Iragan loriatsuko sektorearen eraisketa
Leihoaren bestaldean eraikin guztiak erortzen doazela ikus daiteke “Fight Club” filmaren amaieran, Edward Norton eta Helena Bonham Carter aktoreak agertzen diren azken eszenan. Segundo horietan entzuten den kantua Pixies taldearen “Where is my mind” da. Martxoaren 14an, Europa atzean utzi eta etxera itzultzen ari zela, Marcos Garciari film ezagunaren amaiera apokaliptiko hura zetorkion burura. Euskal Herrian eta nazioartean disko berria aurkezteko prest dauden Cobra eta Liher musika taldeen managerra da, Ayuken musika bulegoko kidea. Europan barrena harrapatu zuen Pedro Sanchez presidente espainolak alarma egoera agindu zuen uneak, Liher taldearen furgonetan zihoala. Suitzako Basilean eskaini zuten gerora udaberriko birako azken emanaldia bilakatu dena, martxoaren 12an. Egun haietan, Italia koronabirusak eragindako krisia gordinki nozitzen ari zen Europako herrialde bakarrenetakoa zen. Horrexegatik, Italiako mugan dagoen Lugano suitzar hirian biharamunerako iragarrita zegoen emanaldia bertan behera uztea ez zen ezusteko handia izan, eta “Hemen herensugeak daude” birarekin jarraitzeko taldea Berlinerantz abiatu zen. Alemaniako hiriburura gerturatzen ari zirenean, ordea, kontzertu hura ere bertan behera geratzen zela adierazteko deia jaso zuen Garcia managerrak. Furgoneta bide bazterrean geldiarazi eta inork desio ez zuen erabakia hartu behar izan zuten: Atzera, etxera.
“Where is my mind”. Bidaideek non zuten burua programatu gabeko itzulera hartan? Akabo disko berria nazioartean aurkezteko ametsa; edozein musikariri burutik pasatuko litzaiokeen burutapena da. Hilabeteetako prestaketa lanak zakarrera; managerraren atsekabea ez zen ideia horretatik asko aldenduko. Etxera bidean, bidaiarien begirada galduan, furgonetaren leihoen bestaldetik “Fight Club” filmaren amaiera burura etortzea ez da harritzekoa. Egoeraren gordintasuna irudikatzeko metafora indartsua da, errealitatea krudela baita: udako saioak aipatu gabe utzita, Liher taldeak 24 emanaldi bertan behera utzi behar izan ditu. Egoera makurra diskoa aurkezteko eta bira eskaintzeko aurreko urte osoa lanean eman duenarentzat.
Emanaldiz beteriko uda osatzeko ametsa eraitsi zaion beste talde bat Skakeitan da. Euskal Herrira eta nazioartera begira zeuden, uda noiz iritsiko zain. Olatz Salvador taldekideak zehaztasun gordinez deskribatzen du egoera: «Disko honekin apustua egin genuen. Haritz Harreguy teknikariarekin eta Ruben Caballero ekoizlearekin diskoa grabatu genuen. Londresen egin genituen nahasketak. Inbertsio handia egin dugu eta zuzenekoak ziren zenbaki gorrietatik ateratzeko aukera bakarra. Udan zehar kontzertu asko genituen, 30 erreserbatik gora ikusi ditut egutegian. Tartean, uztailerako Asiatik barrena aurreikusita genuen bira: Mongolia, Korea, Japonia... Hainbat jaialditan jotzekoak ginen. Taldearen bilakaera oztopatzen du diru sarrerarik ez izateak».
Ezinegona, ezjakintasuna, ezintasuna. Marcos Garcia managerrari ezinegona areagotuz joan zaio, hilabeteotan: «Zuzenekoei berrekiteko agintariek osasun eta higiene mailako baimenak eman beharko dituzte. Une honetan talde gehienek udaberriko emanaldiak udazkenera atzeratu dituzte. Bulego gisa, data berrietan kokatu ditugu emanaldi ugari. Zer egin genezake? Salmentara atera? Eta zer baldintzatan, kontzertua emateko gehienezko ikusle kopurua zein izango den jakin ez badakigu? Zein izango da udazkenean indarrean egongo den araudia?». Galderak. Bata bestearen atzetik, galderak.
