Inoren gaitza
Epaileen eskua sukalderaino sartzen da, atzapar bihurtuta askotan; guztionak diren gune zabaletara bezain zorrotz irits liteke jendearen espazio intimoeneraino. Ez dute mugarik, mugak ezartzen dituztenen sailetatik harago. Ez dago lekurik, zokorik, haien makilak harrapatzen ez duenik, hainbat zoko eta lekutan badiren arren makila horri zirkin egiten asmatzen dutenak.
Batzuetan legearen izenean, besteetan justiziarenean, beti badago egurra merezi duenen bat. Eta egurra emateko ez da izaten boluntario faltarik. Denok ari gaitezke zerbait edo norbait epaitzen, zaleak gara. Ariketa terapeutikoa izan daiteke, inorentzat ondorio on edo txarrik ez duenean eta horren jakinaren gainean ari garenean.
Baina beste epaileez ari naiz, epaitzeko ez ezik ebazteko ahalmena duten horiez, ofiziozkoez, esku batean ezpata eta bestean balantza erakusten dituen dama begi-estalia alegoriatzat duen justizia egiten dutenez. Zirrara eragin izan dit beti haien ahalmenak, erruduna errugabe ebazten duten bezain aise errugabea errudun ebatz dezaketela pentsatzeak. Justizia egin dezakete, edo mendeku gosea ase... Kasu batean edo bestean, berdin arduragabe dira ondorioetan.
Epailearen aurrera daramatena zigortzeko asmoz daramate gehienetan, baina epailearen zigorrarekin ere ez dira asetzen gogo guztiak. Ebazpenaren ondorengo epaile zigortzaile izan nahi dute ahots publiko batzuek, egundo amaitzen ez den epaiketan, beren errabiak dirauen artean bukatuko ez litzatekeen zigorra ezartzen jarraitzeko.
Euskal preso politiko batzuk Euskal Herriko espetxeetara hurbildu dituztelako kexu agertu da Iturgaitz jauna. Kalte egiten diote halako erabakiek eta mugimenduek, eta ez du nahi eskumenaren balizko transferentziak euskal preso politikoentzat –katalanekin gertatu den gisan– opor eta parranda leku bihur ditzan hemengo espetxeak.
Espetxe zigorra ez da aski jaun horrentzat eta beste batzuentzat; ez du nahi presoak giltzapean ahalik ongien egotea. Euskal preso politikoak beren sorterritik ahalik urrutien nahi ditu eta ahalik gaizkien egotea behar du beren antsia itogarria sosegatzeko.
Norbera ondo sentitzeko besteak gaizki daudela ikusi beharra ez da oso sanoa; norbere zoriona inoren gaitzean oinarritzeak zerbait adierazten du, Asier. Eta ibilbide luzea du, eta agian sendaezin bihurtu zaio Iturgaitzi beti norbaiten gaitz iturri izan behar hori.