JUL. 05 2020 LUMA BERRIEN AZTARNAK Karraska Sarrailaren asotsak iratzarri nau. Zuzi batez argiztatuta ziegan zenbait jende sartu eta nire aitzinean gelditu da. Ahul izanagatik, ohartu gabeko intziri bat atera zait barren-barrendik, erreflexuzko defentsa mekanismo gisara. Indarra banu ere, ezin izanen nituen begiak ireki, hain daude hanpatuak. -Kapitain, ez dugu astirik. Epaiketa bi asteren buruan martxan paratu beharra dago. -Ez dakiela bertzerik ez du erraten. Denetik probatu dugu, baina ezta hitzik ere konortea galdu arte. Beldur gara hilko ote zaigun, Avellaneda jauna. -Hil? Geroz, hurbil gara. Bortxatu, bortxatu gehiago. Biharko aitortza behar dut! Amesgaizto batean bezala aditu dut bi gizonen arteko solasbidea. Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen, ez dakit zein herritan nagoen ere. Ziega hotza eta hezea da. Bakarrik nago. Konorterik gabe egon naiz, ez dakit zenbat denboraz, ordea. Ez daiteke atzeman eguna edo gaua den. Egunean otordu bat ekartzen didate. Ur hotza eta ogi idorrari otordu dei badakieke. Otorduak kontatuta, konta banitzake, zenbat egun daramadan jakin nezake. Baina, etengabeko torturek nahasi dizkidate barrena eta gogoa, borreroen menean arras utzi arte. Ez naiz jadanik izaki bat, zirpil bat baizik. Hautsitako jostailu bat nire kartzelarien eskuetan. Ezpain ertzetan sumatzen dut nire odolaren zaporea. Begitartean eta gorputz osoan, baditut sakailak, zauriak, ubeldurak, hanturak, harramazkak. Paretari kateatua nago; eskuak buruaren gainetik lotuta, halako moldez non ez naitekeen zolan etzan; eta, abailduraren ondorioz, denbora gehiena eskumuturretatik, odoleztatuak eta haragitan, zintzilik egoten naiz. Zangoak, aldiz, paretaren beheitiko aldean estekatuta. Atorra arras orakatua eta urratua. Galtzetatik, berriz, gernu eta kakaren kirats okaztagarria ezinbestez sudurrean barrena buru-muineraino sartzen zait. -Aditu duk, Joanes? Ez dik balio ez dakiala errateak. Izenak, tokiak, egintzak behar ditiagu. Salatu haute; zergatik izan behar duk hik leiala? Hondarrean, kukua bezala, denak kantari hasten dituk. Horregatik hago hemen. Ez izan ergela, dena galdua duk, bizia izan ezik. Ez duk eskapurik: aitortu edo, erraiak bizirik aterata, hil. -Egia erran diat... ez zekiat zer nahi duzuen. Galdetu herrian... edozeini, denek ezagutzen naitek, arotza nauk. Erregutzen diat, arren, galdetu apezari, galdetu edozeini. -Hau temati ustela! Eraman soto itsura! Burdinazko mahai baten gainean jarri naute. Gaina sare bat da, hotza. Soina dudan alderdi banatiko xaflatan kokatu dizkidate besoak, gurutziltzatu gisara. Sarea zaurietan iltzatzen zait, oinazea jasanezina da. Mahaiari estuki lotuta nago; hiru uhal, hanka bakoitzean; besoetan, bina; aldaketan, sabelean eta bularrean bana, eta buruan bertze bat. Begiak bertzerik ezin dut mugitu. Su baten zartak sumatzen ditut, eta garren argia ere bai. Argiak sabaian sortzen ditu jendearen itzal dardartiak, infernuko dantzariak balira bezala. Borreroak marmarrean aditzen ditut, eta, tarteka, garrasi sarkor