Maitane Aldanondo
lau ekintzaile, lau arrazoi

Ekitea, zalantzaz beteriko bide asetzailea

Askotariko arrazoiak daude norberaren lanpostua sortzearen atzean. 7K-ri beren bizipena azaldu dioten ekintzaileek gazi-gozo ugari gordetzen dituzte bizkar zorroan, baina ez zaie damutzen egindako hautua. Adorez eta ausardiaz egin diete aurre finantzabide beharrei, beldurrari, zalantzei... Eta datorrenari.

Gizonezkoa, 35 eta 45 urte artekoa, goi mailako ikasketak eta errenta dituena. Hori da Global Entrepreneurship Monitor ikerketaren arabera euskal ekintzaile gehienen profila. Nahiz eta diagnosirako egokia izan, estatistikek ezkutatu egin ohi dituzte oinarri dituzten zenbakien atzeko pertsonak, baina beraiek dira euren ilusioa, denbora eta ahalegina behin gorpuztu zuten ideia bati eskaintzen dizkiotenak. Orriotan Ander Aldekoa, Maider Alzaga, Eneko Garate eta Naiara Retegi agertzen dira; lau adibide, beste asko bezala. 30 eta 40 urte arteko adina dute eta hilabetetik hamarkadara arteko negozio baten ardura.

Zergatik ekin? Aipatu txostenaren arabera, motibazioak bi faktore uztartzen ditu: aukera eta beharra. Premia ekonomikoaz ari bada ere, bestelako beharrizanak ere badira: sena, aukera falta, grina, borrokatzeko gogoa...

Ander Aldekoa getxoztarrak odolean darama ekintzailetza. Nabari Textil du egun esku artean, baina aurretik beste asmo batzuk izan ditu, eta jakin badaki etorkizunean ere gehiago etorriko direla. Txikitatik denetarik egin du: asmakizun bitxiak gauzatzen saiatzeaz gain, ordenagailu haizagailuak saldu ditu online, euskal kulturari buruzko webgune bat eduki du «eskuin muturrak suntsitu zuen arte», marketin digitaleko enpresa bat... 11 bat urte zituela Preston Tucker enpresari eta auto diseinatzaile estatubatuarrari buruzko “Tucker” filma ikusi zuen ikastolan eta handik urte batzuetara, bera saiatu zen auto marka euskaldun bat sortzen. Kapitala, lantaldea... beharrezko guztia biltzen saiatu zen; baita erakundeen babesa lortu ere finantziazioaren %60 ipintzeko, baina ez zen gai izan gainerakoa batzeko. «Ez nekien nora jo. Asmo handiegia zen eta utzi egin nuen. Kasualitatez, hurrengo urtean Hiriko sortu zen». Amore eman beharrean, akats bat aukera bilakatu zuen handik gutxira. Figuringile ikastaro batean izena eman zuen, figurante lana egiteko zelakoan; modari buruzkoa zen, ordea. «Akats batzuk bete izanaz harro nago». Hura izan zen ehungintza enpresaren hazia. Salgai dituen poloek feromonak askatu eta erabilerari buruzko informazioa duen txip bat dute. Zeukan guztia jarri du proiektuan, ez zeukan dirua izan ezik.

Maider Alzaga usurbildarrak ere moda munduan dihardu; baina ekintzaile bokaziorik ez du. Pasio du jantziak sortzea. Ez du gogoan noiz piztu zitzaion su garra, baina moda diseinua bere bidea zela bazekien txikitatik. Kosta zitzaion lortzea. 18 urterekin gurasoek ezetz esan zioten moda diseinuari eta barne diseinua ikasi zuen. Orain, eskertzen du, «txori asko nituen buruan». Lau urte geroago, ezezkoa baiezko bilakatu zen eta Bartzelonan nahiz Milanen ikasi ondoren, Ion Fiz-en lantegian sei hilabetez jardunez ikasi zuen enpresek nola funtzionatzen duten. 2008an bere izena duen marka sortu zuenetik, bere larrutan bizi du ardura hori. Oihal eta hari artean ibiltzea bere ametsa bazen, bere kabuz aritzea ez du inoiz nahi izan. Gurasoak autonomoak ditu eta beti ezegonkortasun ekonomikoa ezagutu du, «hilabete batzuk oso gogorrak ziren. Garbi nuen hori ez nuela nahi, eta ikusi...». Diseinatzaile lan aukerarik ezak behartu zuen bide hori hartzera. Atzera begira jartzeak korapiloa eragiten dio urdailean eta orduko beldurra pizten dio. «Oso txikia sentitu nintzen mundu handi batean. Non nengoen ez jakiteko sentipena nuen». Hamar urteko ibilbidean marka eta bera eskutik heldu dira eta bere tokia topatu duela uste du.