Gasteizko Kubik eta Jimmy Jazz kontzertu aretoetako 50 langile aldi baterako enplegu-erregulazio espedientean murgilduta daude. Ostalaritzari eta ikuskizunei loturiko aretoak izatean, ekaitz perfektua Iker Arroniz aretoetako arduradunarentzat eta bere lantalde osoarentzat. «Atzeratu edo bertan behera utzi ditugu 70 kontzertu. Gehienak udazken-negura pasa dira, eta lehen bi hilabeteetan gure lanaldia moldaketa horiek guztiak kudeatzera mugatu zen. Sarreraren dirua itzultzeko aukera eskaini dugu, eta beste kasuetan udaberrian erositako sarrera udazkenean baliagarria izateko aritu gara lanean. Martxoan eta apirilean horretan ibili ginen, eta maiatzean beldurra sartu zaigu. Denbora aurrera doa eta panorama ez dago batere garbi».
Gainerako industria guztiak bezalaxe, musikarena nazioarteko egoerari erabat lotuta dago. Kultura anglosaxoiak indar handia du musikan, eta atzerriko talde askori ateak zabaltzen dizkion aretoa Bilboko Kafe Antzokia da. Bertako langile Gotzon Uribek sektorea geldirik dagoela egiaztatzen du. Are gehiago, nazioarteko agentziak aurtengoa galdutzat ematen ari direla iradokitzen du. «AEBetako talde asko datorren urterako plangintza egiten dabiltza. Estatuko programatzaileak, bestalde, datozen aste eta hilabeteetan zein erabaki hartuko diren zain daude».
Zain dauden bitartean, beste alor batzuetan agertu diren asmoak deigarriak zaizkio Iker Arronizi.«EAEn badakigu uztailean hauteskundeak egingo direla. Bozketa gauzatzeko eta segurtasuna bermatzeko lan eta lan arituko dira. Eta nik diot, zergatik ez da beste sektoreekin horrela jokatzen? Gurearekin, adibidez. Ez da horrelako esfortzurik antzematen. Ziurtasuna behar dugun unea iritsi da. Datak, aukerak... jakin beharra daukagu. Bestela, zurrumurruen zulo beltzean murgiltzen gara eta ziurtasunik ez da inon ageri. Udazkenean zer-nolako emanaldiak eskaini ahal izango ditugun jakiteko uda osoan zain egon behar badugu, erotuko gara».
Aretoetako krisia arintzeko eskura dituzten baliabideak bi dira: langileentzat aldi baterako enplegu erregulazioa, eta autonomoentzat parekidea den laguntza. Horrekin nahikoa balitz, gaitz-erdi. Eraikinari eusteko komeriak iritsiko dira laster. «Gure industriara bideratutako laguntza zehatzak ez dira atera, eta aretoen erosketa edo alokairua garestia da. Euskal Herriko edozein hiriburutan 500-1.000 pertsonarentzako areto baten balioa bi milioi eurokoa da. Horren amortizazio plana, hamabost urtera begira, 10.000 eurokoa da hilabete bakoitzeko. 2020an jarduera lau hilabetez eten egin behar izan da, eta ondorengo hilabeteetan diru hori guztia lortzea ezinezko bihurtuko da». Errealitate latza zenbakiekin deskribatu eta gero, saihestezina zaio Europara begira jartzea.«Alemanian krisiaren lehen egunetik gobernuak autonomoei 5.000 euroko diru ekarpena egin zien. Aretoetan streaming bidezko saioak eskaintzeko aukera eskaini zaie... Hemen agindua den-dena ixtea izan da. Eta ondoren isiltasun administratiboa. Ezjakintasuna handia da, eta horrek askotan pentsamendu ezkorretara garamatza».
Ez dute hain erraz etsiko, eta udazkena ez dute galdutzat eman nahi. Nazioarteko emanaldiei begira, azarora atzeratu dute Cosmic Fest jaialdia. Gauzak ondo, Gnod britainiarrak eta IIVII estatubatuarrak Jimmy Jazzen ikusteko aukera izango da, Akazauzte eta Viborv euskal taldeekin batera. Baina datorren urtera arte zain izan beharko da, bestalde, Bad Religion Gasteizen edo Wilco Donostian ikusi ahal izateko. Bertako talde asko zuzenean ikusteko aukera egon daiteke, hurrengo hilabeteetan. Dena emateko prest baitaude, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jaso dituzten proposamenen arabera. «Aforo erdiarekin, kontzertuak ondo dimentsionatuta, jakin badakit artista asko egun berean bi saio egiteko prest dagoela». Emanaldiak eskaintzeko irtenbide argirik gabe, talde askoren jarduera ez dela jasangarria ohartarazten du Skakeitan taldeko Olatz Salvadorrek. «Oso egoera zaila da. Talde askoren jarduna jada ez da jasangarria izango. Hilabete hauetan zehar entsegu lokalaren erabilera ordainarazi diete hainbat talderi. Eta, beraz, utzi egin behar izan dute. Guk beste lan batzuk ditugu musikaz gain, baina laguntza guztia beharrezkoa izango da hau aurrera ateratzeko».
