7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Zoriona


Denborak dena aldatzen eta berritzen du, etengabean zahartuz eta sortuz doalako berria. Harria bera ehotzen baitu denborak, eta beste gai batzuk bihurtzen ditu harri; geu ere harritu egiten gaitu batzuetan denborak, edo besteengan harridura sortzeko modukoak bihur gaitzake. Sentipenak ere aldatu egiten ditu denborak, batzuk zakartuz eta besteak gozatuz, handituz, ahulduz, harrizko hormen ostean gotortuz edo xalo-xaloan esku zabal eskainiz...

Garaiekin eta belaunaldiekin aldatu egiten dira zorion iturriak, eta gizabanakoen duela mende erdiko zorion motiboek eta gaurkoek ez dute, seguru asko, zerikusi handirik. Ez dute zergatik izanik eta izan beharrik, gainera, zoriona berdin delako zorion, baldin eta zorion bada, motiboa gorabehera.

Zorion iturriaren bila egiten dugun bidaia izan daiteke bizitza bera. Arazoa da parean pasa eta ikusi gabe aurrera jarraitzen dugula gehienetan, iturri hori beste lekuren batean dagoela pentsatzen dugulako. Eta, aurkitu eta parean geratuta ere, iturri horretatik ezpainak bustitzea aski dute batzuek, baina ito arte edan arren ezin dira ase beste batzuk. Edo atzo ase gintuenak gaur zapuztu baizik ez gaitu egiten.

Denok ditugu bizitzan momentu bereziak, bizitzako momenturen batean astindua eragin digutenak, inork halakoez galdetutakoan berehala oroimenera etortzen zaizkigunak. Dramatikoak izan daitezke batzuk, eta haien kontaketan sendatze moduren bat bilatzen dugu; pozgarriak izango dira besteak... Oroimen batzuk ahazteko edo moldatzeko gaitasuna dugu, eta beste batzuk edertzeko edo asmatzekoa. Egunero asmatzen den zerbait ere badelako bizitza, etorkizuna oraindik eta beti egiteko dagoen neurrian behintzat.

Iraganean noizbait zoriontsu sentiarazi gaituen gertakaria gogora ekarri, denbora bat eta leku bat eman, ahotsa ezarri eta berriz biziarazteko ahalmen mirarizkoa du memoriak. Esaiozu fantasia, esaiozu zoramena edo nahi duzuna, baina egun batez, edo astebetez, ordubetez... zoriontsu egiten bagaitu une iragan bat gogoratzeak, ahalik sarriena oroitu behar genuke.

Bere bizitzan asterik gozagarriena eta urterik zoriontsuena zein ziren galdetuta, etxean txerria hiltzen zuten astea eta ezkondu zen urtea zirela erantzun omen zuen batek. Baina, zoriona bizitza osorakoa nahi izanez gero, baratze bat ipintzea gomendatu omen zuen, Joxe Antonio.