DEC. 20 2020 Etxebizitzak, hiru dimentsiotan Inprimagailu batek egindako etxea? 160 metro koadrokoa eta bi solairukoa da 3D inprimagailu bat erabiliz eraikiko den lehenengo etxea. Alemanian egiten ari dira, Beckum hirian, eta martxorako amaituta egongo dela aurreikusi dute. Horrela eraikiko ote dira etorkizuneko etxebizitzak? Argazkiak: Ina FASSBENDER|AFP Gurutze ANDUAGA Alemania 3D inprimagailu erraldoi batekin eginiko bere lehen etxebizitza eraikitzen ari da. Eraikuntza bi solairuko familia bakarreko etxea da, 160 metro koadro ditu eta hainbat adituren arteko lankidetzatik abiatu da. Laguntza publikoa ere badu. Ekimenak etxebizitzen etorkizuna ikertu nahi du, higiezinen merkatuan dauden tentsioek eraikuntzaren abiadura eta kostu faktoreak ezinbesteko bihurtzen dituzten herrialdean. Irail amaieran Beckum herrian eraikitzen hasi ziren etxea denbora errekorrean egongo da prest: 2021eko martxorako. Itxura modernoa izango du, zertxobait minimalista eta Bauhausen keinua duena. Fatxadak goitik behera urratzen dituzten leiho laukizuzenak, detaileak bi koloretan (zurixka eta grisa), teilatu laua eta izkina biribildu bereizgarriak izango ditu. Etxe pilotu gisa balioko du, interesa dutenei irakasteko eta berrikuntza horrek merkatuan duen potentziala dastatzeko. Bitartean, plastikoz estalitako aldamio handi baten azpian, ezohiko isiltasunarekin lan egiten duen makina nekaezina dago, 3D inprimagailua. BOD2 zehaztasun handiko porlan banatzailea da, plataforma mugikor bati esker airean mugitzen dena, ordenagailu batek emandako argibideei jarraituz (kableaturako, isolamendurako eta hodietarako zuloak barne). Inprimagailuaren pasaldi bakoitzak hormari zentimetro bat gehitzen dio proiektu honetarako bereziki pentsatutako hormigoizko paretan. Inprimagailu erraldoi hau martxan jartzeko bi operadore besterik ez dira behar. Kamera batek une oro ponparen lana grabatzen du. BOD2 segundo bakoitzeko metro bat inprimatzeko diseinatuta dago eta bost minutu besterik ez ditu behar metro koadro bateko horma bikoitza osatzeko. Bere fabrikatzaileak, Danimarkako COBOD enpresak, eraikuntzarako diseinatutako munduko 3D inprimagailu azkarrena dela ziurtatzen du. Hala ere, Alemaniako lehen 3D inprimategian, eraikitzaileek lasaiago hartu dute kontua, prozesua nola garatzen den aztertu eta esperientzia lortu nahi dutelako, eraginkortasunari eta bikaintasunari dagokionez, beren apustua handitzeko. Horrela sortuko ote dira etorkizuneko etxebizitzak?