7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Poliziaren birusa


Palentziako herri txiki bateko igerilekuan, sartzeko zain. Aurreko gizonezkoa oso-oso haserre dago bezperan igerilekua itxi egin zutelako. «Sekulako ekaitza» bota zuela esan dio sarreran dagoen gazteak eta sumindutako igerilariak berak egunero igeri egin behar duela, eguzki edo euri. Emateko arduradunaren telefono zenbakia. Sarrerako gazteak sentitzen duela baina ez duela horretarako baimenik. «Ez dago arazorik. Oraintxe noa herriko Guardia Zibilaren kuartelera salaketa bat jartzera». Zur eta lur geratu naiz eta nire burua baretu dut horrelakoak Euskal Herrian ez direla gertatzen pentsatuz. Hemen poliziak ez ditugu lagun edo babesle. Ezta?

Aurrekoan alabaren bila joan zen lagun bat, garaiz. Lagun baten etxean zegoen alaba eta inguruko aparkaleku batean geratu zen nerabearen aita, telefonoari begira, denbora egiten. Hamabost minuturen buruan Ertzaintzaren auto bat zuen alboan aparkatuta, zertan zebilen galdezka. Harrituta azaldu zien alabaren zain zegoela eta goizegi joan zenez, denbora egiten ari zela. «Seguru?», ertzainek. Berak baietz. «Abisu bat jaso dugu, auto bat zegoela aparkalekuan eta arraroa zela kontua». Nola?

Etxe inguruko belarra moztu eta erre egiten du ezagun batek. Betidanik. Bota azken berrogei urtean egiten duela horrela, gutxi edo gehiago. Aurrekoan udaltzainak azaldu zitzaizkion etxe aurrera, kontuak eskatzen, zertan ari ote zen. Azken berrogei urtean bezala, izkina batean moztutako belarra erretzen ari zela esan zien. «Bizilagun batek deitu digu sekulako kea zegoela esanez». Eta orain, hainbeste urteren ondoren, ez daki ondo edo gaizki egiten ote duen. Lehen etxe bakartia zen berea, baserri zahar baten alboan paratua. Orain, bere etxea eta baserri zaharra etxebizitza berri eta dotore sorta baten erdi-erdian geratu dira. Dagoeneko ez dira bakartiak. Eta paraje lasai horretan eraikitako etxe dotoreetako bizilagunen bati ez zaio belarra erretzean sortzen den kea gustatzen. Eta gustatzen ez zaizkion gauzen aurrean, Poliziari deitzen dio.

Palentziako gizonkote harroxko horrekin akordatu naiz. Hura guardia zibilen laguna izateak ez ninduen harritu, han eta hemen Guardia Zibilak kolorea bakarrik baitu antzekoa. Pausajea, oso desberdina. Baina inguruan, eta are gehiago pandemia sasoian, Poliziari –edozein koloretakoari– erraz samar deitzen dion jendea sumatzen ari naiz. Albokoak egiten duenari arreta gehiegi jartzea eta albokoak egiten duenarekin hain erraz amorratzea birus larria da, zalantzarik gabe. Kezkatu egiten nau joera horrek, arazo horietako asko pertsonen artean konpon daitezkeelako, patxadaz eta gizalegez. Eta, horrez gain, beti sortzen zait galdera bera: Poliziak ez al du zeregin garrantzitsuagorik?