AUG. 23 2020 IRITZIA Esku frenorik gabe Alaia Martin Gertatuko zitzaizuen. Gertaraziko zenuten. Gertatuko zaizue berriz ere. Trenean agian. Autobusean bestela. Autoan beharbada. Autoan gertatu zitzaidan niri azken aldiz. Autoan gertarazi nuen, oharkabean. Zer pentsatua eman zidan eta zer idatzia eman dit, mugimendu hark. Autoa aparkatu nuen eta leihatilak ixten eta motorra itzaltzen ari nintzela mugitzen sumatu nuen aldameneko autoa. Sentsazio bitxia izan zen, zorabiotxo baten maketa txikia. Berehala jabetu nintzen mugimenduaren jatorriaz eta nire pertzepzio akatsaz. Nire autoa zen aurrerantz zihoana, esku frenoa eman gabe neukan eta. Udarako giro motelak ahalbidetuta, pentsatzen hasi nintzen zenbatetan izango ote nuen pertzepzio nahasketa hau aurretik, bizitzako beste alorretan, ordura arte, ohartu gabe. Zenbatetan harritu, deskokatu edo haserretu ote nauen ustezko besteen mugimenduak eta zenbatetan izan ote naizen ni, mugitu dena. Aldatzeko bi modu baitaude, inguruneko baldintzak aldatzea edo norbera aldatzea. Uste dut errazago jabetzen garela kanpoko aldaketez, besteenez, geureez baino. Taberna bat, jatetxe bat, lagun talde bat, alderdi bat, pertsona bat… lehengoa ez dela diogunean, agian pentsatu behar genuke geu garela lehengoak ez garenak edo lehengoan gotortuta gaudenak, kasurik baikorrenean. Geure baitako mugimendu txikiez apenas jabetzen garen, deskonektatu samar bizi gara gorputzetik eta estaldurarik gabe uzten ditugu gure sentsazioak. Nekez jabetzen gara gure arnasak eragiten dizkigun mugimenduez, gure beldurrek sortzen dizkiguten uzkurdurez edo eztarri biran korapilatzen joaten zaizkigun hitzen pisuaz… Pilatuz eta pilatuz doaz guztiak eta ohartzerako mugimendu ilara lurrikaratzat hartzen dugu edo kanpoko zerbaiten eraginari egozten diogu gure mugimendura ezin egokitua. Sorpresaz hartzen ditugu etengabe baina poliki gertatzen ari ziren edo zitzaizkigun gauzak. Autoan bezala, gehiagotan begiratzen dugu aurreranzko beiratik edo erretrobisoretik, pareko leihatilatik baino. Orain gertatzen ari denaz ohartzea geroko uzten dugu. Lasaigarri bezala ergel samarra izan liteke baina agian gehiegi gutxiesten ditugu ergelkeriak; niri behintzat bakea ematen dit zenbait ingurutan eroso egoteari utzi diodanetan, ezerosotasuna neronek sortu dudala ohartu izanak. Berria da niretzat. Ez nautela lehen zoriontsu edo partaide sentiarazten ninduen leku batetik egotzi, baizik eta ni naizela leku horretan ongi sentitzeari utzi diona eta horretaz garaiz jabetu dena. Nik aukeratu dudala hobeto tratatuko, ulertuko eta jasoko nauten lekuak bilatzea eta errazago identifikatzen ditudala nire habitatak ez diren horiek. Lekuak galtzea baino, leku ederragoak aurkitzea da hori, hazteko lur sail aberatsagoak bilatzea. Eta beharbada ez, beharbada batzuetan egozte bat besterik ez da gertatu, beharbada nahastuta nago edo egoten naiz askotan, baina izugarri garrantzitsua da errelatoa, maila kolektiboan zer esanik ez, baina baita maila pertsonalean ere. Geure buruaz geure buruari kontatzen dioguna gara eta geu gara gauero geure buruarekin oheratu behar izaten dugunak. Orain autoa aurrerantz irristatzen zaidanetan gutxiagotan haserretzen naiz nire buruarekin, irribarreak egiten dit ihes. Aldatzeko bi modu baitaude, inguruneko baldintzak aldatzea edo norbera aldatzea. Uste dut errazago jabetzen garela kanpoko aldaketez, besteenez, geureez baino.