MAY. 24 2020 IRITZIA Maskarak eta odola GALDER PEREZ Futbol partidak baleude, beharbada ez litzateke gertatuko. Beharbada ditxosozko Espainiako Koroaren final horretako kopa norbaitek etxera eraman izan balu, lasaiago egongo zen amorruz betetako lehia. Baina ez. Hortxe oilar borroka, zer eta gure lurraldeen artean. Norbaitek esan zuen bezala, badirudi garai hauek gu denon artean haserretzeko egunak direla. Pikutara komunitatea eta elkartasuna. Baina aitortu behar dut, ezer ez dakit futbolaren eta oilar borroken gainean. Ez ditut gustuko norgehiagokak eta apustuak. Antzerkia nahiago, ez da sekretua. Fikzioa nahiago, benetan ulertzeko eta sentitzeko. Azken aste luze hauetan, denok egin dugu oroitzapenekin atzera bidaia, eta nik antzerki ikastaroetako hastapenetako esgrima ikastaroak gogoratu ditut. Burua babesteko kaskoa erabiltzen da esgriman, orain babes neurri gisa erabiltzen den pantailen antzekoa. Antza denez, horren atzean bezala dabil egunotan jendea floretea atera guran. Baina esgrimak gehiago du koreografiatik, borrokatik baino. Horregatik lehia hainbeste maite dutenek nahiago dute mosketarien ezpata, esgrimako floretea “marikegia” irudituko baitzaie, odolbakoa. Atzerako bidaia honetan, maskara ikastaroak ere gogoratu ditut. Antzerkian maskara aspaldi erabili izan da, naturako elementuen sinbolo gisa, adibidez. Edozein kasutan, izan Commedia dell’arte zein gaur egun, baina beti aktorearen begirada ezkutuan, gorputz osoarekin adierazteko eta komunikatzeko beharrez. Esaten da begirada dela arimaren ispilu. Halakorik ez sinestea nahiago, ispilua paretarekin konparatzea bailitzateke. Lehia nahi duenarentzat pareta eta ispilua aproposak dira, odola erraz ateratzeko modukoak. Egunotakoa sekulako maskarada izaten ari da, baina ez da gauza berria. Izan ere, politikari eta agintari askok aspalditik egiten dute antzerkia, txarra, baina antzerki moduko zerbait. Edozein ikuskizunekin gertatzen den bezala, ikuslearen esku dago sinetsi ala ez, txalo egin ala txistu egin, sarrera erosi ala etxean geratu, telebista piztu ala itzali. Odola izan ala ez izan. Antzerki maskarak taula gainean erabiltzean, teatroak teatroa bera teatralizatzen du. Baina osasuna babesteko erabiltzen ditugun maskara hauek begiak agerian uzten dituzte, benetako antzerkikoak ez bezala. Antzerkian begiak ezkutuan dira eta egunotan antzerki faltsua egiten dutenen irribarrea da ezkutatzen dena, ezer esaten ez duten odol begiekin. Izan ere, ez dakite barre ala negar egin, aspaldi nahastu baitzituzten generoak. Etengabeko vaudevillean baldarki ari dira dantzan. Herritarrontzat tragedia den bitartean, komedia musikal ukitua ematen diote gaur, melodrama bihar eta beti maskara antzerkia txotxongiloekin nahastuta, ikusleen izuaz baliatuta. Txikitan erakutsi ziguten txotxongiloen haria mozteko artaziak heldulekutik eskaini behar dizkiogula lagunari. Baina puntaren puntarekin, punta zorrotzarekin ageri zaizkigu maskara faltsuetako aginte aktoreak, odol guran bezala. Haiek antzerki generoak nahastu badituzte ere, ez ditzagun guk geureak nahastu. Izan ere, herriak izan behar du antzerki erraldoi honetan oihala igo eta jaisteko ahalmena duena, ez beste ezer, ez beste inor. Fikzioan odola ketchup-a da. Antzerkian begiak ezkutuan dira eta egunotan antzerki faltsua egiten dutenen irribarrea da ezkutatzen dena, ezer esaten ez duten odol begiekin. Izan ere, ez dakite barre ala negar egin, aspaldi nahastu baitzituzten generoak. Etengabeko «vaudevillean» baldarki ari dira dantzan.