Heltzeko denbora eman. Bertigorik gabe, pedalkadaz pedalkada kilometroak egiten joan da Eneko Garate zarauztarra. Txirrindularitzazaleak Bilbon Libros de Ruta argitaletxea eta online denda sortu zuen 2012an lagun batekin. Kirol honetan berezitutako liburuak erosteko zailtasunak zituztela ikusita, hutsunea betetzea bururatu zitzaien. Bi bazkideek bestelako lanak zituzten eta ahal zuten denbora eskaintzen zioten proiektuari, «edizio lanak-eta oporretan egiten genituen, ez genuen geure burua estutzen». Hala ere, ondo egin nahi izan dute beti, «zerbait profesionala». Bidean jabetu ziren halako liburu berezituek zailtasunak dituztela merkaturatzeko, dendetan ikusi ere egiten ez zituzten askoren berri baitzuten; eta ondorioz, eurenak ez direnak ere saltzen dituzte hasiera-hasieratik. Horrek ahalegin handiagoa eskatu die, liburuak stockean eduki behar baitituzte, baina bezeroekin harreman zuzena ere eman die. Gutxika jarri dutenez dirua, ez dute gehiegi nabaritu. 2016an, ordea, aldaketa unea heldu zen: salto egin ala itxi. Garatek bazkideari bere zatia erosi eta profesionalizatu egin zuen proiektua, buru-belarri jardunez. «Ez dakit gorputzak, bihotzak edo buruak esaten zidan ‘utzi halakoak, oxigenatu, eta beste lan bat hasi ilusionatzeko’». Proiektua poliki gauzatu izana egokiena dela pentsatzen du editoreak, asmoak heltzeko denbora behar baitzuen.

Zituene pasta obradorea da su motelean ondutako beste egitasmo bat. Naiara Retegi errenteriarraren motorra izan ziren bizitza filosofiarekin bat egiteko nahia eta asebeteko zuen lan baten zain egotearen nekea. Ingurumen zientziak ikasi zituen eta Kooperazio master egin, baina lan merkatuan ez du inoiz bete duenik topatu. Bizirauteko enpleguak utzi eta «gauzak ondo egiteko» beharrak bultzatuta, beste balio batzuetan oinarritutako zerbait sortzea bururatu zitzaion. Nekazaritzarekiko interes berezia eduki du beti, eta masterrak, elikadura mundura zabaldu zuen, «goseteak eta halakoak arazo politikoa direla ulertzeak»; osagai horiek haztegi bat sortu zuten. Elikadura burujabetzaren aldeko elkarte batean praktikak egin eta hainbat proiektu ezagutu zituen. Bere bidea hori zela jakin zuen. Iker Eizagirre bikotekideari ere ilusioa sortu zitzaion eta biak hasi ziren orain hiru urte ideia garatzen. Lurrik izan gabe lehen sektorean aritzea zaila denez, transformazioa aukeratu zuten, eta pasta, elikagai nahiko oinarrizkoa delako, egiten erraza eta azpiegitura handiegia behar ez duena. «Posible genuen beste edozer egin, helburua da hemen sortzea gure elikagaiak, kalitatezkoak, guk aukeratuta eta gure modura». Apirilean zabaldu zituen ateak.

Arantzak eta loreak. Motibazioa bezala, laurek ez dute abiapuntu bera izan, ezta bide bera ere. Hala ere, komunean dituzte bizipenaren zenbait argi-ilun. Izan ere, ez baitira salbu egon beraien ilusioa zapuztu duten kolpeez. Alzagak hastapenetan topatu zuen adarra jo eta bere ametsaz aprobetxatu zen jendea, aukeren truke dirua eskatzen ziotenak. Urteekin haiek atzematen ikasi eta ikuspuntua aldatu du, moda inguratzen duen itxurakeriari ihes eginez. «Usurbilera noa, pertsiana jaisten dut, muga jarri eta ez dut ezer jakin nahi». Aldekoari ere ziria sartu diote askotan. Enpresa sortzeko dirurik ez zuenez, ia dozena bat inbertsore topatu zituen leku susmaezinenetan. Erabaki horren ondorioz, askotariko azpijokoak bizi izan ditu. «Lapurtu, iruzur egin, boikotatu... denetarik egin didate». Berak ere zoritxarretatik ikasi eta aurrera jarraitzen du. Harriz beteriko bidea da, oztopoz josia, oso luze eta zaila; baina baita asetasunez betea ere. Atsekabeak atsekabe, bideak zoriontsu egiten nau eta hori nuen helburu».

