Abiada
Harategian nengoela sartu da, zalapartaka. Dozena bat arrautza hartu eta «zenbat da?». Harakina nirekin ari da, mozteko makinan. «1,90 euro». Bi euroko txanpona mostradorean utzi eta korrika atera da. «Hor utzi dizut dirua, hartu bueltak zuretzat. Presaka nabil». Hitz neurtuko harakinak kopeta zimurtu du, «emakume hau beti dabil presaka. Marka da gero». Isilik geratu naiz, ni ere askotan ibiltzen naizelako presaka.
Netflix esperimentu bat egiten ari dela irakurri dut. Eskaintzen dituen serie, pelikula eta dokumentaletan «abiadura aldakorra» jartzeko aukera probatzen ari omen da. Alegia, pelikula bat azkarxeago edo mantsoxeago ikusteko aukera eskaini nahi omen du. Orain artean horren traba izaten omen zen ahotsa distortsionatu egiten zela, baina nonbait arazo hori konpontzea lortu dute. Beraz, bi orduko film bat ikusi nahi eta ordu eta erdi baino ez badaukazu, abiadura azkartu eta konpondu dezakezu arazoa. Bestea, mantsoago ikustearena, hizkuntza bat ikasi nahi dutenen edo gauzak detailez ikustea gustatzen zaienen mesedetan izango omen da.
Akaso oker egongo naiz, baina iruditzen zait arrakasta handiagoa izango duela azkarxeago ikusteko aukerak. Ez dakit dagoeneko ez ote zaigun ahaztu mantsotzeko botoia non genuen ere. Lan azkarra, lan kaskarra. Bai, azkar joan beharrarekin detaileak erortzen zaizkigu poltsikoetatik.
Inguruko nerabeek irudiak eta gertaerak irensteko duten modua ikusita garbi daukat ez dutela digestiorik egiten. Pantailaren aurrean jarri eta hatzarekin arrastatzen dituzte; lagunen parrandak, Mediterraneoan erreskatatutakoen begien larria, Txileko istiluak, bota batzuen iragarkia, asteburuko kedada, txiste matxistaren bat, desagertutako emakume horren berria... dena segidan, dena azkar, dena plano berean, dena ohean etzanda dauden bitartean. Irudi zarata horren erdian, zein da geratzen den arrastoa?
Filosofiako irakasle batek irratian kontatu du ikasleak World Press Photo sariketaren erakusketa ikustera eraman dituela. Harrituta geratu dela bere ikasle nerabeek erakusketa areto horretan osatu duten ikuskizunarekin. Denak isilik, ordu eta erdian, argazki bakoitzaren aurrean paratu eta behatzen. Bakoitza bere erritmoan, bere norabidean, bere pausoan. Irakasleak esan du zoragarria izan dela.
Egiatan, mantsotzeko botoia non dugun topatu beharko genuke berriro. Teknologiak azkartasuna jartzen digu eskura eta azkartasuna askotan estutasunari lotzen zaio sokaz. Gauzak azkarrago egiteak ez du patxadarako denbora ekartzen, gauza gehiago egiteko denbora baizik. Zaratatik apartatu eta isiltasunari eta patxadari begietara begiratu beharko genieke.