Musikari lotutako lanbide asko galtzear dira. Soinu hartzaileak, argiztatzaileak edo taula gaineko laguntzaileak lanik gabe geratu dira eta horiek bazterrean uztea galera handia izango da Iker Arroniz gasteiztarrarentzat. «Orain arte kultur industriako langile jendea oso baldintza kaskarretan aritu da lanean. Kasu askotan kontraturik gabe egiten zen lana. Eta sektorean 40 orduko oso lan hitzarmen gutxi daude. Musika alorreko langile asko esku bat aurrean eta bestea atzean geratu da. Bazegoen asteburuetan musikaren inguruan lanean zebilen jendea, astean zehar beste lantxo batzuk egiten zituena. Lan guztiak batuta, bizitzeko adina bazuen. Krisia iritsi denean, antolaketa hori guztia erori egin da. Eta, ikuspegi argirik ezean, musika alde batera utzi eta beste lanbideetara bideratu beharko dute etorkizuna. Hori kultur industriarentzat kaltegarria izango da».
Langile horiek ez dute euren alde presioa egin dezakeen ordezkaritzarik. Gabeziaz beteriko panorama grisean iritsi da koronabirusak eragindako krisia. Marcos Garcia managerrak lan erregulazio falta salatzen du. «Arte adierazpide guztien artean musikarena okerren araututakoa da. Sindikaziorik ez da egon, ezta mugimendu bateraturik ere. Ondorioz, eskubideak aldarrikatzeko eta eskuratzeko presioa egin dezakeen mugimendu indartsurik ez da sortu. Eta, zoritxarrez, egoera honetara iritsi gara. Osasun krisiak ekonomia krisia ekarri du eta musikaren sektorean arautu gabeko jarduera ugari dago. Gordinki esan behar da, B modura diru asko mugitu da. Ez da ezkutatu behar, eta ozen adierazi behar da hori. Kontratuak, egin direnean, oso urriak izan dira eta ez da sekula epe luzerako ikuspegia izan. Martxoan lehertu zen krisia, eta jakina da musikaren alorrean maiatza eta urria bitartekoa dela zuzeneko emanaldiak eskaintzeko garairik oparoena. Krisia iritsi zenean musika alorreko profesional ugari ez zeuden gizarte segurantzan alta emanda. Kaltetu modura laguntzak jaso ahal izateko asko eta asko kanpoan geratu dira: Musikariak, teknikariak, eta abar. Egoera honetara iritsita, laguntzak emateko sistema konplexua da. Eta zenbait kasutan, zitala».
Ildo horretatik tiraka, erakundeetako arduradunak buruan ditu Ritxi Aizpuru musika eragileak. Zuzeneko emanaldiak kudeatzen Euskal Herrian udan lan gehien egiten duen Baga Biga bulegoko langilea da. «Artista, sortzaile, bideratzaile eta profesionalak kinka larrian utziko ditu osasun alarma egoera kudeatu duten administrazio ezberdinen jokaerak. Kontzertuak eta kaleko emankizunak lehenak izan ziren osasun alarmaren adarkada jasotzen. Eta azkenak izango dira jarduera berreskuratzen. Kontzertuak izango dira, baina ez dakigu nolakoak eta zein baldintzatan egin ahal izango ditugun. Kulturak jasango du kolperik latzena. Artistek zuten azpiegitura sarea suntsitu egingo da, hein handi batean. Kulturari eskaintzen zitzaion diru eskasa, urritu egingo da beste zeregin batzuetara bideratzeko. Kultura askoren bizimodua da baina agintaritza politikoak aisialditzat hartzen du kultura eta ez dute aintzakotzat hartzen. Eta egiten dutenean keinu krudelekin erantzuten diote kultura sare gogotsuari». Zerbait egin edo lortu nahi bada, eskatuz hasi beharko da. «Eska daitekeena programatuta zeuden ekoizpenak mantentzea da, ahal denean egiteko. Udalei exijituko diegu datorren urteko festetan programatzen jarraitzea. Guri udako jaietako kontzertuak eta urteko plangintza pikutara joan zaizkigu. Hortik altxatzea zaila egingo zaigu eta dirulaguntzak beste alde batera begira jartzen baditu Jaurlaritzak, azpiegitura sendo batek azken kolpea jasango du».
