NOV. 15 2020 IRITZIA Hemen gaude Alaia Martin Animalia sozialak gara. Batzuk sozial baino animaliagoak. Azken hilabeteetan gizaki animalia sozialak baino, S.O.Szialak izan gara, baina, hala ere, hemen gaude eta asmatuko dugu egoten. Badugu, zorionez, besteekiko enpatia, babes grina bat, normalean, giza anatomiaren, hezkuntzaren eta biokimikaren ohiko osagarria izaten da enpatia hori eta erabili egiten dugu. Askok apendizea adina erabiltzen du, baina oro har, gehienok, erabili egiten dugu. Darabilgunon artean, askotan, min-iturri da enpatia. Geure betaurrekoak erantzi eta besteenak jartzen ditugunean, batzuetan besteen betaurrekoen kristalek begiak zauritzen dizkigute, besteen saminak samindu egiten gaitu eta besteen begiak irakurri eta bizitzeak besteen ahoak ordezkatzeko beharra eragiten digu eta egin egiten dugu, lagungarri izateraino, tarteka. Bi ahoko min-iturria da enpatia, besteen mina gure odolean jariarazteaz gain, min hori arintzeko ezer ere egin ezin dugula konturatzen garenean. Bigarren min horrek gehiago dauka ezinegonetik eta auto-amorrutik. Abilagoak gara lehen mailako minak kudeatzen bigarren mailako minen korapiloak askatzen baino. Ohituta gaude erantzuten, egiten, probatzen, hanka sartzen, baina zailagoa da besteen erantzunen, ekintzen, akatsen eta berreraikuntzen aurrean testigu izatea eta parte ez hartzea, besteen minari begira egotea. Minak eta tristuren solairuak asko dira, baina uste dut solairu guztietarako eskailera ona dela egoten jakitea. Min fisikotik hasita, erditze batean, ondoan norberak aukeratutako laguna edukiz gero, ezer gutxi egin dezake, baina egoteak berak apur bat askatzen ditu uzkurduren gerri-korapiloak. Haur jaioberri baten min jasanezin eta ezin ikusgarriagoaren aurrean, ezer ere egin ezin dezakezula sentitzea bezain min zorrotzak gutxi izango dira, baina azala azalari eskaini eta hor egotea egitea da. Denok izan dugu noizbait izugarri maite dugun lagun bat, aldamenean, mila puskatan apurtuta. Esan nahi izan diogu ez dela hainbesterako –eta autozentsuratu dugu geure burua–, esan nahi izan diogu pasako dela eta zenbat balio duen gogorarazi nahi izan diogu eta bere minaren sorburua kriminalizatzea ere bururatu zaigu –baina erabaki dugu horrek dolua luzatu baino ez duela egingo– eta isil-isilik geratu izan gara, gorputzean bere mina desegin nahian, ondoan. Hanka sartzera zihoazen lagunen parean ere egon izan gara denok, iritzirik eskatu ez baina erabaki baten aurrean konplizitatea bilatzen duten lagunen parean. Saiatu gara geure iritziaren zertzelada diskretu bat ematen eta sumatu dugu lagunaren iritzia jasotzeko interes falta eta isildu izan gara, letorkeenaren aurrean. Hor egon izan gara, gerora ere hor egongo garela adierazteko abal gisa. Kexatu izan zaigu amona bere minez edo beldurrez eta ohartu gara edozein erantzun baino zintzoagoa eta baliagarriagoa izango zitzaiola muxu handi bat ematea, eskua laztantzea. Egon gara kontzentrazioetan, minarekin zerbait egiteko. Gogora dezagun egotea egitea dela; ikaragarrizko oparia dela norbaitek geure azalari bere azala eskaintzea edo begiradan denbora eta espazioa ematen digula sentitzea. Gogoratu eta gogorarazi. Ohituta gaude erantzuten, egiten, probatzen, hanka sartzen, baina zailagoa da besteen erantzunen, ekintzen, akatsen eta berreraikuntzen aurrean testigu izatea eta parte ez hartzea, besteen minari begira egotea.