batzuk; motzak, aldizkakoak, sakonak. Hotza egonagatik, izerdia sumatzen dut gorputzean; bihotza lauhazka bularrean kabitu ezinik. Orain, oinazerik ez. Gorputzak duen indar apurra entzumenean pilatuta dago. Matxardaren hotsa suko txingarrekin jostetan igarri dezaket; hauspoa, ufaka, eta garrak bizten dituen haizea, uluka. Eta burdinaren kontrako karraska batzuk bertze hotsen artean gailentzen dira noiz edo noiz. Ekarri kaiola! -aditu diot kapitainari; eta zolaren kontrako bere urratsen asotsa sumatzen dut gero eta hurbilago. Nire eskuineko besoaren ondoan gelditu da niri begira, eta mugimendu bizi batez goratu du kaiola. -Joanes, hemen dituk ahoa askatu edo gorputza zulatuko diatenak. Kaiolaren gaineko aldean barren aldera sartzen den burdinazko tunturro bat dago. Azpiko aldean, zola gisako burdinazko xafla bat gider batekin. Eta barrenean, bi arratoi ilun-ilunak, kaiolaren burdinan karraska amorratua eginez. Eztarritik itzuri zait intziri urratu eta desesperatu bat, eta begiak, bere zuloetatik atera beharrean, bi arratoietan iltzatzen zaizkit. -Joanes, arratoi hauek gosetuak dituk. Gaineko tunturro honetan txingarrak sartuz gero, burdina gori-gori paratuko da; uhalez estekatuko zioagu kaiola zure sabelari eta kenduko diagu zolako xafla. Arratoiak zure sabel guri-gurian pausatuko dituk eta berotasunetik ihes egiteko zulatuko dizkiate hire tripa, hire erraiak eta barren guzia, irtenbide bat aurkitu arte. Sabelean ipini didaten kaiola hertsiki lotu diote burdinazko sareari. Mugitzen saiatzen naiz, baina ezin dut, ezta izpirik ere. Begiak, zabal-zabalik eta atereak, bular aldera zuzentzen ditut kaiola ikusteko. Arratoiak, berotasunak ikaratuta, bizkor mugitzen dira kaiolaren barrenean; itzulinguruka, usnaka, ihesbiderik atzeman nahiz; batzuetan, gibeleko zangoetan bermatuta, zutik paratzen dira kaiolako paretaren kontra eta beren ebakortz luze eta zorrotzak agerian gelditzen dira, niri begira. Ezer egin ezean, istanteko nire azala marruskatzen eta karraskatzen hasiko dira, eta deabru beltz horiek nire gorputzaren barrengoa xehatuko dute, odolaren gozotasunak akuilatuta. Ezin dut jasan, ezin dut jasan. Zer dut galtzeko? Azkenean, denok aitortzen dugu. Bertzeak edo ni, horixe da gakoa. Alajainkoa, bizirik jan behar naute! Eta, finean, nire ahotsa ez balitz bezala, estomakaren erdi-erditik ihes egiten zait garrasi erdiragarria, -Eeeez, eeeez!....... Nire emaztea ere baiiiii! -Geldi! Ez kendu zola! -kapitainak. Segi, Joanes. -Maria, Iuretegiko Maria, nire emaztea, ere bai. Eta Goiburuko Miguel, eta Sansingo Juan, eta Barrenetxeko Garazi... eta Zozaiako Maria... Denak, denak sorginak dituk! Juan Jose Pellerejo Goñi (Iruñea, 1959). Ikasketaz eta lanbidez ez dut lotura zuzenik izan idazketaren munduarekin, nekazaritza ingeniari teknikoa bainaiz. Bai, aldiz, nekazaritza mundu euskaldunarekin; honek areagotu zuen nire baitan euskararekiko interesa eta euskaraz komunikazio osoa eta zabala erabiltzeko behar sendoa. Beraz, euskaraz idazten dut inolako espektatibarik gabe, hizkuntzarekin atsegina hartzeko gogo hutsez.