Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Jose Ramon Etxebarria

«Kultua edo jantzia izateko, jendeak behar du kultura minimo bat zientzian»

Argazkiak: Conny Beyreuther
Argazkiak: Conny Beyreuther

Aurretik aitorpena: Jose Ramon Etxebarria (Gernika, 1948ko maiatzaren 27a) ingeniaria, unibertsitateko irakaslea, euskaltzain urgazlea eta parlamentari-ohia, betidanik, haurra nintzenetik, ezagutzen dut. Beraz, elkarrizketa baino, solasaldi hau gure historia pertsonal eta orokorretik egindako bidaia gisa har ezazue. Zaila oso laburtzea, kontalariaren hitzei lotuta gelditu naizelako askotan. Eta berak kontrakoa dioen arren –«ni gehiago naiz testuen orraztaile, pelukerua»–, zientziaren dibulgazioa euskaraz gauzatu eta bultzatze aldera, hamarkadatan egin den lan kolektiboaren baitan bere izena nabarmen gailendu da, dinamizatzaile eta motibatzaile nagusietako bat izan delako. Horren adierazle, aurten jasotako Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Epaimahaiaren esanetan, «Unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntzaren arloan euskararen normalizazioari egindako ekarpen garrantzitsuagatik» eman zaio saria, «komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu baitu, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz».

Duela 50 urte sinestezina zena, alegia, Unibertsitatean edozein gai euskaraz azaldu ahal izatea, errealitate bihurtu da Jose Ramon Etxebarria bezalako kementsuei esker. Hori da gizon honen ekarpen handienetarikoa: utopia errealitaterako bidean jartzea. Aurretik lan mardula gelditzen dela? Ados, anormaltasunaren normaltasunean hari finean dantzan ari baitira euskara eta euskal gizarte modernoa. Inurri baten antzera, nekaezina dirudi Etxebarriak, eta haren hitzetatik, eta ekintzetatik, ikasi beharko genuke, konpromisoaren ertzek etorkizunari eusten diotelako.

18 liburu, 22 liburu-kapitulu, 32 artikulu zientifiko eta 17 artikulu luze euskal gaiei buruz. Eta zerrendan ez daude komunikabideetan idatzitako artikuluak... “Anaitasunan” bakarrik, 200dik gora. Ez al dizu bertigo pixka bat ematen atzera begiratzeak? Lan asko egin duzu, ez didazu kontrakoa esango.

Hori egia da, baina urte askoan. Ni hasi nintzenean saltsa honetan 1970. urtea zen, behin ikasketak bukatuta. 1971n entregatu nuen proiektua eta 70 urterekin jubilatu nintzen. Beraz, 50 urte kasik.

Zuk ez duzu idazletzat zeure burua. Dibulgatzaile akaso?

Hori ere bai, baina nire lan nagusia izan da irakas materiala egitea. Nik idatzi ditut testuak ikasteko, ez bakarrik unibertsitatekoak, ikastolentzat ere bai. Eta ulertu behar da nire lan gehienak kolektiboak izan direla. Talde batean egon naiz. Azken ukitua nik ematen nion, konforme, baina lana zen kolektiboa.

Lehenengo urteak: Ekuazio bat. Ea nork asmatzen duen Jose Ramonek bota digun ekuazioa: «Gernikarra naiz %100, Gernikan jaio nintzelako; eibartarra %100, nerabezaro guztia han egin nuelako; eta bilbotarra edo, nahi baduzu, santutxuarra, %100, Bilbon egin ditudalako familia eta nire lanak. Eta matematika problema hau dute ulertzen ez dutenentzat, %100 naiz denetan». Bilboko Iruña taberna koketo eta ikonikoan argazki batzuk egin ondoren –hara non aitortu digun amaren familia Iruña izeneko tabernaren jabe zela Gernikan!– Plaza Barrian gaude, terraza batean eserita, eta bata lortutako sariagatik zoriontzera gerturatzen zaiolako, bestea besarkada bat ematera, beste bat ezin duela Mintzalaguneko praktikak egitera joan arratsaldean esatera gerturatzen zaionean... Erretiro aktiboa hau izango al da? Wikipedian ere ari da boluntario lana egiten. Pentsatzearekin nekatu egin naiz. Txantxetatik aparte, hamarkada erabakigarri, mugituak eta latzak bizi izan dituzte aurrean dudan gizonaren belaunaldikoek.

