Zein egun da bihar?
Ordenagailuarekin eta hatzekin tangoa dantzatzen ari naizen une honetan astebete baino gehiago falta da zuk bizi duzun igande horretara iristeko. Batek daki kanpainak bitarte horretan zenbat argazki makillatu dituen eta zenbat azal gorritu den bidean.
Ez dakit zer aldatuko duten hauteskundeok, baina zer ez duten aldatuko nahiko argi daki nire etsipenak. Nahiago horri lekurik ez eman, bestela ere hartuko baitu.
Botoa beti ematen da banaka, lau urtean behingo zirrikitu eraldatzailea banaka zabaltzen zaigu begiradapean, segundo gutxitarako gainera. Desestali, bistan geratu eta berehala estaltzen da berriz demokraziaren epiglotisa. Botoa beti ematen da banaka, baina ez dakit inoiz emango ote dugun gaur bezain banaka. Distantzia sozialarengatik ari nintekeen, baina ez naiz horregatik ari.
Inoiz baino banakago bizi izan dugu aldi hau, inoiz baino isolatuago, inoiz baino sakontasun eta gertutasun gutxiagoz bizi izan dugu garai itxi hau, inoiz baino gehiago gogoetatu du nork bere baitan, edo norbere baitan beldurrak. Inoiz baino gutxiagotan haserretu eta berradiskidetu dira lagunak barra ertzetako elkarrizketetan, inoiz baino antzoki sarrera gutxiagotan aipatu dira bizi gaituzten albisteak eta inoiz baino dibertsifikatuago izan ditugu kezkak eta kexak kiosko pareetan. Etxe bakoitzean ezberdin itxi dira ateak, eta zabaltzean, ateak besteek bezala zabaltzeko ahaleginean lanpas azpian gorde ditugu geure lotsak, galerak eta amorru izoztuak. Ateak zabaldu ditugu, baina ez guztiak, ez eta guztientzat ere.
Zaila egiten zait asmatzea bakoitzak begirada non izango duen. Inork izango ote duen begirada Zaldibarren, Siberiako 38 graduetan, hezkuntza murrizketetan, osasungintzako eta zaintzako langileen lan baldintzetan, zientzia fikziozko trenetan, eraso eta eredu matxistetan, distantzia bi bider handitu zaien presoetan, malabarista bihurtu nahi gaituzten kulturgileetan… Zaila egiten zait asmatzea gaur jendeak non eta norantz izango ote duen begirada; Kantabriarantz edo herriko eta hiriko plazetarantz. Gutxi iraungo dit zalantzak, gauean argituko da hori eta nahi nuke argituak begirada argituko balit. Baina pentsatzen dut jende askok geroaz babesteko musukoak bakarrik ez, bendak ere jantzita izango dituela, begirada baretzeko.
Nik ariketa aldatuko nuke, behingoagatik baldin bada ere. Uste dut ez genukeela botoa banaka eman behar, taldeka eta taldean bozkatzeko garaia dela, taldearentzat, komunitatearentzat bozkatzeko garaia, beste zilborrei begirada ukatu gabe bozkatzeko garaia. Uste dut esku askok eutsi behar lioketela gure boto-paperari; besotik helduta iritsi behar genukeela metakrilatozko epiglotisera; pentsiodunen, isolatuen, ahaztuen, gaixoen, bizi hautu ikusezinen, euskal hiztunen, ikasleen eta sortzaileen besotik helduta lur hartu behar genukeela etorkizunaren aurrean. Helduta eta heldu, begirada ongi gosalduta. Bestela bihar, astelehena izango da, beste behin ere.