Alaia Martin
IRITZIA

Bestelako igandeak

Urte xelebre honek urratu du urria ere eta ez festaz betetako udara baten ostean, nolabait itzuli da (h)ezkuntza ikasgeletara eta udazkena hemen da, ohi baino hostoago eta estaliago. Aurtengo agenda nortasunez idatzi eta ezabatutako agenda da, iazko agenda garaiz kanpo uzteko moduko amaiera posible askotako ipuin bizia. Gaur, urriko lehen igandea izanagatik, Kilometrorik gabeko igandea izango da, Senpereko aintzirak aurten jende gutxiago islatu du, Elorrio ere ez da leporaino bete, Lizarran lasai ibili dira eta Amurrion ez da zintarik ebakiko hilaren 18an.

Gaur bestelako igande bat izan zitekeen baina horrelako igande bat izango da. Edukitzeko asmoa duzun bezalako bat, gutxi gorabehera. Inoiz baino plan gehiago egingo ditugu aurten. A planak, B planak eta planteatu gabeko azken orduko planak. Zintzilik ibili gara eta ibiliko gara. Zintzilik ibili gara ez dakigulako lur egonkorrik gabe ibiltzen eta zintzilik ibili gara lurra ereiteko baliabideak dituztenek ez dutelako behar besteko denbora eta ausardia bildu letorkeenari koordenadak jartzeko.

Gaur bestelako igande bat izan zitekeen baina horrelako igande bat izango da. Eta igandeak, ados egongo zareten bezala, igandeak ez dira “bestelako” egunak izateko egunik aproposenak. Igandeetan denborak beste pisu bat izaten du, beste erritmo bat eta egin zenezakeen eta egiten ez duzun guztia irudikatzeko boterea izaten dute (bai behintzat oinarri-oinarrizko beharrak bermatuta ditugun pribilegiatuontzat). Lekziotxoak dira igandeak, mehatxuak, batzuetan, batzuentzat; har ezazu egun bat, zuretzat, libre, orri kuadrikulaturik gabeko egun bat, gaztelua hutsetik eraikitzeko hondartza bat… Eta orduan zer? Orduan galdu egiten gara batzuetan, hondartzan. Orain bezala, soroslerik gabeko denboraldian gaudenean, pixka bat okreago galtzen gara gainera, gogo handiagoz bezala…

Aurten kultur emanaldiak, familia bilerak, lagun arteko planak, bidaiak, mediku-hitzorduak eta osasun aholkuak post-it-etan idatzi behar izan ditugu, agendak gordeta. Post-it bat bestearen gainean, bat bestearen gainerago, beste bat… Udazkena dirudi gure hozkailuak. Gaizki joan litezkeen gauza guztiak aurreikusi ditugu. Aurreikusi dugu pandemiaren garapenik beltzena, kolapsorik itogarriena, sumatu ditugu lantokien aurreko elkarrizketa gero eta urduriagoak, arnas estuak eta baliabide gutxien dituztenen baliabideak kolokan egongo direla usaindu dugu. Eta hori guztia sumatu, sentitu eta aurreikusi ahala, tamalez, sinesten ere hasi gara, onartzen ere hasi gara, prestatzeko prestatzen. Burua pixkanaka ez nekatzeko aurrez burua makurtzen eta geure bunkerra egokitzen, letorkeenerako.

Ordea, agian ez da prestatzeko eta aurreikuspenetarako garaia, eraikuntza garaia da, eraiste garaia, zalantzarako baino ziurtasunerako aroa, ziur nahi eta behar duguna bermatu, babestu eta borrokatzeko etapa.

Ergelkeria eta ausardia dosi handia behar da baikorra izateko, baina ezkorra izateko bezain eskuzabala izateak amorrua sortzen dit. Ikasi ditugu gaizki irten daitezkeen ekuazio guztiak, plan guztiak, arrisku guztiak. Zerrenda hori eginda dago. Eta orain ongi irten daitezkeen gauzen zerrenda egiten hasiko bagina?