Oztopo horiei beste batzuk batzen dizkio ohiko bidetik kanpo aurrera egiten saiatzeak. Are gehiago neska gaztea izanik. Retegik dioenez, «behin baino gehiagotan enpresa munduan dabilen jendeak gutxietsita sentitu naiz. Ia denak gizonezkoak, helduak eta neoliberalismoan itsu-itsuan sinesten dutenak. Oso era kondeszendientean tratatu naute, inuzente ezjakina banintz bezala emakumea, gaztea eta idealista naizelako. Ez dute serio hartu jarduna eta egiteko modua. Horri gehitu behar zaio elikaduraren arloan aritzea, oso gutxietsita dagoena; burtsa, teknologia eta halako gauza ‘serio eta garrantzitsuetan’ ibili beharrean». Ideien kontra egin eta hondoratzen saiatzen direnei aurre egin beharra ere suertatzen zaie ekintzaileei. Errenteriarrari lagungarria izan zaio ikusmolde bereko jendea topatzea Koop Fabrikan –ekonomia sozialeko kooperatibak sustatzeko formakuntza programa- edota 111 lagun ezagunen zein ezezagunen bermea lortzea Coop57ren bidez –ekonomia sozialeko proiektuei bideratutako finantza-zerbitzu kooperatiba–.

Ekiteko kemena beraiek jarri badute ere, ingurukoen sostengua ezinbestekoa gertatu zaie denei, bereziki, ekonomikoa. Sartzen dena baino diru gehiago irteten denean, bikotekideak edo familiak hartu ohi du ardura. Aldekoak, esaterako, bost urte daramatza «xentimorik ikusi gabe»; are gehiago, asteburuetan bestelako lanak egiten ditu eta irabazitakoa Nabariri eman. Amak laguntzen dio, ahal duen heinean. Zitueneko arduradunek ere soldatarik ez dute izan proiektuaren hiru urteotan. Gurasoek lokala erosiz lagundu zieten eta senide baten etxean bizitzeak eman die arriskatzeko aukera. Sosez harago, jaso duten jarraitzeko adorea eta konfiantza ere nabarmendu dute. Diseinatzaileak kasu, «pribilegiatua naiz. Gaztetan etxean eman zidaten babesa eta gero bikotekideak. Haiek gabe, ezer ez». Garate ere emazteak animatu zuen profesionalizaziorako pausoa ematera. Oro har, diru kontuetan egindako inbertsioa zenbatekoa den ez dakite, eta nahiago dute hala izatea.

Askatasuna, hauspo. Oinaze hauen truke duten askatasuna balioesten dute. Inoren aurrean erantzun beharrik ez izatea, norberaren lanaldia antolatzeko malgutasuna, beharren edo nahien arabera. Guraso diren Alzagak eta Garatek haurren heziketarekin uztartzeko parada asko baloratzen dute: gaixo daudenean zaindu edo noizean behin ezohiko planen bat egin astegunetan.

Edonola ere, aukera horren ifrentzua diziplina beharra da. Baina ez dute arazorik. Lanorduetatik kanpo ere gustura mantentzen dute ardura. Eskariei erantzun, sare sozialak prestatu, edozein ezustekori erantzun... Editoreak, adibidez, online negozioa izanik beti adi egon behar du, «baina askotan nahi gabe egiten dut. Frantziako Itzulia bai edo bai ikusiko dut eta irabazten duenaren liburu bat badaukat, ez zait batere kostatzen momentuan txioa jartzea zorionduz eta liburuaren esteka jarriz, ea norbait sartzen den. Horren gustuko zerbait ez balitz, ez luke konpentsatuko denbora aldetik. Nahiz eta emazteak esan beti telefonoari adi nagoela».

Borroka etengabea da, baina proiektuan sinesteak bultzatzen ditu. Ezegonkortasun ekonomikoa da hutsune nagusia, ziurtatutako diru sarrera bat ez izatea, eta horri lotuta, ekimenari eusterik izango duten ez jakitea. Zalantzak «beldur etengabea» eragin eta indarrak ahitzen joan arren, behin eta berriro erabakitzen dute jarraitzea.

Nekeak neke, lauretako inori ez zaio damutu ekin izana. Akaso, urteotan hartutako erabakiren bat edo beste aldatuko lukete. Izan ere, ziurgabetasuna gaindituta, beraien jardunak asebete eta zoriontsu egiten ditu. Aldekoak dioen moduan, «gertatzeko aukera eman behar zaie gauzei. Galtzekorik ez baduzu, zergatik ez?».