amagoia mujika
IRITZIA

Garaiz

Irratian ari ziren lehendabiziko musuari buruz. 80 urte inguruko emakume batek deitu eta detailez kontatu du bizitza osoan bidaide izandakoak eman zion lehen musua. Trenean zihoazen, arratsalde-pasa ondoko herri batean egiteko asmoz. Trena tunelean sartu zenean, ilunetan, eman zion musu berezi hura. Eta berari ikaragarri gustatu zitzaion. Begiak itxi eta bere burua tunel hartako gozoan imajinatzen duela pentsatu dut.

Duela urte eta erdi joan omen zitzaion bidaidea albotik. Hasperen egiten du. Eta eman zion azkeneko musua ere kontatu du. Ohean zegoen senarra, pattal samar. Etxeko guztiak inguruan, larritasunaren jakitun. Ahul egonagatik, ohetik altxa, sukaldean azaldu, gerritik heldu eta esan omen zion, «gaur San Valentin, maiteminduen eguna. Gaur torloju-muxu bat eman behar diogu elkarri». Eta halaxe egin omen zuten. Ordu gutxietara itzali zen, betiko. Kontatu du batzuetan, sofako kuxina besoetan estutu eta bolero bat dantzatzen duela begiak itxita, maitearekin egiten zuen moduan.

Ukituta geratu naiz. Ez dakit noiz erabaki genuen torloju-musuak gaztetasunaren dohaina zirela. Iragarkietan irudikatzen dituzten musu perfektuegi horietan gazteak eta lirainak baino ez direlako agertzen izango da, akaso.

75 urte inguruko emakume batek kontatzen du bere bikotekidearekin izandako harreman sexualetan, onenak azkenak izan zirela. Zergatik? Ba biek garbi samar zutelako amaiera gertu zegoela, gaixotasunak presentzia handiegia zuelako egunerokoan. Horregatik, elkar maitatzen zuten aldiro, azala azalarekin, arnasa arnasarekin, intentsitate izugarriarekin egiten zuten, azken aldia izango zelakoan.

Beti da garaiz sexualitatea bizitzeko. Jaiotzen garenetik hiltzen garen unera arte sexudunak gara. Hori askotan entzun arren, baina, oraindik ez dugu erabat sinisten. Ez dugu uste haur bat sexuduna denik eta aztoratu egiten gara horrela dela konturatzean. Berdina pasatzen zaigu adineko pertsonekin. Onena da pentsatzea une batean uko egiten diotela beren izate sexudun horri, erantzi egiten dutela, dagoeneko ez dutela adinik horrelako gauzekin pentsatzen aritzeko. Gorritu egiten gara pentsatze hutsarekin.

Baina beti da garaiz sexualitatea bizitzeko, norberak nahi edo ahal duen moduan, baina bizi. Zenbat daukagun ikasteko...