AUG. 09 2020 LUMA BERRIEN AZTARNAK Ventura Itziar Olaizola Gorrotxategi Erramu-hezurra zartatua zuela eta, Venturak ezin zuen gerezirik bildu urte hartan. Gaztetan Miamin bizi izan zen, zestalari joan baitzen hemezortzi urterekin. Itzulitakoan Ameriketan irabazitako diruarekin Keixeta-Berri eraiki zuen. Gero, etxekoneko Maritxurekin ezkondu eta itsasoaren beste aldetik ekarritako gereziondoa landatu zuten etxe berriaren aurrean. Orduan bai, sasoia… Baina orain ezinak gaina hartua zion. —Zer egiten du Agustinek gereziondoari argazkiak ateratzen… Txoratu al da… —esan zion behin emazteari, zuhaitza udaberriko loretan zela. —Ai, Ventura… —hasperen egin zuen Maritxuk. —Eta Pello eta Lidia? Ikusten al dituzu zuhaitzari begira… —Batzuetan babalorea dirudizu, gizona… Laster otarrea hartuta etorriko dira! Eta zu hor, leiho-zulotik mugitu ere egin gabe… Ventura isilik gelditu zen. Non geratu ote ziren ezkondu berritan etxaurreko eserlekuan izandako hitz-aspertuak? Non, bazkalondotan mahai-bueltan egindako etorkizuneko planak? Eta, baratzean lanean egiten zituzten kantuak? Orain, elkarri purrustaka ez zebiltzanean, elkarrengandik ihesi ibiltzen ziren. Maritxu baratzean bazen, Ventura ganbaran izango zen baba aletzen; Ventura atarian bazen, berriz, Maritxu logelako leihotik begira. Azkenaldian jatorduak ere ez zituzten elkarrekin egiten. Baina Maritxuren ahotik irtendako “babalorea”-k Venturaren buruan burrunbaka jarraitzen zuen. Udaberria aurrera zihoan eta loreetatik gerezi potoloak jaio ziren. Eta Keixeta-Berri inguruan jendea ugaritu zen. Egun batean Pello eta Lidia ikusi zituen etxaurrean. —Zuk astindu eta nik hartuko ditut erortzen direnak. “Arrazoia Maritxuk…”, pentsatu zuen Venturak. Pellok gerezi ederrenak zituen adarra ia hausteraino okertu zuen. —Ventura… Ez haugu ikusi… —esan zion atariko eserlekuan ikusi zuenean—. Ez zaik inportako, ezta… Bestela alferrik galduko baitituk… —Ez, ez… hartu lasai! —erantzun zion, behartutako irribarrea ezpainean zuela. “Ziur Maritxu leiho-zuloren batetik begira daukadala, maiseatzaile hori… Banoa sotora, badaezpada…”, eta ataritik ezkutatu zen. Hurrengo egun batean, haur-hotsa entzun eta kanpora irten zen. Lauzpabost zebiltzan zuhaitz gainera igo nahian. Zeharka etxe aldera begiratu zuen eta gortinak mugitu zirela iruditu zitzaion. —Hi, txikito! Jaitsi hadi! Min hartuko duk bestela! —Zeba!? Zuk ezin duzulako igo? Xaharra! “Hauek ere ez ote naute errespetatuko...”, pentsatu zuen. —Ezetz harrapatu! —jarraitu zuen haurrak, lotsagabe. —Jaisten bazarete, biharko zakutxo batean neuk emango dizuet gerezi mordoxka… —esan zien, Maritxuk haurrak bidaltzen ikusiko zituela pentsatuz. —Tontoak garelakoan, ala? —lotsagabeak. —Igual benetan ari duk… —xuxurlatu zion lagunak—. Bihar etorriko gara zakuaren bila, Keixeta! Handik egun batzuetara, baratzetik sotora zihoala, aita-seme kanpotar batzuk ikusi zituen gereziak bildu eta zorroan sartzen. Gereziondo aldera pauso batzuk eman zituen, uxatuko zituelakoan. Baina alferrik. Zorroa leporaino bete zutenean egin zuten alde. Egun hartan zuhaitzaren aurrean eserita pasatu zuen arratsaldea, “hurrena etortzen denari ez diot barkatuko...” pentsatuz. Horretan zela, txori banda bat agertu eta zuhaitzaren puntan zeuden gereziak jaten hasi ziren. Hilabetean jan gabe zeudela zirudien! Zestalari garaietan omenaldia egina zioten udaletxean, eta han oparitutako aginte-makila sotoan zuela oroitu zen. Hura zen zirti-zarta! Izerdia kopetatik behera tantaka erortzen zitzaion, baina ez zen txoririk mugitu ere egiten. Ase arte gereziei mokoka jarraitu zuten. Goiko hortzekin beheko ezpaina estutu eta makila bere indar guztiarekin airera bota zuen. Gero, atzaparkada batean zuhaitzetik zazpi-zortzi gerezi hartu eta ahoan sartu zituen. Begiak kliskatu ere egin gabe murtxikatzen hasi zen, lirdingak ezpain bazterretatik lepo aldera erreka gorria sortzen ziola. Aurreneko ahokadarekin bukatu baino lehen, beste atzaparkada bat sartu zuen eta tuarekin batera hezurrak lurrera botatzen hasi zen. Horrelaxe ezkutatu zen soto aldera. —Ventura… Ez zara ongi ari… —ez zuen espero sotoan Maritxurekin topo egiterik. —Utzi bakean, Maritxu… Ez nago zure sermoietarako… —erantzun zion, hitzekin batera gerezi-hezurrak kanporatuz. Gaua iristean, ohean sartu zen erramu-hezurreko minez. “...Babalorea…” “…Zuk ezin duzulako igo, xaharra?” “…Ez zara ongi ari…” —Erotzen ari naiz… —esan zuen, sabaira begira—. Txoratzen… Ergeltzen… Gereziondo horrek burutik egingo nau… —zeharka etzaten saiatu zen, baina erramu-hezurrak ez zion uzten—. Bizi honetan erabakiak hartu behar dira… Eta nik aspalditxo hartu behar nuen. Ezin dut gehiago. Herrenka, sotora jaitsi zen Ventura. Harriarekin aizkora zorroztu eta izara zati zahar batekin distira atera zion. Eta lanean hasi zen. “Xiup!” —Kabeeeen! “Xup!” —Ni xaharra?? “Xiup!” —Sssooootsssss! “Xiup!” —Ez naizela ongi ari? “Xiup!” —Hau zuretzat! “Xiup!” —Eta azkena! “Xiup!” Bat-batean “kraska!” izugarri batek hautsi zuen gauaren isiltasuna. Aizkora sotoan utzi, eskuak garbitu eta ohera itzuli zen Ventura. Erramu-hezurra bazuenik akordatu ere egin gabe, zurrungaka ametsetan murgildu zen. Idazleari buruz... Itziar Olaizola Gorrotxategi (Azpeitia, 1978). Lanbidez Lehen Hezkuntzako irakaslea. Bi haurren ama da. Azpeitiarra izan arren, Leitzan bizi da. Idazteak, hizkuntzan sakontzeaz gain, fikziozko pertsonaien bidez emozio ezberdinak bizitzeko aukera ematen dio.