MAR. 31 2019 IRITZIA Argudioak zulatu amagoia mujika Etxe batzuetan migratzaileak derrepente ikusten dituzte. Orain arte ikusezinak ziren haientzat eta, bat-batean, begien aurrean paratzen zaie etxeko aitona edo amona zaintzera etorri den neska hori. Izenik ere ez du izaten, «neska» edo «zaintzailea» izaten da askotan. Ez dakit, izena eta izana duen pertsona bat bezala ikusteak bertigoa emango balie bezala. Ezagun batek aipatu dit azkenerako etxeko langile bat hartu behar izan dutela, egoera asko korapilatu dela eta aitona-amonak ezin dituztela etxekoek bakarrik zaindu. Paraguaikoa dela zaintzailea. «Badakizu? sekulako dirulaguntzak izaten dituzte kanpotik etortzen diren horiek. Askoz errazago ematen dizkiete laguntzak». Arnasa sakon hartu dut. Batzuetan, nagia ematen dit horrelako eztabaidetan sartzeak. Hizketan hasterako, nekea. Baina isilik geratzeko aukera ostikada bat bezala sentitu dut sabelean, eta bete-betean sartu naiz. Kostatu zait. Lagun baten lagunaren kasua aipatu dit; ez dakit zein egunkaritan irakurri duela; aurrekoan telebistan ere esan zutela... eutsi eta eutsi, badakit ez dudala konbentzitu, baina dagoeneko bere argudioak ez dira hain sendoak, zulatu egin ditut pixka bat. Eta berak ere airea galdu du, dagoeneko ez da arrazoi osoa duela uste duen puxika harroxko hori. Arnasa bere onera etorri gabe nengoela topatu naiz lagun batekin. Haserre omen dago, alaba nerabea Martxoaren 8ko manifestaziotik sekulako lainezarekin bueltatu zelako. Hark kontatu omen zion manifestariek iseka egiten zietela bidean topatzen zituzten gizonezkoei. Tira, nik ez nuela halakorik ikusi esan diot. «Feminista hauek batzuetan pasatu egiten dira». Emakumeen borrokak denak mugitu ditu tokitik, bertan goxo zeudenak, zeuden tokian zeudela. Kafe baten bueltan aritu gara, feminismoak erritmo eta modu guztiak behar dituela, dena dagoela egiteko, aldatzeko, mugitzeko. Bakoitzak bizitzak jarri duen toki horretatik egin behar duela bultza... azkenerako iruditu zait pixka bat adiskidetu dela feminismoarekin. Azkenaldian, dena VOXen errua dela iruditzen zait. Pulamenturik gabeko argudioak astindu eta denak airean jartzeko daukaten abilidadea sekulakoa da. Bere sinplean, ultraeskuinaren mezuek herritarren beldurrik eskasenak, miserableenak, pizten dituzte. Zaborrontzian arakatzea maite dute, ustez ustelduak ziruditen eztabaidak berritzea. Eta horretarako ez dute argudio handirik behar, lauzpabost ideia xume nahikoa dituzte herritarren emozio makurrenak elikatzeko. Faxistak dira bai, baina iruditzen zait hori behin eta berriz esanda ez direla kikilduko, isilduko edota desagertuko. Arrazoi osoa dutela uste duten puxika harroxko horiek argudioekin zulatu beharko dira. Azkenaldian, dena VOXen errua dela iruditzen zait. Pulamenturik gabeko argudioak astindu eta denak airean jartzeko daukaten abilidadea sekulakoa da. Bere sinplean, ultraeskuinaren mezuek herritarren beldurrik eskasenak, miserableenak, pizten dituzte