Viari. Primark zabaltzen dutenean, beldurrez galdetzen diot neure buruari ea orduan zer izango den hori. Eta horrela, Biribila dela aldarrikatzen badugu ere, batzuek etengabe ezarri nahi duten Plaza España inoiz baino gehiago izango da espainiarra. Egia esan, berdin du izan espainol, frantses zein ingeles; Madril zein Paris, Londres zein Kopenhage. Berdintsuak dira kale hauek guztiak Europako edozein hiritan. Hala eta guztiz ere, kale hauek ere izaten dute xarma berezia. Kaleko artistei zor diegun xarma, haientzako leku paregabea izaten baitira karrika nagusiak. Inork gutxik paseatzen du txanponekin, bertan plastikozko dirua baita nagusi. Kaleko artistek, ordea, ez dute banku txartela irakurtzeko tramankulurik eta pleistozenokoak balira bezala, nahiago dute txanpona jaso. Zer nahi dute benetan, baina, txanpon batzuk irabazi edota ikus-entzuleak eduki? Denetik dago, Europa ekialdeko banda zoragarriak, gitarrarekin fin kantatzen duten ahots bakartiak edota jantzi zuri-beltz zaharkitudun eta aurpegia gaizki margotutako arlekina. Aurreko larunbat eguerdian, El Corte Ingles deritzon eta espainiar ikur den denda erraldoiaren erakusleihoan musika elektronikoa zen nagusi. Argiz beteriko eskaparateak dituzte orain, pantaila eta LED argiek kolorez betetzen dutena. Artistek maite dute horien parean jartzea, beraientzako fokuak balira bezala. Eszenatoki deituko diogun erakusleiho honetan rap kantaria kontzertua ematen ari zen. «Gure herriak hitza du! Gure herriak izena du», ozen eta gozo errimatzen zuen. Ez dakit zerk eman zidan atentzioa gehien, musika estiloak ala hizkuntzaren aukerak. Zalantza horrekin Zazpikaleetarako zubia hartu nuen, Lopez de Haro agurtu gabe. Arratsaldez, kalean gora egin nuenean, leku berean, kale nagusiko eszenatoki pribilegiatuan, pasodobleak eta tangoak kantatzen zituen gizona zegoen. Iluntzean, berriz, manta azpian, gizon bat lotan, koloretako argien dirdirapean. Ez dakit, ordea, azken honek zer kantatzen zuen. Sekula abesten ote duen ere ez dakit. Beraz, hobe isilik egon, non eta kale nagusian, uriko kale pribilegiatuenean, aterpea baitu lo egiteko eta koloretako pantaila, bertan proiektatzen dena irudikatzeko. Erakusleiho honetan rap kantaria kontzertua ematen ari zen. «Gure herriak hitza du! Gure herriak izena du», ozen eta gozo errimatzen zuen. Ez dakit zerk eman zidan atentzioa gehien, musika estiloak ala hizkuntzaren aukerak.