Alaia Martin
IRITZIA

Argazki bideoak

Apustu egin behar banu, esango nuke aurtengo urteak beste urteek baino gutxiago gizenduko dituela argazki albumak. Ahazteko moduko urtetzat hartzen du askok 2020a dagoeneko, baina ahaztekotzat jotzen duguna izaten da normalean gogoangarriena, bere gordinean edo ederrean.

Albumetan geratuko dira urtearen hasierako aurpegi inuzenteak, itxialdi garaiko argazki itzaliak eta udarako maskara azpiko alferreko keinuak. Gainerako urtaroak sekula baino zailagoak dira aurreikusten aurten, ez da aski izango tenporak aztertzea udazkena eta negua nola datozen usaintzeko. Esango nuke argazki gutxiago aterako ditugula, baina aterako ditugunek lehengo irizpideak jarraituko dituztelako, klik garaian.

Albumetara iritsiko dira argazki oinik ezean laster identifikatzen asmatuko ez genituzkeen paisaiak, lagunarteko unerik gorenak eta umoretsuenak, familia bazkarietako unerik armoniatsuenak, zerurik urdinenak, garagardorik hotzenak eta musurik diseinatuenak.

Ez dira albumetara iritsiko albiste bat irakurri osteko betozko iluneko argazkiak, ohetik altxatzeko maindireetan beruna sumatzen dugun goizak, amorruz irentsitako platerdun afariak eta zeru gris ganoragabeak. Maskarapeko izerdi itoak ez dira flashpean argituko.

Joandako garaiekiko malenkonia kronikoa baldin badugu honegatik guztiagatik da agian, ez garelako gai egoera errealak erretratatzeko eta, gerora, begiratzeko. Argazkiei beti argitzen diegu ertzen bat, beti iluntzen ditugu kontraste bila, beti gehitzen diogu distira abailduari, beti ezabatzen ditugu errealitate zantzuak; nahi gabe jasotako hatz zatia, mahai gaineko hautsontzi desatsegina, argazkian behar ez lukeen atzealdeko pertsona… Adituak gara geure gustuko argazkiak konposatzen eta osatzen, aukeratzen eta biribiltzen. Adituak gara irudi hori bilatzen, baina aski zaigu irudi eta une horiek momentu baterako sortzearekin. Errealitate horiek sortzeko baldintzak bilatu beharrean errealitate hori islatzeko baldintzatzen dugu ingurua eta gero berriz itzultzen gara ohikora, grisera eta zehaztasun gabeziara. Nahiago nuke bideoan biziko bagina, argazkian baino.

Bideoan baino, argazkian bizi gara baina; errealitate zatitu eta aukeratuan. Argazkiz inguratuta, une izoztuz eta egosiz aseta eta ez dago asmatzerik argazkiaren edizio maila eta hartze unea eta gunea zein izan den; ez dago une eta angelu objektiborik eta objektiboz betetako jendarte batean izurrite bihurtu da subjektibotasunaren objektibatzea. Denbora, gogoa, ezagutza eta zortea behar da argazkiak behar bezalako hurrenkeran kokatzeko eta egunerokotasunaren bideoa era logiko eta kronologikoan antolatzeko. Argazki segidak osatutako bideoa berrikusteko, 3D betaurrekoak jantzi behar genituzke, baina azken boladan modako aukera politikoa da miopia eta ez da erraza begirada arazten eta begirarazten.

Agintariak eta alderdi politikoetako gidariak ere argazkika ikusten ditugu antza; kanpainaka, keinuka. Lau urteko bideo azkar bat berrikusi beharrean aski izaten dugu segundo bateko iraupeneko irudi bat. Distira segundo sail irabiatu mimoz prestatu bat eta bideoak galtzen du zentzua. Zentzudunago dirudi diseinatuak gertatutakoak baino.

Inprima ditzagun argazki guztiak, gure errealitatearen inpresioa, gurea izan dadin.