Udako emanaldiak, babestu beharreko kultur jarduera. Lanaren antolaketa eta estrategia oro airean dago, musikaren industrian. Baita udako festetako eta ziklo ezberdinetako programazioa ere. Babestu behar den udako kultura jarduera dela defendatzen du Marcos Garcia managerrak. «Emanaldiak aire librean kontratatu zituzten erakunde publiko eta jai batzordeen kasuan, emanaldiari eustea ideala litzateke. Errealitatean, erakunde publikoa 4.000 lagunentzat aurreikusita zuen emanaldia bertan behera uztea lehenesten ari da. Ikusle kopuru mugatuarentzat emanaldia antolatzeko aukera bazterrean utziz. Udan 1.000 edo 1.500 pertsonarentzat egin daitezkeen kultura ikuskizunak bermatu behar diren iritzikoa naiz. Babestu behar den kultura jarduera da, eta hori ahalbidetzeko moduak bilatu behar dira».
Sektorearen eraiste maila larri honetara iritsita, rewind azkarra egiteko botoia sakatzeko amesten ari da bat baino gehiago. “Where is my mind”, Pixies taldearen garaiko iragan loriatsuarekin lotuko gaituen konexio horren bila. Eta egunen batean biran ibiliko den musika taldearen furgonetako musika aparailuan entzun dadila berriro “Fight Club” filmaren amaierako kantua. “Where is my mind”, managerrak bidelagun dituen musikari gazteei Pixies amerikarrak Donostiako Gascan zuzenean ikusi zituela gogorarazten dien bitartean. Eta jarraian erantsiko die 1991ko kontzertu hartan Killing Joke talde teloneroak ikurrina atera zuela, eta nola jendetza sutsuki hasi zen txaloka.
Diskogintzak «streaming»-ean aurkitu du heldulekua
Musikaren sektorean askotxo dira jarduera ezberdinei batera eusten dietenak. Baga Biga musika bulegoaren bigarren ardatza diskogintzarena da. Amaierarik ikusten ez zaion krisi honetan murgilduta, Aizpururen erantzunean argitaletxeen logika eraldatuz doala ondorioztatzen da. «2020an aurreikusita genituen diskoak argitaratuko ditu Baga Bigak. Baina urtetik urtera disko fisiko gutxiago argitaratuko dugu. Disko fisikoak aurkezpen txartelaren nortasuna hartuko du, kontzertuak sustatzeko tresna gisa. Gero eta talde gehiagok erabaki du, gainera, diskoa euren kabuz argitaratzea». Musikaren salmentan negozioa, egotekotan, online bidezkoan dago. «Euskal Herrian diskoen salmenta fisikoaren beherakada izan da eta digitalak izan duen bilakaera izugarria izan da. 2018tik hona nabaritu da hazkunde hori. Digitalera beranduago iritsi gara, baina dagoeneko fisikoaren gainetik jarri da. Salmenta digital hori ez da, gainera, kantuaren erosketa. ‘Streaming’ bidezko entzunaldia baizik. Spotify-n edo antzeko plataformetan entzuten denean, artistaren editoreari entzunaldien arabera ordaintzen diote zuzenean. Kataluniako diskoetxeetako arduradunek harrituta begiratzen zituzten Euskal Herriko disko fisikoen salmenta kopuruak. Durangoko Azokan izandako salmenta bolumenak inbidia sorrarazi izan du betidanik. Baina noiz arte? Nolakoa izango da aurtengo Durangoko Azoka?».
Musika estudioetako grabazioen berrasmatzea
Talde gehienek diskoa finantzatzeko ardura osoa beren gain hartzen dute. Eta finantziazio iturri nagusia –eta ia bakarra– zuzeneko emanaldietatik eratorritakoa da. Kontzertuak etenda, grabazio estudioetako estuasuna areagotu egin da. Formula berriak aplikatzen hasteko garaia da. Victor Sanchez Elkar estudioetako soinu hartzaile eta ekoizlea distantziara egindako grabaketak eskaintzen hasi da, musikari ezberdinekin lankidetzan. Urgentziazko prozeduraz hartutako erabakia etorkizuneko lan ildo berria izango dela sinetsita dago: «Hilabeteotan egon den aukera bakarra online bidez eta distantziara egindako grabaketak izan dira. Gerora, aukera berriak ekarriko ditu horrek. Grabaketa etxetik gertuko estudioan egin ahal izango da, baina nahasketak egiteko ez duzu bidaiatu beharrik izango, eta gastu hori arindu egingo da. Musikarien kasuan, norberaren eremutik kanpoko kolaboratzaileekin distantziara grabatzeko aukera areagotuko da». Abantaila horiek artearen alde baliatu behar direla defendatzen du, sutsuki. «Ez da kostuak arintzeko formula gisa ikusi behar, onenak diskoaren alde lanean jartzeko aukeratzat baizik».