 

Has gaitezen hasieratik. Zure ibilbidea belaunaldi eta garai baten laburpentzat jo daiteke.

Bai, nire garaiko umea naiz. Hori argi dago.

Gernikan jaio zinen. 7 urterekin, Eibarrera. Baserri giro tradizionaletik industrializaziora salto egin zenuten, garaiko Euskal Herriak egin zuen bezala.

Herri diferenteak dira eta bakoitza oso inportantea izan da nire izaerarako. Gernika, ni jaio nintzenean, herri beldurti eta beldurtua zen. Gernika zen beldurraren herria. Handik hartu dut memoria historikoa, gure amak beti kontatu zigulako zer pasatu zen. Hori bai, niri orduan istorioak hemendik sartzen zitzaizkidan eta bestetik irten [belarria ukitzen du]. Gure aita ez zegoen bertan bonbardaketan, baina bai ondotik sutea ikusten. Erre ez zen fabrika bakarrean lan egiten zuen aitak, Astra famatuan. Lehen arma fabrika zen eta nire aita zen hango tailer jefia. Zer ez zen erre Gernikan? Arma fabrika, Errenteriako zubia eta Gernikako arbolaren ingurua; hain zuzen ere, erreketeentzat sakratua zena. Gure amak dena galdu zuen bonbardaketan. Gero gure aitak izan zuen arazo bat lantegian: oso langile ona zen, baina eztabaida gogorra eduki zuen hango kapitalistekin aitak asmatu zuelako mekanismo berri bat pistoletarako, eta arazoa izan zen patentea lapurtu ziola hango batek. Hori frankismo sakonean izan zen, 1952-1953an. Nik 3-4 urte nituen. Egin zen epaiketa. Orain jai dago, orduan gehiago. Gure aitak, bost seme-alabarekin, Gernikatik alde egin beharra. Nora? Eibartar koinatu baten bitartez, lortu zuen Eibarren lana. Bi urte egon zen Eibarren lan egiten eta gu Gernikan, eta bideratu zuenean, joan ginen guztiok Eibarrera bizitzera. Han hartu gintuzten beso zabalik, askoz irekiagoa zelako, ideietarako ere askoz zabalagoa eta ez zen beldurraren menpe bizi. Niretzat txoke bat izan zen hori.

Nik txikitako Eibar bizia, langilea eta guztiz erdalduna gogoratzen dut. Migrazio handia zegoen.

Zu gaztea zara. Gero etorri zen uholdea, 1960ko urteetan. Baina ni 1955eko azaroan joan nintzen Eibarrera. Aurretik ez dut asko gogoratzen, baina hortik aurrera bai. Ofizialki dena zen erdaraz, baina Eibarren garai hartan taberna guztietan txikiteoan gizon denek euskaraz egiten zuten. Eibarren beste giro bat zegoen, beste harrotasun bat. Hori ikusi nuen: errespetua besteen pentsaerei. Esango dizut zerk inpresionatu ninduen joan ginenean: Gernika “Nacional Catolicismo”-a zen, eta Eibarren hara non kanposantu zibila zegoen! Inpresionatu ninduen beste gauza bat entierro zibilak ziren eta han ez zegoen gurutzerik, frankismoaren garaian! Ez hori bakarrik, kanposantuan izkinatxo batean bazegoen leku bat eta han, entierroa zegoenean, sermoia botatzen zuen Benigno Baskaranek, apaiz laikoak. Hau oso inportantea izan zen nire buruak gero beste modu batera pentsatzeko.

Zientziarekiko zaletasuna aitagandik datorkizu?

Bai, eta hizkuntzena ere bai. Aitak bost hizkuntza zekizkien, maila batean: euskara eta erdara, oso ondo; frantsesa, polito; alemana zekien zerbait, makina kontuen eta abarrengatik, eta ingelesa ere zerbait. Beti bultzatu gintuen hizkuntzak ikastera eta lantzera.

