FEB. 02 2020 estanpak Familia zer den Aita eta ama. Huraxe izan da (eta izaten jarraitzen du Mendebaldeko gizarteetan, bederen) familia eredu ortodoxoenaren zutarria. Gizon-emakumeen elkarketatik osatutako giza talde partikularra, norma heterosexualari eta erlijiosoari hertsiki lotutako etxegune moralez betea. Arauak hausteko ere badirela esan zuen behin norbaitek eta beste askok zorrotz jarraitu zuten mandatua, eredua ez delako beti jarraitu beharreko plantilla, modeloa. Are gutxiago, etengabean eraldatzen ari den gizarte baten bizitzan. Erreportaje honetako irudiak Vienako Dom Museoan ikusgai dagoen “Family Matters” erakusketatik ateratakoak dira (abuztuaren 30era arte ikusgai). Bertan, familiako eredu desberdinek norbanakoan eta gizartearengan dituzten eraginak nola islatzen diren azaltzen da. Guraso bakarreko familietatik, klan elkarteetara, aukeratutako familietara... Erakusketak familia bat izan daitekeenaren argazki konplexua erakusten du. Bidean, Erdi Aroko arte modernotik garaikidera bitarteko objektuak aurkezten ditu, hainbat euskarritan: eskultura, marrazkiak, pinturak, argazkigintza eta bideo-artea.