7K - zazpika astekaria
MOTORRA

Diesel auto «zikinenak»


Aurreko aleetan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu diesel autoen isurketak murrizteko aurrerapen teknologikoek egoera nabarmen hobetu dezaketela, eta gaur egungo arazorik larriena kalean dabiltzan auto zaharrena dela, hirietako kutsaduraren %90 beraien errua baita.

Diesel auto «zikinenak» zeintzuk diren jakitea ez da gauza erraza, batez ere orain arte ekoizleek CO2 isurketen berri besterik ez zutelako ematen, eta gauza jakina da zuzenean osasunarentzako kaltegarriagoak diren elementuak badirela, batez ere partikulak eta NOx gasak.

«Dieselgate» izeneko eskandalua lehertu zenetik, hainbat erakundek marka eta modelo desberdinen kutsaduraren neurketak egin dituzte, autorik «zikinenak» zeintzuk diren ezagutzera emateko eta, egia esan, emaitzen artean hainbat ezusteko aurki dezakegu.

Ikerketa horien emaitzak aztertzen hasi aurretik, hainbat gauza hartu behar dugu kontuan, batez ere zifra asko eskaintzen delako eta irakurketa zuzena egitea nahiko korapilatsua gerta daitekeelako. Horrela, lehenik eta behin, kontuan hartu behar da azterketa guztiak WLTC sistema erabiliz egin direla, hau da, neurketak baldintza errealetan eginez, eta emaitzak oso urrun geratzen direla ofizialki eskaintzen diren kopuruetatik.

Bestetik, litekeena da gaur egun auto «garbien» artean aurki dezakegun ekoizle batek orain dela urte batzuk asko kutsatzen zuten autoak egitea, beraz marka bat ez da beti «garbia» edo «zikina», egoera aldatzen joan daiteke.

Eta azkenik, ekoizle bati buruzko datuak bere modeloen batez bestekoaren emaitza dira, eta modelo zehatzak banan-banan aztertzen hasiz gero, emaitzak oso bestelakoak izan daitezke.

Zehaztapen hauek egin eta gero, goazen emaitzak ikustera. Orain arte azterketa sakonenak egin dituen erakundea Transport & Environment (T&E) gobernuz kanpoko erakundea da eta ondorio nagusia zera da: Europako marka guztiek saltzen dituztela Volkswagen markakoak baino auto kutsakorragoak.

Izan ere, emaitza onenak lortzen dituzten autoak Volkswagen markakoak dira, eta bere atzetik, hurrenez hurren, talde berekoak diren Seat, Skoda eta Audi. Emaitza txarrenak lortzen dituzten markak, ordea, Fiat, Suzuki, Renault-Nissan-Dacia, Opel eta Hyundai dira.

Hala eta guztiz ere, ikerketa berberak zera ondorioztatzen du: marka guztien NOx isurketek Euro 6 araua (80 miligramo kilometroko) gainditzen dutela, eta ez gutxigatik. «Garbienek» bikoiztu egiten dute muga, eta «zikinenek» 15 aldiz biderkatzen dute (ikus alboko irudia).

43 milioi auto «zikin»

Hasieran esan bezala, ordea, honek ez du esan nahi sailkapena beti horrela izan denik, eta deigarria da Volkswagen marka dela orain arte auto kutsakorrenak saldu dituena, baita Renault eta Peugeot ere. T&E erakundearen iritziz, diesel «zikinak» gehienezko mugak hiru aldiz gainditzen dituzten autoak dira, beraz gaur egun 43 milioi auto dira kategoria horretan sartuko liratekeenak.

Horietatik gehienak frantses Estatuan daude, 5,5 milioi guztira (Gobernuak urte luzez bultzatu du gasolioak CO2 gutxiago isurtzen zuelakoan), eta atzetik segika ditu Alemania (5,3 milioi), Britainia Handia (4,3 milioi), Italia (3,1 milioi) eta Estatu espainola (1,9 milioi).