Autodidakta zen aita?

Autodidakta direnek benetan ikasten dute ondo.

Zu ere, maila batean, autodidakta zara. Esan nahi dut Ingeniaritza ikasketak hasi zenituenean, Bilbon, imajinatzen zaitudala 17-18 urterekin flexoaren argipean euskara ikasten.

Gu analfabetoak ginen. Bilbora etorri nintzenean euskara landuta neukan, baina ahozkoa. Osaba-izekoen etxean egin nuen karrera, eta etxe hartan ez zen euskara baino erabiltzen. Oso euskara landua zeukaten, eta izeko zahar bat zeukaten etxean, Angela, oso euskara naturala zuena. Orduan ezagutu nuen ere euskara testuetan, nire arreba Bego eta Serafin Basauri, Juanito San Martin eta Imanol Laspiurren bitartez, bereziki “Anaitasuna” eta “Zeruko Argia”. “Anaitasuna” hartzen nuenean, palo bat zen. Erdia ere ez nuen ulertzen... txarto eta trakets. Berba asko ez nituen ezagutzen; ortografia, ideiarik ez; hitzak nola mozten ziren ez nekien, non hasten zen eta non bukatzen zen… Unibertsitateko lehenengo urtean, Bilbon ez zen entzuten euskara inon ere. Herri kolonizatu batean nengoen.

Bigarren atala: Euskara modernitatera egokitzen. Bilboko Ingeniaritza eskolan Estatu osoko ikasleak batzen ziren. Lehenengo urteko gelan zeuden ehundik gora ikasleetatik, dozena erdi besterik ez euskaldunak. Beraien artean euskaraz mintzatuko zirela erabaki zuten... elkar ulertzeko arazoak zituzten arren. Bizkaitarrekin ondo moldatzen zen; Tolosaldeko kideren batekin batez ere, zailtxo. Aitari ikasten zuenaren berri nola ematen zion du gogoan, hizketaldi haiek Unibertsitatean ikasitako terminologia euskarara eramateko ariketa praktikoa izango balira legez, eta baita anekdota bat ere: «¿Cómo se dice esto en vasco? galdetu zidan gelakide batek. Uste dut ‘elektroia’ zela. Eta nik: Eso no se dice». Gernikar sena, lotsatia, agerian gelditu zitzaion; «Eibartar osoa izango banintz, ‘elektroie’ esango niokeen».

Lotsa gutxi, dena den, 17 urterekin gau-eskolan irakasle hasi baitzen. Herri mugimendu indartsua zegoen orduan Santutxun, puri-purian kaleko giroa, frankismoaren aurkako borroka. Apaiz eta fraide haien inguruan, Tasio Erkizia kasu, helduen alfabetatze gelako irakasle hasi zen... eta handik euskararen modernitatearen sorrerara. Hura izan baitzen hurrengo hamarkadetan martxan jarritako proiektu handi baten hastapena; euskara zientziara ekartzea.

Euskara batuaren sorreraren borroketan eta gorabeheretan ere ibili zinen.

Orduan testu ofiziala zen “Euskara, hire laguna”, bizkaieraz, Patxi Altunak egindako liburua. Baina gauza bat gertatu zen: liburua agortu egin zen Bizkaian eta, aldi berean, gertatu zen euskara batuaren sorrera. Mendira joaten ginen, baserri bat genuen gure mobidetarako Arratian. Han egiten genituen gure makinazioak. Batzarra egin genuen 30 irakaslek, gehienak giputzak ziren Unibertsitatera etorrita, eta asteburu batean erabaki genuen, lehenengo, egin behar genuela metodo bat. Bigarren, metodo hori euskara batuaz izango zela; eta hirugarrena, guk egingo genuela. Orduan kontratatu genituen gero AEK-koak izango ziren batzuk –Juan Luis Goikoetxea, Xabier Kintana…–. Gu ginen besteak baino pixka bat gehiago genekienak... ausartak ginen, hori bai. Horrela egin genituen “Euskalduntzen” eta “Alfabetatzen” metodoak. Imanol Berriatua [1941-1981, frantziskotar fraidea, idazle eta euskaltzalea] zen testuak zuzentzen zituena. Hark bere baimena, babesa eta irudia eta dena eman zigun. Liburuaren portadan agertzen da bera klaseak ematen. Gazteekin primeran moldatzen zen, eta euskara batuaren aldekoa zen, erabat.

