7K - zazpika astekaria
MEHATXUPeAN DAGOEN ALTXORRA

Bolintxu, Bilboko azken erreka basatia

Bolintxu Pagasarri mendiaren ekialdeko magalean dagoen erreka labur eta aldapatsua da. Askoren iritziz, Bilboko azken haran basatia da, zaindu beharreko altxor naturala.Orain, Supersur autobidea handitzeko lanek txoko hori ukituko dute eta eztabaida sortu da. Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak ezinbesteko lana dela azpimarratzen du; bestetik, hainbat gizarte-taldek gelditu beharreko proiektua dela diote.


Erythronium dens-canis», basoetako lore goiztiarra.

 

Udaberriko lehen egunak. Buiabidean hasi eta Bolintxu errekaren bazterrean nabil astiro, sanjose-loreen artean. Bakea. Okilari entzuten diot “tok-tok-tok” dabilela. Irribarrea. Mariorratzak gora eta behera dabiltza ur gainean, patruilatzen. Harridura. Ezkur bat, erditik zabalduta, ernatzen ari da. Misterioa. Oharkabean, presara iritsi naiz eta ur-jauziari erreparatu diot, zuria, zeta itxurakoa. Edertasuna.

Horrelakoa da Bolintxu erreka, betidanik aisia- eta bainu-lekua Bilbo inguruko jendearentzat; batez ere, bere urtegia. Zoritxarrez, urmaela 1983. urteko uholdeen ondorioz desagertu zen harriz eta lokatzez bete zelako; manposteriazko harresia eta ur-jauzia, berriz, mantendu egin dira eta jende asko joaten da bertara paseoan edo Pagasarri mendirantz.

Uhandre marmolairea (“Triturus marmoratus”)

Bolintxuren gatazka. Haran estu eta eder horretatik Supersur autobidearen zati berria igaroko da eta gatazka piztu da gizartean.

Supersur Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen ordainpeko autobidea da. Bilbo Handian egunero dagoen ibilgailuen trafikoa arintzeaz gain, zenbait autobide (AP-8, A-8, AP-68) hobeto lotzea eta Bilboko portuarekin merkantzien garraioa erraztea dira bere helburuak; nahitaezko lana, agintarien iritziz. Lehen zatia, Santurtzitik Iturrigorri-Peñascalera (Bilbo) doana, 2011. urtean zabaldu zen. Bigarren zatia, Iturrigorri-Peñascaletik Arrigorriagara doana, iragan den urtarrilean hasi da egiten. Tarte berri hori 4,7 km luze da, 180 milioi euro balioko du eta hiru azpizati edukiko ditu: Arnotegi mendiko tunela, Bolintxuko biaduktua eta Seberetxeko tunela. Biaduktua, 160 metro luze, errekaren gainetik 40 metrora egongo da eta esan gabe doa harantxoaren estetika betiko aldatuko duela.

Horren aurka aurkeztu dira Supersur Handitzeari Ez! plataformako kideak (talde ekologistak eta auzo-elkarteak). Diotenez, Supersur ez da beharrezkoa eta, gainera, oso garestia da. Lehen faseak 800 milioi euro balio izan zuen eta 2018. urtean, adibidez, Aldundiak espero zuena baino askoz ere gutxiago erabili da (automobil kopurua %50etik beherakoa da eta kamioiena, herena). Bigarren fasearen kostua 180 milioi eurokoa da eta, plataformako kideen iritziz, erabiltzaile kopurua mantendu egingo da, hots, gutxiegi.

Marrubiak (“Fragaria vesca”)

Gainera, Bolintxun gertatuko diren ingurumen-inpaktuak asko izango dira. Bizkaiko Foru Aldundiak ere aitortzen du hori, baina ahalik eta txikienak izango direla adierazten du. Horretarako, neurri zuzentzaileak hartu ditu; besteak beste, biaduktuak zutaberik gabe eraikitzea eta lanetan sortuko diren lokatzak zazpi dekantazio-putzutan batzea, errekara irits ez daitezen.

Plataformakoek, berriz, beste ikuspuntu bat dute. Biaduktuak, esaterako, 136 luminaria izango ditu; horien argiak Bolintxun bizi diren saguzarrak (horien artean, bost espezie babestu) kaltetuko ditu. Bestetik, mugituko diren lur asko euri-urak eramango ditu errekaraino; lohi horiek uretako ornogabeen eta arrainen zakatzak oztopatu, eta animaliok arnasteko zailtasuna pairatuko dute. Ezin ahaztu ere Buiako eta Seberetxeko auzotarren bizimodua zeharo aldatuko dela, duda barik.

Mariorratza (“Sympetrum sp.”)

 

Bizitzaren paradisu ezkutua. Bitartean, aberastasun biologiko itzela duen haran goroldiotsu horretan bizitzak aurrera jarraitzen du. Erreka ondoan haltzadi ederra dago (Europar Batasunak babestu egin du baso mota hori). Haltzekin batera lizarrak, hurritzak eta astigarrak daude, bai eta ereinotz batzuk ere. Adarretatik aihenzuriaren eta endalarren lianak kulunkatzen dira eta lurrean sanjose-lore goiztiarrak, otsababak, kuku-prakak eta beste landare asko eta asko loratzen dira. Goroldio eta iratzeen aniztasuna ere ikaragarria da; horien artean iratze tropikalak dira aipatzekoak, Wodwardia radicans, kasurako. Espezie bakan hori duela 50 milioi urte inguru sortu zen, Europako klima beroagoa zenean, eta gaur arte bizirik iraun du amildegi epel eta heze gutxi batzuetan. Horregatik da espezie babestua Euskal Herrian eta Europa osoan.

Baso-igel iberiarra (“Rana iberica”), espezie babestua.

Maldetan hariztia nagusitzen da, baina artadi kantauriarra eta pinudi helduak ere badaude, txilardi, otadi eta mendiko larreekin batera. Habitaten nahaste horrek aterpea eta janaria eskaintzen dizkie basabereei, bai ugaztunei (ipurtats urria, basakatua, lepahoria, orkatza, azeria...) bai hegaztiei (aztorea, gabiraia, lepitxulia, okila...). 9 narrasti espezie identifikatu dira Bolintxun (eskulapio-sugea, suge biperakara...) eta 6, anfibioen kasuan (txantxikua, arrabioa, uhandre marmolairea...). Horietako bat iberiar baso-igela da, Iberiar Penintsulako endemismoa. Igel txiki hori oso leku gutxitan bizi da Euskal Herrian eta arrisku bizian dago erreketako kutsaduragatik edo baso- zein azpiegitura-lanengatik.

Hiritarrok aparteko toki hori estimatzen dugu eta horregatik bizirik nahi dugu Bolintxu.

Joseba Barandiaranek, Potojorran Bertso Eskolako kideak, sentimenduz idatzi duen bezala: Pagasarriko uren/ jauzi eta magal/ negurako aterpe/ udarako itzal./Okilentzako egur/ zomorroen ezpal/ Bilboko naturgune/ harro bezain apal.

Gure garapenak Bolintxuri eragingo dio; espero dugu, berriz, Bilboko paradisu ezkutu horrek erasoari aurre egin eta iraungo duela eta betirako mantenduko dela eder eta harro.

Suge biperakara gaztea (“Natrix maura”)