JAN. 26 2020 IRITZIA Datuen ostekoa JOKIN URAIN Duela hamabost egun egin genituen egundoko manifak Bilbon eta Baionan. Ondoren eman zituzten parte hartzaileen kopuruak eta ikusi genuen egundokoak izan zirela, kolosalak, duela urte batzuk egin zen hura legez. Egun bertsuetan egunkari eta komunikabideetan ikusi genituen espetxeei, presoei eta senideei zegozkien erreportajeak, kopuruz josiak, egundoko zenbatekoekin, izugarrikerien zifrekin. Errealitateak azaltzeko modua da kopuruak, ehunekoak eta zifrak ematea. Etsipenerako datuak irudi dezakete zenbaki eta ehuneko handietan oinarritutakoek, kilometro amaiezinetan eta denbora epeetan kontatutakoek: adin handikoak, gaixoak, hogei urtetik gora espetxean daramatenak, bostehun kilometrora edo urrunago daudenak, bisitara joan eta bueltan itzultzeko errepideetan bi mila kilometro egin behar dituztenak... Zer moduz zegoen galdetuta, «ondo», erantzun zigun aurrekoan preso batek, bisita kabinako barroteei esku biekin helduz; «beste ebakuntza bat egin zidatek, eta polipo batzuk kendu...». Urte hasieran kaleratu den presoetako batek kontatu zigun erredentzio batzuen eskean epaitegira jo zuenean etxekoei ezer ez esateko eskatu ziola abokatuari; ez zien itxaropenik sorrarazi nahi senideei, erredentziorik ezean zigorra luzatu eta haien ametsei beste zaplazteko bat emango zielako. Ez da denbora asko bere ama ikustera ekarri zutela beste preso bat. Adin handikoa du ama, ezindua dago espetxera bidaiak egiteko... Ama ikustera ekarrita ordubete inguruz etxean eduki ondoren eraman egin dute atzera. Ez daki noizko emango dioten hurrengo baimena eta noiz ekarriko luketen berriz. Ama bizi den bitartean etxera itzultzeko nahiak bizi du; bera bizi den bitartean alaba etxean izateko itxaropenak eusten dio bizirik. Kartzelan ere jaiotzen dira euskal herritarrak, eta haurrak diren artean erauzten dizkiete besoetatik guraso presoei; eta guraso presoen besarteetara itzultzeko errepideetan milaka kilometroak egitera zigortzen dituzte haur euskal herritar horiek. Haurraren negarra beti hunkigarri, kantatzen zuen poetak, Olatz, eta are hunkigarriago urruntasun behartuan, Patxi. Hunkigarri ez ezik urragarri direlako askotan datu soiletan ikusten asmatzen ez ditugun errealitateak. Datuak ahaztu ondoren geratzen den banakako errealitate lazgarrien kopuru handia. Kartzelan ere jaiotzen dira euskal herritarrak, eta haurrak diren artean erauzten dizkiete besoetatik guraso presoei; eta guraso presoen besarteetara itzultzeko errepideetan milaka kilometroak egitera zigortzen dituzte haur euskal herritar horiek.