7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Zirrikituak


Amesgaizto gaiztoa izan da. Eztarriko mina nuen, min sarkorra, eta telefonoz medikuari deitzeko asmoz altxatu naiz. Telefonoa eskuan, deitu ez deitu eman dut gau osoa, buelta eta buelta. Eta birusa baldin bada? Eta etxean isolatzen banaute? Eta nire ingurukoak kutsatzen baditut? Eta inork ez badit sinisten? Eta birus hori existitzen ez bada? Ohetik erori eta eztiarekin gozatu dut eztarria. Bestea, larria, ezin gainetik hain gozo kendu. Eztarriko mina ez dagoela sintomen zerrendan? Badakizue ametsak askotan zentzurik gabeko eta esanahi handiko labirintoak izaten direla.

Nik ez dakit saguzarren batek sortu duen edo arratoi berriagoek ekarri duten birus txatxu hau. Baina ez dut zalantzarik existitzen denik. Eta badakit, medikuei eta zientzialariei entzunda, oso kutsakorra eta latza dela, askotariko mailak dituela eta kontrolatzen oso zaila dela. Osasungintzan lan egiten duten lagunen begi-zuloek eta estres mailak ere asko kontatu didate gaixotasun horri buruz. Ziurtasunik gabeko garai dardarti honetan, horixe izango da dudan ziurtasun bakarretakoa. Hori eta gutxi gehiago.

Baina azken asteotan modu kezkagarrian gero eta gertuago eta sendoago sumatu ditut birusaren larritasuna eta existentzia bera zalantzan jartzen dutenak. Lagunartearen ur-bazterreraino iritsi zaizkit. Kezkatzen nau, baina ez nau harritzen. Larrialdi hau gidatzen ari diren arduradun politikoen jarduna ikusita, ez nau harritzen. Informazio eskasa eta nahasia ematen dute, ez hankarik ez bururik ez duten irizpideak eta muga murriztaileak inposatzen dituzte, errieta egiten digute datuak okertzen badira, komeni zaienean normaltasuna goratzen dute eta komeni zaienean larritasuna saldu... Zirrikituz betetako diskurtsoarekin ari dira eta zirrikituetatik gero eta ur gehiago sartzen ari da.

Hasieran hor nonbait eutsi zioten, ez herritarrak ez zirelako zirrikitu horiekin konturatzen, beldurrak gehiago pisatzen zuelako eta komunitateak eutsi egin behar zela ulertu zuelako baizik. Baina dagoeneko ez gaude zintzo demonio balkoietan etxeko zapatiletan txaloka. Osasun langileak ez daude ez pozik ez lasai, hezkuntza komunitateak susmatzen du berriro inprobisatu egin beharko duela eta herritarrak, orokorrean, noraezean bezala gabiltza.

Oraintxe dakidan bakarra da ezer ez dakidala. Baina badakit asko eskertuko nukeela informazio zuzena eta garbia jasotzea eta herritar helduak bezala tratatuak izatea. Ez dugu artalde otzana izan nahi, ondo informatutako komunitate arduratsua izatea nahiago. Hori etorri bitartean –etorriko al da–, osasungileen eta zientzialarien esan profesionalei adi jarraituko dut. Eta eztarriarentzat, eztia.