Gogoan dut Altunaren “Euskara, hire laguna”. Zein zen desberdintasun nagusia?

Hark zeukan ortografia zaharra. Alegia, euskara batuaren lehen puntua zen ortografia. Arrakasta handia izan zuen “Euskalduntzen”-ek, zeren euskara batuaren lehenengo metodoa izan zen. Aditza? Hor eduki genuen eztabaida bat baino gehiago, baina forma estandarrak orain erabiltzen direnak dira. Euskaltzaindiak erabaki zuena guk aurretik erabakita geneukan. Funtsezkoa izan zen 1964an Baionan Euskal Idazleek izendatutako zerrenda. eta Xabier Kintana eta Gabriel Arestik “Batasunaren kutxa” liburuan egin zituzten arau nagusiak, baina batez ere Txillardegiren arauak. Horiek denak hartu genituen. Guk horiek ez genituen eztabaidatu, ikusi genuelako hura zela bidea.

Behin karrera bukatu zenuenean, EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean hasi zinen irakasle. Udako Euskal Unibertsitatean ere hastapenetik sartu zinen. Materiala sortu behar zen, zientzia euskarara ekarri. 1981ean argitaratu zenuten UZEIren “Fisika Hiztegia”. Nolakoa izan zen bidea?

Ordurako Udako Unibertsitatean biltzen ginen mintegietan fisikako gauzak egiten, eta urtero ematen genituen hitzaldiak gure proposamenekin. Ni joaten nintzen hilean behin Donostiara Elhuyarrekin eztabaidatzera, haiek zeukatelako talde potenteagoa. Ni hemen bakarrago nengoen, baina ez bakarrik. Han zeuden Andoni Sagarna, Euskaltzaindikoak, Mikel Zalbide, Iñaki Azkune, Luis Mari Bandres... UZEI sortu zenean, nik harreman handia neukan, Jakinetik eta Anaitasunetik, Joseba Intxausti eta Joan Mari Torrealdairekin. Ni baino zaharragoak ziren, baina harreman handia geneukan “Anaitasuna”-n egon ginelako batera. Joseba Intxausti izan zen UZEI famatua antolatu zuena, hiztegiak egiteko. Hark esan zidan egin behar genuela. Baina nola? Beste hizkuntzek nola egiten zuten begiratu genuen. Horretarako batu behar genituen horretan espezialistak zirenak; alegia, euskaldunak zirenak eta fisikan lan egiten zutenak.

Euskara modernoa asmatu zenuten.

Guk ez dugu ezer asmatu!

Garbitu, orduan? Modernizatu?

Guk egin duguna da geneukan euskara egoera berrietara egokitu. Guk ez dugu ezer asmatu. Harrituko zara, baina gure belaunaldikook testu zahar asko irakurri ditugu: han zeuden gauzak eta aprobetxatu behar ziren. Nik beti nire zalantzak galdetu dizkiot edo aitari edo oraindik gurekin bizi den amaginarrebari. Orain egin berri ditu 104 urte. “Hau zelan esango zenuke?”, esaten diot. Asko ikasi dugu zaharrengandik. Guk egin duguna da behar zen materiala egokitu, baina hori hizkuntza guztiek egiten dute. Gero teknikoki ondo egiteko, estudiatu dugu nola hizkuntza batek eta euskarak lexiko sorkuntzarako zein bide erabiltzen duen. Hor daude mila bide, zeren askotan egiten dira konposizioak, beste batzuetan aposizioak, beste batzuk egiten dira atzizki egokia sartuta. Ez dagoenean ezer egiten da mailegua, hartzen da beste hizkuntzatik eta deformatzen da… truko guztiak ikasi ditugu eta egokitu ditugu gure premietara. Testu teknikoak daude, non sartzen den terminologia zehatzagoa, baina beste gauza bat da jendearekin hitz egiterakoan zer erabiltzen duzun, eta hori da dibulgazioa. Eta biak dira inportanteak.

