Lege lehorra
Etxean hamaika aste eta asteburutan edaten ibili gara, ginen. Aditzaren denbora zaila da, ez dadila urrun geratu hura. Urtebetetzeak ospatu ditugu itxialdian, Aberri Eguna, gure penak eta pozak alkoholetan busti ditugu konfinamenduko gau eta egun luzeetan. Komuneko paperaren gaineko ardura arin batean ahaztu genuen. Tira, ez dugu sekula eduki, egia esan. Supermerkatura sartzean gure benetako ardura eta lehenengo begirada ardo botila eta garagardo laten apaletara bideratzen zen. Hutsik bazeuden, deskalabrua. Botila eta latarik bazegoen, poza eta bakea. Etxean sartuta ere, deskubritu dugu bertoko garagardoak ekartzearen plazera. Lagunek garagardo mota piloa oparitu digute. Orain etxeko edozein bazterretan aurki daiteke bertako garagardo kutxarik, jolasean bezala ezkutuan batzuk, sukaldeko apaletan besteak, ohe azpian lasaienak eta ezusteko txokorik miresgarrienean garagardorik gozoenak. Etxea alkoholaren paradisu bihurtu dugu. Hau bada, bai, aparretan bizitzearen kontu hori etxean aplikatzea.
Halako batean, taberna batera bueltatu ginen, gara. Ohiko taberna zaharra, auzoko bilgunea. Tabernariari zer moduz galdetu eta marmarka erantzun zigun, hau dena kaka hutsa dela esanez. Ez zigun barran hitz egiten utzi. Mahai batean jesartzeko agindu zigun. Bertara etorri zen bera, garagardoak ekarri eta berbetan jarraitzera. Malkoak atera zitzaizkigun zirrarazko bigarren garagardoarekin. Beste ahots batzuk inguruan, bideo-dei batetik ez zetozen barreak, tabernako ohiko musika ona, jendearen joan-etorria, begirada urduri eta konplizeak. Aurreko asteetan ez genuen Bilboko terrazetako lehian parte hartu. Nahiago genuen betiko taberna zuloetara sartu arte itxaron. Beste askotan bezala, itxaronaldiak merezi izan zuen.
Fase ezberdinak ezartzen badizkigute ere, norberak jarri behar ditu bere epeak eta lehentasunak. Azken boladan ere, gutako bakoitzak fase ezberdinak bizi izan ditugu. Ez dugu agintariek baino gehiago inprobisatu. Erraza da hori. Izan ere, gu benetakoa den zerbaitek mugitu izan gaitu. Gure fase bakoitza sentitutako emozioek eta bizipenek markatu dute, minek eta pozek, hausnarketen ondorioek eta prebisioek. Horregatik, nora goazen jakin ez badakigu ere, orain bizitzea tokatzen zaigunari “normaltasun berria” deitzea iraina da. Anomalia berria izango da, edo izaten ari da. Ezohikoa erabat. Komunikatzeko eta harremanak izateko bide berrien bila galdu egiten gara. Euskaldunak anomalian bizitzera ohituta bagaude ere, hau guztia oso ezberdina da. Tira, tabernak irekita dauden bitartean eta lege lehorra ezartzen ez badute, arnasa hartzen jarraituko dugu. Norbaitek pentsatuko du lege lehorraren kontua gehiegitxo litzatekeela. Baina duela mende bateko krak ekonomikoa ez dago hain urrun. Duela mende bateko ultraeskuinaren altxamendua ere, gaur hain patetikoa iruditu arren, ez dago hain urrun. Beharbada, duela mende bateko nazien pelikula gehiegi ikusi dugu konfinamenduan. Edo, beharbada, taberna zuloetara bueltatu garenetik, ez dugu kalean eta erne mantenduko gaituen mozkorralditik esnatu nahi. Topa! Eta atera beste bat.