NOV. 11 2018 IRITZIA Bizikidetasuna amagoia mujika Elkarbizitza. To hitz puska. Astuna begitantzen zait, arrastaka eramateko nekeza, karga duelako eta ez delako borobila, zuloz eta puntaz josia baizik. Eta nola hainbestetan eta hainbestek intentzio okerrarekin aipatu duten, zeharka begiratzen diet ahotan hartzen dutenei. Ez naiz asko fio «elkarbizitza» esaten duenaz. Albistegietan eta ekitaldi politikoetan aipatzen duten «elkarbizitza» horrek handia behar du, helmuga zaila omen baita. Azkenaldian, baina, gehiago kezkatzen nau besteak, txikiagoak, egunerokorako janzten dugun bizikidetasunak. Ez dakit ez ote gabiltzan eskasian. Arrandegikoak kontatu du, minduta, pareko bizilaguna erretxin samarra dela. Behin baino gehiagotan etorri omen zaio kexaka, goizean goiz soinu gehiegi egiten duela-eta. Goizero, artean espaloiak jarri gabe daudela, arraina deskargatzeko furgoneta gerturatzen du arrandegira eta furgonetaren zaratak esnatu egiten du bizilaguna. «Hori gutxi ez eta atzo berriz etorri zen kexaka, arraina mozteko erabiltzen dudan matxetearekin sekulako zarata egiten omen dudalako!». Barregura ematen du, tristea den arren. Plaza eder horretan bizi den emakumeak, berriz, aspaldi gaizki lo egiten du. Hor bertan jaioa da eta betidanik entzun ditut plazako kanpaiak ordua ematen. «Doinu ederra dute». Orain, baina, gauez kanpaiak isiltzea erabaki dute, zenbait bizilagun kexatu egin delako. Eta, berak, kanpairik gabe, ezin lo egin. Harrituta dago. «Gaur egun ez dugu ezer aguantatzen». Auzo apartatu horretako baserritarra, berriz, kezkatuta dago. Azken urteotan etxeak eta etxeak egin dituzte inguruan, lehenago bakartia zen bere baserria inguratzeraino. «Paraje zoragarria eta lasaitasuna» jarri dute kartel handi batzuetan etxeak saldu nahi dituztenek. Eraikitzailea etorri zaio gaur, baserri alboko etxeak saltzeko arazo handiak dituela esanez. «Jendea kexatu egiten da, abereen usaina, belar-bolak, simaurra... kiratsa egoten da eta baserri inguruak ere ez daude oso txukun. Jendeak ez du hori ikusi nahi etxeko terrazara ateratzen denean». Kezkatuta geratu da baserritarra, ez dakielako seguru kexa horiek noraino iritsiko diren. «Jende honekin, gauza onik ez». Barre-murriak alde egin dio orduan, aurrekoan ahuntzek alde egin zutenean gertatutakoaz akordatuta. Ahuntzek alde egin zuten, beti bezala. Eta non azalduko eta terraza dotoreko etxe moñoño horietako igogailuan. «Menudo susto», egin zion errieta bizilagun batek haserre. Eta berak pentsatu zuen ahuntzak ere beldurtuta zeudela, beti mendia egon zen tokian ez zutelako ja mendirik topatzen alde egiteko. Bai, bizikidetasuna eskasian dago. Hobe genuke txikitik lanean hastea, eguneroko hori hobetzea. Behin hortik hasita, bestea, handi hori, etor daiteke. Hitz handia da elkarbizitza, karga handikoa. Azkenaldian, baina, ekitaldi politikoetan eta albistegietan aipatzen den elkarbizitza handi horrek baino gehiago kezkatzen nau besteak, txikiak, egunerokorako janzten dugunak. Sentipena daukat bizikidetasuna eskasian dagoela.