JUN. 09 2019 IRITZIA Garrantzia ala inportantzia GALDER PEREZ Garrantzitsua da buruan dantzan dabilkiguna, inportantzia handiko kontua. Garrantzirik kendu gabe, eman diezaiogun, bada, afera honi merezi duen inportantzia. Sinonimoak izan arren, ideia ezberdinak adierazten dituzte “garrantziak” eta “inportantziak”. Nire ustez, “inportantzia” terminoak pisu handiegia du, bere buruari garrantzi handiegia ematen diola dirudi. Inportantzia terminoa guztiz esnob sentitzen da, dotore, besteen gainetik bere (h)egoak astinduz gailentzen da. Ageriko harrokeriaz eta barreneko patetismoaz, VIP terminoaz jabetzen da. Garai batean sekulako pisua zeukan pertsonen klasifikazio horrek, baina gaur, azkenean, zer eta hegazkin, aireportu eta diskoteketarako soilik balio duen etiketa da. Gainera, ia gauza guztiak bezala, ordainduz gero, edonork izan ditzake marka zaharkitu horrekin doazen pribilegioak. “Inportantzia” terminoarekin pentsatzen dudanean, patatak datozkit burura. Berriz ere patatak, patatak eta patatak. Grazia egin izan dit beti patatas a la importancia esaten zaion platerak; umoretsua eta gutizia, aldi berean. Orduan, imajinatzen dut VIP patata, harro-harro, txuleta eta bisiguari mespretxuz begiratzen, «ni zuek baino inportanteagoa naiz», esanez. Hortxe omen dago koxka, garrantziaren fokuan, inportantzia zeri ematen diogun, horrek baldintzatzen ditu portaerak, etiketak eta jokabideak. Bere buruari inportantzia gehiegi ematen dioten horiek konplexuz betetako izakiak dira, pertsonarengandik gero eta urrutiago bizi direnak. Badira abokatuak, edozein lorezain edo baserritar baino askoz inportanteagoak direla uste dutenak. Badira, kargu bat hartuta, lankide izandako edonor zapaltzeko gai direnak, batez ere haiek baino azkarragoa den inor. Poeta askok ere beren burua oso inportantetzat dute, fularra beti airearekin dantzari izango balute lez. Inportantzia bila dabilenak, badaki sare sozialetan atentzioa ederki bereganatzen. Bistan da, nork bere buruari besteen aldean gehiegizko inportantzia ematea baino gauza negargarriagorik ez dago. Tira, bai, badago: ingurukoek hori sinestea, txalotzea eta hauspotzea, pertsona hori benetan inportantea dela puztea. Ai, halako zenbat ikusten ditugun egunero inguruan. Eta halako zenbatek beteko dituzten datorren astetik aurrera gure udaletako aulkiak. Datorren larunbatean zenbat jainko txikik hartuko duten herri eta hirietako alkate makila. Inor baino inportanteago diren ustetan paratuko dira argazki kameren aurrean, makilari ezin gogorrago eutsiz, eskua izerditan, ia odola atera arte (besteen odola, noski). Antzerkigile eta txistulari handiak zioen bezala, aginte makila, alkatearen zakila, herritarren ipurditik haiek nahi gabe sartuta, bortxatuta, zuzen kokatuta dela uste du izaki inportanteak. Baina bukatuko da inoiz ipuina, eta makila bihurtuko da eztena, zuzena. Garrantzizkoena ez baita izaki inportante baten posea, bortxaz sartutako makila ateratzeko herriaren uzkiaren orroa baizik. Inportantzia bila dabilenak, badaki sare sozialetan atentzioa ederki bereganatzen. Bistan da, nork bere buruari besteen aldean gehiegizko inportantzia ematea baino gauza negargarriagorik ez dago. Tira, bai, badago: ingurukoek hori sinestea, txalotzea eta hauspotzea.