Xabier Kintanari irakurri diot, beste hizkuntza minorizatu batzuetan, hizkuntza goi-mailako hezkuntzara letretako fakultateen bidez iristen dela. Gurean, ordea, zientziatik ekarri zenuten.

Egia da, eta horretan esango nuke askoz sistematikoagoa dela. Nik esaten dut suertea izan dudala nire inguruan batu ginelako asko. “Fisika hiztegia” hartzen baduzu, han daude izen guztiak, 12-15 lagun. Lehenengo zein hitz sartuko ditugu, gero nola antolatu... Ez genituen nahi hitz hilak, nahi genituen hitz biziak. Hitzek ez dutelako ezertarako balio; diskurtsoak balio du.

Hirugarren atala: Konpromiso politiko eta pertsonala. Manuel Lekuona sarirako Jose Ramon Etxebarriaren hautagaitza aurkeztu zuenean, Udako Unibertsitateak «pertsona poliedriko» gisa definitu zuen. Ez zitzaien arrazoirik falta, hainbat alor ukitu baititu: ingeniaritza, fisika, irakaskuntza, euskalgintza, politikagintza, herri mugimenduak... Zenbat lan, zenbat kezka, zenbat bilera, zenbat bakarkako lan... eta zenbat ordu eman dituen pankartaren atzean. Jose Ramon Etxebarriari so nagoela, eszeptiko bat izateko, haren ibilbideak pasioak onartuko lukeen baino eragin handiagoa izan duen susmoa datorkit.

Edo, agian, oker nago, eta aurkikuntza baten uste osoa –dei diezaiogun euskara, aberria, unibertsitate propio bat...– defendatzen duen zientzialariaren grina izan daiteke beti aurrera bultzatu izan duen indarra... edo pultsua, elektroiak bezala. Abertzale eta euskaltzalea, kontzeptu biak elkarrekin doazelako berarentzat, bere ibilbidea eta militantzia ezker abertzaleari lotuta dago. Gasteizko lehenengo Legebiltzarreko legebiltzarkidea izan da eta ilegalizatua izan da behin baino gehiagotan. Baita atxilotua ere.

Garai nahasiak bizi izan dituzu. Torturak jasan zenituela ere ikusi dut, 1972an La Salve kuartelean.

Kuriosoa izan zen. Nik ez diot sekula inori eskua altxatu, ez naiz izan horrelako saltsa gogorretan, baina leku guztietatik kobratu dut. Nola da posible? Atxilotuta askotan egon naiz, kartzelara bi aldiz bakarrik joan naiz eta denbora laburrean. Komisarian, unibertsitateko kontuetan, 27 epaiketa izan nituen.

Istorio bitxi bat duzu, zerbait esatearren, jaso zenituen torturei buruzkoa.

Antonio Añoveros zen hemengo apezpikua, progresista fama zeukan eta Francoren kontra esandakoak zituen. Nire andrearen osaba zen abadea eta okurritu zitzaien kontatu behar zitzaizkiola nire torturak eta ea berak salatzen zuen. Osaba eta biok sartu ginen bere bulegoan, eta hasi nintzaion kontatzen dena. Esan nion momentu batean: «Si quieres te enseño las piernas». Hasi nintzen kentzen, eta «¡no, no, ya te creo!». Handik denborara, elkarrizketa bat egin ziotenean, Añoverosek esan zuen: &bs;«No me consta, no he visto yo (estilo Vaticano) ningún caso de tortura». Hori kontatu nion Martin Orberi eta berari pasatu zitzaion gauza bera Jose María Cirardarekin. Bi apezpikuekin, berdin.

Juan Carlos I.aren aurrean ere planto egin zenuten, 1981ean, HBko parlamentariek Gernikan. Orain «emeritoa» erbestean ikusteak zer oroipen ekartzen dizkizu?

