amagoia mujika
IRITZIA

Bestearen zapatak

Gauzak zein bazterretatik begiratu, desberdin ikus daitezke, oso desberdin. Koronabirusaren aurreko garaian –akordatzen?– irakasle batzuk haserre sumatu nituen. Ba omen ziren sukarra izanagatik, botika txute bat sartu eta haurrak eskolara bidaltzen dituzten gurasoak. Gero, botikaren eragina apaltzean, berriz agertzen zen makalaldia, goiz erdian eta eskolan bertan. Ba ez, ez da berez egin beharko litzatekeena. Haurrak makal badaude, onena etxean gozo-gozo geratzea da. Ezta?

Baina hori ez da beti hain erraza. Beti ez dago haurra gozatzeko deseatzen dagoen aitona-amonaren bat, bizilagunen bat, lagunen bat. Lantoki guztietan ez da egoten egoera ulertzen duen nagusi adeitsu bat. Beti ez dago malgutasuna eskaintzen duen lanpostu bat. Askotan ez dago horietatik ezer. Lanera bai ala bai joan behar duen eta haurra non utzi ez daukan guraso desesperatu bat, berriz, askotan egoten da. Gehiegitan.

Beste irakasle batek harrituta kontatu zidan bere gelan gertatutakoa –hori ere koronabirusaren aurretik–. Taldeko ikasle onenetakoak matematikako azterketa eraman zuen etxera. Gurasoei erakutsi eta sinatuta ekarri behar zuen bueltan eskolara, gurasoek azterketaren emaitza ikusi zuten seinale. Eta ekarri zuen, sinadura faltsifikatuta. Eta matematikako azterketan bederatzi atera zuen. Zergatik faltsifikatu zuen galdetu eta haurra isilik geratu zen.

Irakasleak amari deitu zion gertatutakoa kontatzeko eta abaildutako emakume baten ahots hariak eman zion azalpena. Azkenaldian lanez lepo zebilela eta askotan ez semea oheratzeko orduan ezta esnatzeko orduan ere ez zela etxean egoten. Seme-alabarik zaharrenak arduratzen zirela txikiena zaintzeaz eta horregatik faltsifikatuko zuela sinadura, ama ez zuelako etxean harrapatu egun horretan. Baina oso pozik eta harro zegoela semeak matematikan lortutako bederatzi horrekin, sinadura faltsua babesten zuela.

Covid-19ak gure egunerokoa hainbeste aldrebestu duen sasoi honetan, guraso asko irudikatzen ditut goizero termometroari ikaraz begira. Ardura kolektiboaren zamak adina pisatzen dute baldintza prekarioek eta hari batetik zintzilik dauden lanpostuek. Ez dira bat edo bi, asko dira, eta ez daude han urrunean, ondo-ondoan daude, lagunartean, familian, auzoan.

Enpatia da bestearen zapatetan sartzeko gaitasuna; bestearen zapatak jantzi eta handik mundua nola ikusten den sentitzea eta ulertzea. Ez genuke ahaztu behar hain ariketa osasungarria nola egiten den, batez ere zapata horiek bihar gure zapatak izan daitezkeelako. Garagardo baten bueltan galdetu dit lagunak nola moldatzen ari ote garen. Burura etorri zaizkidan eragozpen guztiak garagardoz busti ditut trago luze batean. «Arraro, baina ondo».