7K - zazpika astekaria
Quinta do Mocho, arte galeria bat kalean

Artearen borondate eraldatzailea

Emakume beltz bat emakume zuriaren maskara eranzten. Irudi adierazgarria da, baina ez bakarra. Esanahi boteretsua duten hamarnaka margolan ikus baitaitezke Lisboako iparraldean dagoen Quinta do Mocho aldirian. Kaleko arteak auzunea eraldatzea lortu du.


Emakume beltza eta emakume zuria. Bien artean, maskara bat. Nomen artista angolarraren obra da, auzotarren arabera, guztien artean garrantzitsuena, «gure historia laburbiltzen baitu». «Maskara horrek irudikatzen du auzune honetako biztanleek hemendik kanpo erabili behar dutena. Lan eskaintza baten aurrean, haurrak eskola batean matrikulatzeko, askotan helbide faltsuak eman behar izaten ditugu hemen bizi garela ez esateko», aipatu du Emanuela Kalembra gidak bertara egindako bisita batean.

Lisboako aireportua, urbanizazio berritu bat eta industriagune bat ditu inguruetan Quinta do Mochok. Auzuneko etxe gehienak 2000. urte inguruan sortu zituen Loures herriak 3.000 lagun bertan bizi zitezen. Bertako biztanleen gehiengoa Portugalek Afrikan zituen kolonietatik etorritakoa da.

Langabezia arazo larriekin eta delinkuentzia indize altuekin, Quinta do Mocho «zonalde debekatu» gisa ezagutu izan da. Auzuneak ez zuen garraio publikorik eta taxi gidariak ez ziren zonaldean lan egitera ausartzen.

Egoerari aurre egiteko xedez, 2014an Portugalgo eta nazioarteko hainbat artista gonbidatu zituzten eta gaur egun Europan dagoen kaleko arte galeria handienetako bat da. Bakearen usoa ostadarraren koloreekin margotuta, emakume afrikar baten erretratua turbante koloretsu batekin, Bob Marleyren irudi monokromatiko erraldoi bat… Jatorri desberdinetako artistek egindako margolanok gaur egun ehunka bisitari erakartzen dituzte Quinta do Mochora.

«Badakigu eraikinetako hormak margotuta ez ditugula gure arazo guztiak konponduko», nabarmendu du Kalembak, baina proiektu honek «aurreiritzi asko apurtu ditu» eta «auzokideen autoestimua handitu da». Tokiko agintarien arabera, eraldaketa honek autobus zerbitzu berria ekarri du, kultura ekimenak asko ugaritu dira eta delinkuentzia tasa behera doa. Nabarmen geratzen da, beraz, arteak daukan borondate eraldatzailea, bere zentzurik zabalenean.