Bada, poza ematen dit. Begira, Gernikara etortzekoa zela jakin genuenean, ikusi genuen hura hain hipokrita: Francok izendatutakoa eta Gernika erre zuenaren semea zetorren, zeren Francok espresuki izendatu zuen bere oinordeko nagusia. HBko parlamentari gisa gonbidatuta geunden. Isil-isilik, inori esan barik, hori filtratzen bazen desastrea izango litzatekeelako, geratu ginen tonua emateko Xabier Amuriza hasiko zela kantatzen. Ordurako famatua zen eta, kantatzekotan, guk kantatu bai, baina ondo! Benetan diotsut, maitasun handiz gogoratzen dut.

Aitzindariak ere izan zineten nuklearren kontrako intsumisioan. Hiru hilabete egon zineten zu eta Santi Brouard, orduan biak parlamentari, argindarrik gabe etxean Iberdrolak moztuta, Lemoizen aurkako herri protesten baitan.

Santi oso laguna nuen, ni baino pixka bat zaharragoa, espeziala zen. Oso mugimendu polita zegoen ordurako Santutxun. Lore [emaztea] eta biok hiru alaba genituen, etxean ez zegoen ez labadorarik, ez argirik, ez telebistarik… Arropak auzoan garbitzen zizkiguten, kanpingasak ekarri zizkiguten… dena horrela. Egon ginen hiru hilabete, hiru ume txikiekin. Oso esperientzia polita izan zen. Gauero kandelen argitan ipuina irakurtzen genuen eta kanpingasekin, fenomeno! Lemoiz gelditu egin zen gero, baina beste arrazoi batzuengatik. Gero asko gogortu zen dena. Gu asko presionatu gintuzten, oso une txarrak pasa genituen eta Ryanena gertatu zen… “Saiokoa” bat kanpingaseko argiarekin idatzi nuen.

Saltsa guztietan sartuta egon zara.

Kuriosoa da. Guk fama txarra dugu, nahi duzun guztia, baina aztertu ezazu zer egin dugun: intsumisioa, oso inportantea dena; ez dugu onartu Espainiako trantsizioa; ez dakit zenbat alderdi politiko ilegalizatu dizkiguten... eta hementxe gaude. Eta ez dute ezer lortu: gu izorratzea, baina bizirik gaude. Eta orain desesperatuta daude zein memoria eta errelato idatzi, baina guk memoria dugu. Ez etorri gugana horrelakoak idazten, guk badakigu zer gertatu den eta idatzita daukagu, kontuz. Hor dago borroka: memorian.

Unibertsitatea izan da zure bihotza.

Niri bizitokia.

Bizitoki gazi-gozoa. Unibertsitateko irakasleria propioaren figura eskatzen zenutelako kanporatuak izan zineten eta hamabost urtean (1992tik 2007ra) Leioako campus atarian egon zineten, zu eta zure kideak, pankarta baten atzean. Arrazoia eman zizueten arte. Merezi al zuen? Latza, ordaina.

A posteriori esaten dut, ‘posible zen lortzea egin gabe?’. Uste dut ezetz, baina agian hori nire intereserako interpretazioa da. Nik sentsazioa dut merezi izan duela. Orain jende guztia dabil ikastoletan, hezkuntza ertainean eta leku guztietan irakaskuntza propioa behar dutela esaten. Eta hori gure proiektua da. Orain, irakaskuntza sistema propio bat aldarrikatzen denean, guk zeozer egin genuela uste dut, eta horregatik daude irakasle batzuk Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak direnak eta Estatukoak zuzenekoak ez direnak. Sistema ezberdin bat erreibindikatu dugu, eta ikusten dugunean irakasleak institutuetan irakaskuntza sistema propio bat eskatzen ari direla: Ai ba diez! Hori da memoriarena bezala: guk sentitzen dugu, kolektiboki, horretan ekarpen inportantea egin dugula. Gehiago esango dizut; onartu egin zen lege bat, Eusko Legebiltzarrean, eta hango norabide guztiak guk defenditu genituen. Ez zuten egin guk esaten genuen bezala, baina ideia nagusia, korronte nagusia, gurea da.

