7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Lokatza


Hiru hilabete inguru izan behar ditu bere karguan Jesus Lozak, Espainiako Gobernuaren hemengo ordezkariak. Agintea hartu zutenetik hasi ziren euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika aldatu behar zela esaka, eta Loza jaunak ordutik ez dakit zenbat adierazpen eta elkarrizketa egin dituen kontu honekin. Adierazi duen hori guztia hotz eta motz laburtzera, ematen du hitza eta pitza erraza daukagula, eta intxaurrak apenas lau.

Euskal preso politikoak ahalik eta urrutien eramateko eta ahalik eta sakabanatuen ezartzeko traba eta trabaondorik ez zuten izan duela 30 urte inguru Lozaren alderdiak eta bere konfiantzazko gizona omen den Urkullurenak. Denbora ere ez zuen asko behar izan. Duela aste batzuk, hurbilketaren harian egin zioten elkarrizketa batean, denbora behar dutela zioen; pausoak ahal den azkarren ematen saiatuko direla baina sentsibilitate denak kontuan hartu behar direla zioen Loza jaunak, eta ezin izan nion antzeman ziniko ala adar jotzaile aritu zen elkarrizketa hartako erantzunetan. Zinismoa edo adar jotzea baita txio batengatik preso dagoena, Altsasuko liskarrarengatik preso daudenak eta beste bi Euskal Herriko espetxeetara ekarri izana aipatzea espetxe politikaren aldaketaren adibide.

Ongi legoke sentsibilitate guztiak hartzea kontuan, eta guztiei aditzea; baina berak buruan dituen sentsibilitateak bakarrik existitzen direla uste du, besterik ez dagoela alegia eta, beraz, ez dela aintzat hartu behar... Hurbilketarako presoak ez duela baldintzarik bete behar esaten zuen elkarrizketan, baina hurbilketarik ez da egiten eta urrunketa mantentzen dute.

Sakabanaketarekin, presoei, eta horien urruntzearekin, beren senideei, sufriarazi nahi zitzaielako abiatu zuten oraindik mantentzen duten espetxe politika, eta gerora politika hori mantentzeko arrazoia ere horixe izan da: sufriarazi nahia, euskal presoen eta senideen sufrimendutik elikatu nahia. Eta hortik etekin politikoa ateratzea ahal izatera. Ez dago beste arrazoirik. Eta euskal presoak Euskal Herritik 250 kilometrora dauden espetxeetan kokatzeak ere asmo bera du, presoen eta beren senideen sufrimendutik elikatzen jarraitzea eta ahal bada etekin politikoa lortzea. Badirudi zerria bezala lokatzan ihalozka erosoago daudela.

Eta, hala ere, ez dugu etsiko, Manex; gure destinoa ez delako haien amorrua asetzea, geure bidea egiten jarraitzea baizik, minaretean zintzilik, 7K-ko erredakzioan, zure etxeko edo ziegako leiho ertzean... Hala bada, har iezadazu azken ipuintxo hau opari; zinez eskertzen baitizut urteotan duzunik eta gauzarik preziatuena, zure denbora, eskaini izana. Besarkada bat eta sarri arte.