NOV. 01 2020 IRITZIA Zain duguna Alaia Martin Hemen idazten hasi nintzenetik gehien kosta izan zaidan gauzetariko bat idazgaia aukeratzea izan da. Mundu bete bulkada, berri, injustizia eta edertasun parean izanda, bi astean behin, ordenagailu parean eseri, leihoak eta pantailako leihoek begira nazaten utzi eta zer aukeratu asmatzea. Publikoki idaztean, jardutean, beti dago ekin aurreko amildegi bat, pertsonala politikoa dela zalantzan jarri gabe, pertsonala zenbateraino den esportagarri asmatzea ez da beti erraza, ez eta norberarentzat erraietarikoa dena besteentzat interesgarria den argi izatea ere. Pentsatzen dut gauza guztietan bezala, konfiantza kontua dela, senari jaramon egitea eta norbere buruari hanka edo ukondoa sartzeko eskubidea ematea. Aurten bereziki egin zait konplexua gai hautaketa martxotik, errealitatea birusaren eta honen kudeaketaren jiran ardaztu denetik. Jaio nintzen gorputzean, etxean, herrian, hizkuntzan… jaio izanagatik jantzita neramatzan betaurreko guztiei gehitu baitzaizkie martxotik atzerakoak eta etzitik aurrerakoak lausotzen dizkidaten beira apurtuzko betaurreko hauek, maskarapean arnastuta lanbrotzen zaizkidan hauek. Elkar zaintzeko garaia da, inoiz bainoago. Jarraitzeko garaia da, ez paralizatzekoa, baina jarraitzeko modua errebisatzeko egokiera bikaina da, zaintza era holistikoan eta transbertsalean begiratu eta egituratzeko unea. Protokolozko musuak ezabatzeko eta benetako “zer moduz zaude”-ak ohitura bihurtzekoa, elkartasuna eta iraultzailea izatea zer den errebeldiatik (bakarrik) ez, erradikaletik aztertzeko hilabeteak dira hauek. Jakiteko eta esateko baino, galdetzeko garaia. Zaintzeko garaia da, indartzeko eta besteena ere kontuan hartzeko momentua, antzokiak erdira baina betetzeko garaia, behar denean etxean zain eta geldi egoteko unea edo etxean eta geldi daudenei laguntzekoa eta bi aldiz ezin bada, gauzak behin eta sakon pentsatzeko unea. Arazoa ez da bere horretan birusa, osasungintza baliabidez biluztu izana baizik, zaintza ikusezin bihurtzeko eta ez ordaintzeko (ez)erabaki politikoak baizik, hori argi dago edo egotea nahi nuke, baina arazo hori konpontzeko borondaterik ez duten edo botererik ez dugun artean, arazoa ez larriagotzeko elkar babestu beharko dugu; ez elkarrengandik, baina bai elkar. Elkarri gertutasuna adierazteko moduak berrasmatu eta askatasun pertsonalaren eta kolektiboaren kode eta neurgailuak gainbegiratu… Gehiegitan autokonfinatu izan gara geure baitako gotorlekuetan, gehiegitan utzi ditugu partidak bukatu gabe, galtzeko beldurrez, askotan isolatu dugu geure burua besteei geure tristura ez kutsatzeko, askotan bakartu dugu jende toxikoa geu ez gaixotzeko, askotan egin ditugu munduaren amaierari aurre egiteko beste erosketa eta ordu luzez kontsumitu dugu fikzioa geure errealitateari ihes egiteko, baina oraingoan ez da hautazkoa, ez da koldarkeriazkoa, oraingoan ezinbestekoak dira zenbait autokonfinamendu eta ihes egiteko baino, egoerei aurre egiteko erabil genezake abagunea. Autokonfinamendurako edo konfinatuak artatzeko, baliabideak behar dira; laguntzak, politikak, egiturak. Pazientzia eskatzea ongi dago, baina gehiegizko pazientzia xahutzeak ere gaixotu egiten gaitu. Gu eta jendartea. Elkar zaintzeko garaia da, inoiz bainoago. Jarraitzeko garaia da, ez paralizatzekoa, baina jarraitzeko modua errebisatzeko egokiera bikaina da, zaintza era holistikoan eta transbertsalean begiratu eta egituratzeko unea.