Esan dezatela
Abenduaren 10ean hitzaldia egin zuen Jose Ramon Lopez de Abetxuko preso ohi gasteiztarrak, Txema Matanzas abokatuarekin batera, EHUren Arabako campusean. Espetxean gaixorik diren pertsonen egoeraz aritu ziren, horixe zen helburua. Euskal presoentzat espresuki diseinatutako baldintzetan hogeita hamar urtez espetxean egon ondoren larriki gaixoturik kaleratu zen Abetxuko 2018ko uztailean. Badu, bada, bere esperientziatik, gai horri buruz zer esana.
Hautsak harrotu zituzten batzuek, hizlaria Abetxuko zelako, biktima egile izan delako preso ohi hau. Epaileak ez zion debekurik ezarri, baina etikoki auzitan jartzeko modukoa iritzi zion jeltzaleren batek, eta ez duela, gainera, gustuko honelako pertsonaiak irakasgaiak ematen saiatzea. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari ez zitzaion iruditu legearekin debeka zitekeenik ekitaldia, baina ikuspuntu etikoa eta zerako zerak eta abar...
Inorenak debekatzeko eta isilarazteko joera eta tentazioa berea du aginteak, eta mugarik gabe erabili izan da eta erabiltzen da tentazio hori euskal presoen eta preso ohien ahotsa isilarazi eta lausotu nahian. Oraingoa ez da izan, beraz, salbuespena, eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ez du originaltasun handirik erakutsi.
Proposamen bat egiteko ausardia izan nahi nuke, Erkorekak etikoki zapuzten ez badit, eta berak bultzatu dezala ekimena, nik baino irismen handiagoa duelako seguru asko. Hitzaldiak eta hitzaldietako gaiak eta hizlariak ugaltzea eta bultzatzea proposatuko nioke. Zehatzago esateko, azken bost-sei hamarkadetan komisarietatik igarotzean torturatu dituzten milaka pertsonei buruzko hitzaldiak ematea, eta hizlariak torturatzaileak izatea, proposatzen diot. Ertzaintzaren komisarietan torturatzen aritu direnen artean aukeratu ditzala, hasteko, hitzaldi emaileak, eta esan dezatela zer egin duten, nola egin duten, noren babesa izan duten...
Ez daitezela isildu, Gregorio; ez dezagun inor isilarazi. Hitz egin dezatela torturatzaileek, azaldu dezatela zer egin dieten komisarietan milaka atxiloturi, eta nola egin duten. Torturatzaileek torturatu dutelako hemen, eta torturatzaile horiek aurpegia eta ahotsa dutelako, torturatzaileek torturaz asko dakitelako, azaldu dezatela plazan, EHUko campusean edo Legebiltzarrean, nahi duten lekuan; torturatzaileek aitortu eta azaldu dezatela zer egin duten.