7K - zazpika astekaria
IRUDITAN

Sari bete irudi


Kameren atzetik hartzen diren irudiek sariak pilatzen dituzte maiz. Eta, kasu honetan, Bizkaiko bi egile saritu dituzte Estatu espainolean banatzen diren FEPFI sarietan. Bizkaiko Argazkilari Profesionalen Elkarteko kide diren Eugenio Hernandez eta Amaya Diaz-Emparanza dira sarituetako bi. Lehenengoa Fotogenia Digital estudioko arduraduna da eta Estatu mailan ezkontza argazki egilerik aitortuenetakoa da –700 lan baino gehiago egin ditu espezialitate horren baitan bere ibilbidean–. Diaz-Emparanzak, bere aldetik, Taupada estudioa du bere ardurapean eta gaur egun aipatu elkarte horretako presidentea ere bada. Hamar urtez kamerari eta errealizadore lanetan aritu izan da, pasio duen argazkilaritza, zehazki argazkilaritza soziala, bere jardunarekin partekatuz. Ez dira, ordea, FEPFI sarietan Euskal Herriak izandako protagonista bakarrak. Izan ere, Jesus de Pedro, Alex de Pedro, Rebeca Alonso, Eduardo Acebes de la Huerta eta Carlos Santana ere finalisten artean geratu dira.

Momentuak, bizitako uneak, argazkien pare gordetzen dira gure memorian. Kameren atzetik, ordea, noiznahi akorduari laguntzeko baliagarriak izango diren irudiak eskuratzen dira. Adi, beraz, gaur egun edonork baitauka erretratuak hartzeko aukera. Egin irribarre!