Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos
2020: AHAZTU NAHITIK GOGORATZEKO URTEA

Zabor artean, bi gorpu eta sistema baten miseriak

Otsailaren 6a. Luizi handi bat. Mendia maldan behera erori eta AP-8 autobidea itxita geratu da. Laster ikusi da Zaldibarko Eitzaga auzoan kokatutako zabortegia dela eroritakoa. Verter Recycling SA. Suhiltzaileak lanean hasi dira. Josu Erkoreka gobernuko bozeramailea Anbotora igo da. Bazekiten zabortegian amiantoa zegoela. Bi desagertu. Amiantoa zegoela publiko egin, eta babesik gabe lanean zeuden suhiltzaileak etxera bidali dituzte. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak dira desagertutakoak. Sua piztu da eroritako zabortegian. Iñigo Urkullu lehendakariak ez du uste bertaratu beharra duenik sare sozialetan eskatzen diotelako. Aire kutsatua Eibar, Ermua eta inguruetara iristen da. Leihoak itxi eta etxean geratu. Sua ez da itzaltzen. Urkullu zabortegira inguratu da. Beltranek eta Sololuzek desagerturik jarraitzen dute. Sua itzali da. Bilaketa lanak hasi dituzte, eta hondakin tonak atera ahala, sistema baten miseriak azaleratzen dira. Sololuzeren gorputza abuztuan topatuko dute. Beltranena ez da agertu oraindik.

Sistema harraparia biluzik geratu da, klima larrialdiaren kontrako ahaleginekin bateraezina. Zulo beltz bat zen Verter Recycling, bederatzi urtean 2,8 milioi tona hondakin hartu zituen, hiru hamarkadarako aurreikusita zegoena. Tona horien artean, denetarik. Ahal zena, eta ezin zena. Soilik 2018an, baimendutako zabor metalikoen bikoitza hartu zuen.

Sistema itsua, neoliberalismoaren obra. 2000. urtea zen Josu Jon Imaz Industria sailburuak jarduera industrialen gaineko tutoretza publikoa deuseztatu zuenean. Enpresaren esku geratzen da administrazioari gauzak ongi egiten dituela ziurtatzea.

Sistema klientelista. Jose Ignacio Barinaga Verter Recycling-eko zuzendaria Iñaki Arriola sailburuaren ez oso urrutikoa dugu, eta enpresa bat dauka Ernesto Martinez de Cabredo URA agentziako zuzendaria zenarekin –orain Euskal Trenbide Sarean–. Zabortegiaren jabeak enpresa bat dauka zabortegiko isuriak behatu behar dituenarekin.

Gauzak horrela, 2021erako zer? Joaquin Beltranen gorpua familiaren eskuetan jarri, eta Europar Batzordean eta Durangoko epaitegietan dauden auzietatik argi apur bat jasotzeko itxaropenari heldu.