MAY. 17 2020 IRITZIA Pertsonaiak JOKIN URAIN Egoera erosoan gaudenean, geure egonean edo arian gustura sentitzen garenean, irudipenak ere onak izaten ditugu normalki, sentipen onak, eta ingurua eroso egiten zaigu, ez dugu uste izaten arriskurik dagoenik eta egon litekeenik ere. Ez dakit hori bakarrik nahikoa den zoriontsu sentitzeko, baina hori gabeko zoriona herrena dela esango nuke; ingurua gabe ez gaude osorik, inguruarekin osatzen gara, inguru sozial eta geografikoarekin. Gu ingurua gara hurkoarentzat, hurkoa guretzat. Norbere buruarekin osatzen dugun ingurunean desorekak sumatzen ditugunean hasten da ondoeza, fisikoa edo emozionala. Bakoitzak duen arduraren mailak zerikusi zuzena du, seguru asko, sentitu dezakeen ondoezean. Eta ondoezean hasten gara susmoak pizten, albokoaz susmo txarrak egiten, aurrean dauzkagunez ere bai, aholkuren bat eman nahi digunaz are gehiago… Denboratxoa daramagu –ingurune tenporala– ingurune sozial deserosoan, aztoratuan, desorekatuan, despistatuan… Agintariak –ardura maila handia dutenak–, ingurune soziala ahalik eta egoera erosoenera itzularazi nahian ikusten ditugu; irizpideak, arauak, aginduak ezarri dizkigute, eta inoiz ez bezalako arreta ezarri diegu beharbada, zer esango diguten zain, zer aginduko diguten begira… Sarri azaldu dira agintari politikoak telebistan, hangoak eta hemengoak, eta gutxitan azaldu dira euren gustuz. Otsailaren hasieran Zaldibarko zabortegiak bi langile azpian hartu zituenetik gaur artean gustuko agerraldi gutxi egin du Urkulluk. Ingurune sozial astinduak desorekatu dio erosotasuna. Telebista kameren edo mikroen aurrean adierazpenak egitean jartzen duen begikerak, betazpitik begira, zeharka begira… ez du gutxi esaten. Agian lehendik zituen bere arrazoiak aurkari politiko batzuez mesfidati izateko, baina azalpenak eskatzen dizkion edonortaz susmo eta errezelo txarrak egiten ere hasia dago, pentsatzen duenaren ispilu baldin bada bere begikera. Pantailaren bestaldean gauden guztiotaz susmo makurrenak dituenak bezala begiratzen du adierazpen batzuk egitean; eukaristian dagoen abadeak bezalako keinuak eta hizkera erabiltzen du bestetan, gu guztion bekatuak eta tentazioak ulertzen eta barkatzen dituela adierazi nahian-edo… Gero eta hobea iruditzen zait jaun hori, Goierri; komiki serie bat edo marrazki bizidunak egiteko pertsonaia aproposa. Otsailaren hasieran Zaldibarko zabortegiak bi langile azpian hartu zituenetik gaur artean gustuko agerraldi gutxi egin du Urkulluk. Ingurune sozial astinduak desorekatu dio erosotasuna. Telebista kameren edo mikroen aurrean adierazpenak egitean jartzen duen begikerak, betazpitik begira, zeharka begira… ez du gutxi esaten.