Autoen kutsadura aztertu duen beste erakunde bat Alemaniako ADAC automobil kluba dugu eta deigarria da auto «zikinen» artean gasolinarekin ibiltzen diren bi modelo aurkitu dituela: Opel Corsa 1.0 Di Turbo Ecoflex eta Ford Focus RS. Dieselen artean gehien kutsatzen dutenak hauexek lirateke: Renault Captur dCi 90, Dacia Sandero dCi 90, Hyundai i20 1.1 CRDi, Renault Talisman Grandtour dCi 130 eta Kia Optima Sportswagon 1.7 CRDi.

Auto «garbien» artean daude BMW 118d Steptronic, BMW 520d xDrive Steptronic, Land Rover Discovery Sport TD4, Seat Ateca 2.0 TDI 4Drive DSG eta Mercedes E220d 9G-Tronic, guztiak 40 mg baino gutxiagorekin. ADAC erakundeak BMW 118d nabarmentzen du, oso gutxi kutsatzen duelako NOx filtroa bakarrik erabiliz. Beste marka batzuek, sistema garestiagoak erabili arren (SCR sistema katalitikoa, adibidez), gehiago kutsatzen dute. Beraz, ADACen ustetan, eskapeko isurketak kontrolatzea baino garrantzitsuagoa da motorraren garapen egokia egitea.

 

65 urte bete dira Seat etxeak bere lehen autoa ekoitzi zuenetik.

1953ko azaroaren 13an irten zen Bartzelonako egoitzatik Seat-en lehen automobila, 1400 izenekoa, hasiera emanez gaur arte luzatzen den ibilbide oparoari. Hasiera hartan, bost auto besterik ez ziren egiten egunean eta salmenta prezioa 117.000 pezetakoa zen (703 euro). Gasolinaz mugitzen zen 1,4 litroko motorra zuen, 44 zaldikoa, eta gehienez har zezakeen abiadura orduko 120 kilometrokoa zen. Motorra aurrean zuen, trakzioa atzean, eta garai hartarako hainbat aurrerakuntza zituen, hala nola karrozeria monoblokea. Hamaika urtez egon zen merkatuan eta 98.978 unitate saldu ziren.

 

Jaguarrek F-Type modeloaren edizio mugatua kaleratu du 70. urteurrenerako.

Orain dela 70 urte kirol-autoak egiten hasi zela ospatzeko, Jaguar etxe britainiarrak F-Type modeloaren edizio mugatua kaleratu du, Chequered Flag izenekoa. Gasolina motorrarekin erosteko aukera izango da, bi bertsiotan; lau zilindro eta 300 zaldikoa eta sei zilindro eta 380 zaldikoa. Biek zortzi martxako Quickshift abiadura aldagailu automatikoa dute eta kanpoaldean Black Design Pack izeneko ekipamendua dute (faldoi zabalagoak eta 20 hazbeteko gurpilak). Jaguarren lehen kirol-autoa XK 120 izan zen eta 1948an merkaturatu zen.

 

Montesa Cota trialeko motor ezagunak mende erdia bete du.

Montesa Cota trialeko motor ezagunak 50 urte bete ditu eta, urteurren hori ospatzeko, 50 unitatera mugatutako edizio berezia merkaturatu du. Gaur egun Honda etxearen esku dagoen marka katalanak 1968an plazaratu zuen trialeko bere lehen motorra, Cota 247 izenekoa. Bere ezaugarri nagusia, erregaiaren depositua eta eserlekua pieza bakar batean eginak zeudela zen, eta hala jarraitu zuen urte askotan. Berrogeita hamar urte hauetan, bertsio desberdinak egin dira eta gaur egun Estatu espainolean hainbeste denboran merkatuan jarraitzen duen motor bakarra da. Guztira 160.000 unitate ekoitzi dira.