MIREN ARTETXE
Liburuen Txokoa

Naparra. Kasu irekia

Jon Alonso • Elkar, 2020 • 352 orrialde • 23 euro

Jose Miguel Etxeberria Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea eta Iparraldean errefuxiatua, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen. Ordutik ez da haren gorpurik agertu, ez desagerpenaren egileez edo xehetasunez berri zehatzik jakin. Jon Alonso idazleak txiki-txikitatik ezagutu zuen Naparra, eta bere oroimena ez zaio itzali. Liburu honetan, era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bati ekin dio, kasu horretaz dakigun guztia biltzeko, baita suma dezakeguna iradoki eta ilunpean dagoena gogorarazteko ere. Naparraren kasuaz hitz egitean, baina, gutxien-gutxienez bi auzi hartu behar ditugu aintzat: bata, indarrez desagerrarazi zuten borrokalari gaztea; eta bestean, ordutik gaurko egunera arte bere gorpuzkien bila ibili den familiaren kasu lazgarria. Biak landu eta jorratu ditu egileak Tene Mujika sariaren laguntzaz idatzitako lan honetan.

 

Kilker bat autopistan •

Bernardo Atxaga • Pamiela, 2020 • 352 orrialde. 20 euro • Maite Artolak zuzendutako Euskadi Irratiko “Faktoria” irratsaiorako prestatutako gogoetak jaso dira liburu honetan, 2016ko udazkenean hasi eta 2020ko udara arte mikrofonoaren aurrean adierazitakoak. Autobide baten erdian, autoen zarata etengabearen aurrean «kri-kri» egiten duen kilkerrak bezalaxe, egunerokotasunaren eta aktualitatearen zurrunbilo amaigabean hausnarketa patxadatsuak ziren Atxagarenak... Irratirako pentsatuak izan zirenez, ahozko hizkeraren kutsua dute, baina pausoz pauso garatutako saiakera baten gisa aurkezten dira hemen, egileak berridatzita eta osatuta. Liburuak bi hitzaurre ditu, bata Maite Artolak berak idatzitakoa, eta, bestea, Joseba Sarrionandiarena.

 

Lilurabera •

Yurre Ugarte • Alberdania, 2020 • 120 orrialde. 13,50 euro • Alabari aita nor duen aitortu behar dion kazetaria, nerabezaroko adiskidearen eraginaz ohartzen den argazkilaria, kultur kudeatzaile bihurtutako iraganeko artista, etxerik gabe geratu den diseinatzaile ohia, popari buruzko tesia aurkeztera doan doktoregaia… Yurre Ugarteren liburu berri honek biltzen dituen zortzi narrazioen pertsonaiak pop kulturaren alabak dira; haientzat, argazkiak, abestiak, musika, artegintza edo estetika ez dira atsegin handiagoz edo txikiagoz dastatzen den zerbait, bizitzeko era bat dira, munduan egoteko eta mundua ulertzeko modu bat. Zortzi ipuinotan, pertsonaiak bezain protagonista dira haietan ageri diren egoerak eta bizimoduak.

 

Mendia biluzia •

Alex Txikon • Sua, 2020 • 232 orrialde. 23 euro • Alex Txikon alpinista lemoarrak Nanga Parbatera eginiko neguko lehen igoaldia (2016) kontatu digu liburu honetan: aurreko espedizio usteleko zailtasunak, horietatik ikasi eta hurrengo ahalegina zelan prestatu zuten, mendiarekiko borroka gailurrera heltzeko... Taldean sortutako arazoak jaso ditu ere, baita eztabaidak, pozak, irriak, sufrimenduak ere. Eta irakurketak aurrera egin ahala, Alex Txikonen buruan egongo gara, espedizio horretako partaide izango gara, eta Naga Parbateko gailurrera igoko gara berarekin. Horrez gain, hurrengo urtean, K2ra igotzeko espedizioan zebilenean, Daniele Nardi eta Tom Ballard alpinistak Naga Parbateko Mummery bidean galduta zeudela jakin eta martxan jarri zuen erreskatean gertatutakoaren berri izango dugu.

 

Olivetti •

Aitziber Etxeberria • Erein, 2020 • 240 orrialde. 18 euro • Aitziber Etxeberriak intrigazko tonuz eraiki duen nobela hau orainaldi desatseginean bizi den emakume batek iraganera egiten duen bidaia da. Ingrid izeneko emakumezkoa du protagonista. Haserre dago. Bakarrik. Ez du pozik sentitzeko arrazoi handirik. Ama, haurra zela hil zitzaion. Hamar urte baino gehiago dira Irene ahizpa ikusten ez duela. Aita berriki hil da. Testamentua irakurtzerakoan, bere bizitza hankaz gora jarriko da. Gurasoen iragana eta bere haurtzaroa goitik behera miatzera eramango du egoera horrek. Eta badirudi ezer ez dela uste zuen bezala...