Gero zirkulua itxi zenuen Ingeniaritza eskolara itzuli zinenean, erretiroa hartu arte. Unibertsitatea erabat aldatuta aurkituko zenuen.

Gauza batzuetan bai: belaunaldi berriak ziren, beste mentalitate bat zeukatenak. Baina kontuan izan nik ez nuela kontaktua galdu unibertsitatearekin. Denbora tarte horretan jarraitu nuen Udako Euskal Unibertsitatean boluntario parte hartzen, eta han neukan harremana unibertsitate ofizialekoekin. Alegia, kanporatuta egon nintzenean jarraitu nuen lanean, nire neurrian. Ez da berdina unibertsitate barruan edo kanpoan, ezin duzu maila bereko lana egin, baina ni ez nintzen geldi egon. Geldi bakarrik nengoen pankartan, baina esango dizut pankartan bertan hainbat liburu zuzendu ditudala. Zutik, irakurri eta zuzenketak egin. Hainbat testuliburu, esate baterako, institutuetako liburuen itzulpenak, egin ditut pankartan.

Zuek apunteak, eskuz; orain, ordenagailuan.

Hori teknika da, funtsean gauza bera da. Teknikak errazten dizu materiala lortzea, baina azkenean pentsatu egin behar da. Fisika berbera da ikasleentzat; gero ari dira etengabe lorpen berriak egiten, eta horiek ere ikasi egin behar dira. Konforme, baina zer egin behar du ikasle batek? Programa bat dauka, gai batzuk ikasi behar ditu eta gero erakutsi ikasi dituela. Orduan, zer behar da? Testua. Orain ordenagailuan idazten duzu, zuzenketak egin ditzakezu nahi duzun modura ere… hori erraztasun teknikoa da. Baina azkenean irakurri egin behar da, eta pentsatu. Nik uste dut ikasketa hori ez dela aldatu. Irakurri egin behar da, eta ulertu, eta hausnarketa egin. Prozesu hori identikoa da, aldatu da euskarri teknikoa, materiala lortzeko aukera, eta kontsulta egiteko modua, baina irakurri egin behar da.

Ni letretakoa naiz, baina 2020ko Fisika Nobel saria Einsteinen erlatibitatearen teoria baieztatu zutenei eman dietela ikusteak harritu nau. Ez al dago aurkikuntza berririk egiteko gaitasunik?

Oraindik hortik bizi gara. Teoria berri gutxi dago, egiten ari da horren garapena. Oraindik ari gara XX. mendearen hasieran sortu ziren bi teoria handi horiek garatzen, fintzen, detaile txikiak osatzen. Oinarrizko partikulen eskeman oraindik unetxo bat falta da eta hori detektatuko balitz egunen batean, horrek ilusioa eragingo lidake, osatzen delako marko teorikoa. Baina XX. mende osoan ibili dira gauza horiek garatzen: orain dela bi urte Higginsen partikula famatuak egin da, baina lehendik bazegoen teorikoki. Zulo beltzak aurkitu direla; ados, baina posibilitate teorikoa bazegoen, orain garatzeko eman diote. Eta orain denek ezagutzen dituzte izenok, “zulo beltza” eta abar. Eta zer da hori? Hitza denek ezagutzen dute dibulgazio lan bat egin dugulako. Jendeak eduki behar du kultura minimo bat zientzian kultua izateko, nire ustez.

Eta gaur egungo zientzian gauzak aldatu al dira?

Nire ustez, gauza asko aldatu dira: esaterako, ikerkuntza izugarri aldatu da, lehen ez zen praktikoa ezer egiten, eta orain asko egiten da. Euskal Herrian oso jende ona dago: nire ikasleak izan direnak eta oso onak direnak, ni baino askoz hobeak. Hori da jendeak ulertzen ez duena: zu irakaslea izan bazara, zure ilusioa da zure ikasleak zu baino hobeak izatea. Nirea bada, behintzat.