Adituak
Adituz betea dago mundua, mundua ordenatzeaz arduratzen diren adituz betea, mundua eta mundutarrak ilunpe honetan galduak baikeundeke adituen argirik gabe. Klimari begira dauden adituak, itsasoaren sakonera eta espazioaren goienera begira daudenak, uraren kalitateari erreparatzen diotenak, gizarte joerari, hizkuntza gutxituen egoerari, gizabanakoon joerei… zeri ez diote begiratzen adituek? Hainbeste dira, izan ere, dauzkagun beharrak eta ilunpeak!
Eta aditu horiek guztiak izango dira beharrezko, ezinbesteko kasik! Adituen iritzirik gabe ezin baitugu erabakirik hartu ere egin, ezin ezer egin eta ezer konpondu adituen itzaintzarik gabe. Jendarte ingeniariak direla ere esan liteke adituez, jendetzaren egonezinak eta konponezinak zuzentzen, bideratzen, zentzatzen asmatzen dutenak dira. Eta hori ez da edozer gauza, ezin dezake edonork egin, ez da nahikoa jakintsu izatea ere. Jakintsu baino gehiago da aditua, eta eskerrak! Galduak ginateke bestela.
Mundu handitik gure mundu txiki honetara jaitsita, zaletasun berezia dugu, premia izan liteke beharbada, korapilo politikoak askatu behar direnean aditu taldeei dei egiteko. Eta ez da, noski, politikari faltan gabiltzalako. Baditugu politikariak, zahar eta gazteak, ibilbide luzekoak eta laburrekoak, eskarmentudunak eta bestelakoak… Baina ez da nahikoa, nonbait, beren arduran eta jardunean aurkitzen dituzten korapiloak askatzeko, eta adituei dei egiten diete.
Ez da gauza berria; joan den mendeko laurogeiko hamarkadan ere adituak deitu izan zituzten, mundu osoko adituak nonbait, hemen bakea nola egin zitekeen esan zezaten. Eta orain ere adituen argiaren zain egon gara, EAEko estatutu berriaren inguruan zerbait nahi genuelako, eta adituak zintzo aritu omen dira, konplexua omen zen egitekoa, baina bete omen dute lana, eta orain asma ezazu zer den hori guztia…
Beti espero daiteke espero ez duzuna gertatuko dela, baina ez dugu ikasten eta beste zerbait espero dugu beti, eta ustekabean harrapatzen gaitu. Kaketan plost! beti, eta hala ere ezin etsi, eta adituen taldeak deituko ditugu hurrengoan ere, jendartea eta mundua konpontzeko argi egin diezaguten, eta horrela itzultzen gara abiapuntura.
Adituei buruzko adituak beharko genituzke, Eider, nola funtzionatzen duten jakin dezagun aurrena.