JUL. 21 2019 LUMA BERRIEN AZTARNAK Bustiko al naiz? Aste Santuko oporrak. Aurten ere Mediterraneo aldera, eguzkiari bisita egitera. Egunsentiko izarrak ez du-eta asmatzen Durangaldeko Suitza txikian burua nondik atera. Anboto gainean da txapela. Mari txizalarri ote da? Pello Zabalak halaxe du iragarri. Eta berandu baino lehen, hobe dut maleta prestatzen hastea. Gabardinarik ez dut ezertarako nahi. Ezta aterkirik ere. Koloretako minigonak eta bainujantzi loreduna: udaberrirako aukerarik aproposena. Eta sexyena. Ez al da hala? Zereginaren erdian zalantza: Zer egin? Ordenagailua hartu ala ez? Ez, agian ez. Eta egin beharreko guztiak noiz? Ezin hartu jai? Hau da hau marka! Oporretarako ere ez naiz gai. Ezin joan lasai? Bai, agian bai! Ze arraio! Oporrak opor! Opor? Autoan noala konturatu naiz agenda daukadala bor-bor. Ez da besterik kabitzen hor: paseatzera atera, eguzkia hartu, irakurri, dendetako azken eskaintzen artean galdu, aspaldiko lagunekin pote batzuk hartu, jatetxeetara bazkaltzera edo afaltzera joan... Errutinen esklabo bilakatzen naiz, oporretan ere bai. Erlojuaren orratzen aurkako lasterketan borrokan, erronkaz erronka. Zenbat kilometro egin dituzu gaur? Zenbat denboratan? Kronometroaren presiopean bihotz taupadak presaka, birikak arnasestuka. Nora noa itsu-itsuka? Telefono hotsa: Lagunaren deia, Mediterraneotik. Hau bai sorpresa! Ala zorterik eza? Tanta hotza dugula mehatxuka. Ezin dela etxetik atera, bete-betean harrapatu dituela, plan gehienak zapuztuko dizkigula, urteroko beste lagunak etorri ala ez zalantzan daudela, dena pagatuta daukagula, ditxosozko pultsera behar bezala igerileku inguruan aprobetxatzerik ez dugula, telebistarik ere ez dabilela... Ezta telefonoa ere antza... Bateria gabe geratu naiz. Seinalerik eza ez al da etxera itzultzeko seinale? Lastima, ordenagailua ekarri ez izana! Iso ala arre? Parabrisa martxan jarri eta egin diot errepideari aurre. Egin nahi dut korri, baina alperrik. Ez da ezertarako giro. Poliziak, radarrek, telefonoek, errepideetako seinaleek eta gainontzeko autoek... denek egin dute alde. Bakarrik gaude tanta hotza eta biok, parez pare. Dena dago off. Horregatik eman diot USBaren botoiari on: “Orain itsasoa gara” dio abestiak. Eskutik eskura dabil ura eta itsasoa dugu eskura. Egun on, Eñaut Elorrieta. Zazpiak ken zazpi minutu dira. Eta kafea hartzeko ordua iritsi da. Zerbitzugunea. Autoa geratu, plastikozko poltsa bat buruan jarri eta autotik atera naiz. Kristalezko atearen bestaldeko kafe usainak aldartez aldatu nau. Barrura sartu, kafesnea eskatu eta bazter bateko mahaian eseri naiz euri iturri atergabeari so. Nire pentsamenduek eguraldiarekin bat egin dute. Tanta zaparrada sentitu dut ganbaran ate joka, baina poliki-poliki ordenatzen eta baretzen hasi dira ideiak. Zergatik izaten dugu eguna ekintzez hornitu beharra? Gelditzeari, mugimendu ezari, ezerezari, hausnarketari beldurra ez ote diogun pentsatu dut. Gelditzeak hausnarketarako bideak ireki ohi ditu, statu quoa irauliz edota ideia idorrak ureztatzeko parada eskainiz. Eskerrak eman beharrean nago beraz tanta hotzari, kafesne beroa hartzeko gonbita egiteagatik. Leihoaren bestaldeko putzua erreka bihurtu da eta errepideko zenbait kono errekan behera datoz, prozesio bateko kaputxinoak bailiran. Mediterraneo aldean, kanpoan ez ezik etxe barruetan ere euria ari duela esango nuke. Irratiko esatariak dioenez, hainbat prozesio bertan behera geratuko dira. Sinestunen negar malkoentzat ere ez dirudi aterrunerik irekiko denik. Haserretutako ur-jauziaren azpian gauden kopak gara. Nori demontre bururatu ote zitzaion, ura ardo bihurtzen zuen azti hura gurutziltzatzea? Hemen duzue mendekua: Ura nahi zenuten... ba hor duzue uholdea! Edan ezazue mozkortu arte! Odolaren ordainetan, har ezazue ura zuen bekatu denak garbitzeko. Iritsi zaizue berpizteko aukera: berritzekoa. Jesukristo igande batez berpiztu zen eta ni oraintxe bertan, kafesnearen azken tantak eztarrian behera hondoa hartu eta kanpoko zein nire barruko aterruneek bista argitu didaten une berean. Kafesne usaina atzean utziz eta haren berotasuna nire eginez, autoan eseri naiz indarberriturik. Hirurogei minutu eta ehun eta hogei segundo helmugara iristeko. Tarte luze horretan irudi bakarra buruan kulunka: Itsasoa. Dagoeneko bertan naiz. Hutsik daude karrikak, bakar-bakarrik kaia. Zaparradak dena irentsi du, gelditu, moteldu, baretu. Lur usaina dago; olatu hotsa euri hotsarekin deman. Sinfonia paregabea entzungai itsasbazterrean. Itsasoari begira neure buruarekin egotea besterik ez dut desira. Hondartzako harea dena ez da erloju batean kabitzen. Dunek aske izan nahi dute. Eta nik ere bai. Itsaso bete ur daukat eskura. Aprobetxatu egingo dut. Bustiko naiz? B(L)AI! Amaia Gorostiza Basterretxea Elgoibar (1977). Hitzekin jolastea nuelako maite Kazetaritza ikasten hasi nintzen. Baina irudiaren indarrak erakarrita, Ikus-entzunezko Komunikazioa egiten amaitu nuen. Harrezkero, biak ditut bidelagun. Izan ere, irudi batek milaka hitz iradokitzen dizkidan gisan, hitz bakarrak irudi zaparrada amaigabea dakarkit irudimenera. Bietatik edaten dut, biekin jolasten eta biei esker gozatzen.