Banaketa
Euskal Kulturgileen Kidegoaz, EKKIz, hizketan ari ginela birgogoratu nuen zerk galtzen eta zerk irabazten gaituen. Sortzaile gisa geure lan eta irudiaren onurak orain arte nork eta nola ustiatu dituen gogoratzeko, behinik behin, balio izan digu elkarrizketak. Baita EKKIrantzako behin betiko pausoa emateko ere.
«Euskal herrian rock-and-rollak ez du dirurik ematen», lehen bezalaxe eta idatziz, sortuz, antzeztuz, margotuz, filmatuz eta zizelkatuz bizi direnek ere askotan lan handiagoa izaten dute edo dugu egiten dugun lana justifikatzen, helarazten eta legalizatzen, lana bera egiten baino.
Kultura kontsumitzea garestia dela dioten askok kulturagatik zenbat ordaintzeko prest dauden uzten dute agerian. Hutsaren hurrena edo asko jota, aurrekoa. Inbertsioa zer den, zer dibertsioa eta zer ezinbestekoa sailkatuxea daukagu honezkero eta normalean kultura ez da pole positionean egoten. Kultura entretenimenduarekin parez pare jartzeko ahaleginean garaipena lortu dute edo lortzear daude mundu mailako definizioak sortzen dituzten entitate, enpresa eta marrazoak. Doan ikus genitzake serieak sarean eta neguan hotz egiten du zinema atarietan; telebista bera den zirkua ikusiz askok antzerki dosia aseta izaten dute eta ez dute teloia noiz altxatuko zain egon beharrik kanalez aldatzeko. Erakusketa gela eta garbi usaineko museo asko erdi hutsik egoten dira artea ulertezina omen delako eta kontsumo eta ulermen argi eta azkarrekoa ez den guztia pisuegia egiten zaigulako; konplexua irreala egiten zaigu, errealitatea sinplea balitz bezala. Liburuen azala altxa liteke lehen orrian arkatzez idatzitako zenbakiaren arabera neurtzeko geure irakurtzeko gogoa. Gero, tortilla pintxoa ahoan, esango dugu ez dagoela eskubiderik halako liburu finak halako salneurria izateko. Pentsatzen dut ia edonork dakiela normalean idazle batek zein ehuneko txikia jasotzen duen bere liburuaren salmentagatik. Ederki sartu digute orain ere ziria, geure artean labankadaka eta gutxietsikadaka ibiltzeko.
Kulturarentzat bideratzen den diru kopuruak eta kopuru horren banaketak ere badu honetan guztian eragina. Ikusi beharrik ez dago zer jartzen den eskura, bista-bistan, esne-bideraino argiztatuta eta zer uzten den taberna txiki mikro zahardun ilunetarako. Xarmadunak, azken hauek, zalantzarik gabe. Baina ez dira B aldea, A eta B aldea dira B plan hauek.
Hau ez da, jakina, diskoekin, bertsoekin eta argazkiekin bakarrik gertatzen. Sagarrak, ogia eta olioa ere garestiegi ez ote diren galdetzen digute bekainek zenbait salneurri ikustean, eta pentsa, letretakook ere zenbakiekiko fijazio erridikulu samar bat gara genezake halakoetan. Txikle pakete bat erosi berritan.
Eta sagar bati begira laburtu daiteke erlatibitatearen teoria ere. Edo grabitatearena, nahi bezala. Sagar horren egile eskubideak arbolak izango ditu, noski, baina ez ditu erreklamatzen. Katebegiaren lehen lerroan dagoen eskuak zenbat jasotzen du sagarrarengatik? Eta azken eskuak? Eskuetan hartzen ez duenak eskuratzen du onura handiena. Bitartekariak. Geure eskuetan dago, alferrik dira bitartekariak. Orain hasten da aldaketa. 0 kilometroan.