JAN. 31 2021 IRITZIA Begi gorriak Galder Perez Jendaurrean negar egitea, segun eta nork egin, oso ezberdin neurtzen den akzioa da. Akzioa diogu, emozioa esan beharrean, edo askoz hobe, bihotza ukituta sentitzen denean pizten den erreakzioa. Horixe da negarra. Azken asteetan heroitzat hartu dira zenbait xelebriti, zer eta pantaila baten aurrean negar egiteagatik, sare sozial batean malkoak zabaltzeagatik. Ausart deitu zaie, beldurra galdu dutela azpimarratu du zenbaitek. Gogora ekarri dit zenbait rock kantarik ere, arrak eta zuriak, nola azpimarratu izan duten kantuetan haiek ere negar egiten dutela, haiek ere izaki zaurgarriak direla. Esatea be! Besterik ez genuen behar, sentsibilitatea pertsonen ezaugarri inplizitua beharko luke-eta. Baina ez, badirudi ezetz. Sare sozialetako malko ikuskizunaren azterketa beste baterako utziko dugu, finean hori baita: eskaparatea. Eta beharbada lizuna ere bada malko, emozio eta ustezko minekin balizko arrakasta bat bilatu nahi izatea; zalantzan jartzeko moduko asmoa izan bada. Esan bezala, negarra oso erreakzio humanoa da. Horrek ez du esan nahi erraz negar egiten ez duenak humanitaterik ez daukanik. Garai batean ere, umeago ginenean, gure damuen erreakzioa izan zitekeen malko jarioa. Nola esaten zigun amak: «Bai, eta orain negar, ezta?». Ustez gauzak aurretik pentsatu gabe egiten genituen, eta kapitulu horren amaiera krokodilo malkoak ziren. Baina badira gauzak ondo pentsatu, planifikatu eta estrategiaz beterik egin eta sekula negar egiten ez duten ustezko pertsonak. Ez da, ordea, zailtasun emozionalengatik, blokeo edo dena delakoengatik, behin eta berriz erakusten duten ankerkeriagatik baizik. Gizagabeko jarrerek benetako malko guztiak sikatuko dituzte ziurrenik. Berandu, beranduegi, balio ez dutenean iritsiko dira bizitzen ari garen tragedia hau kudeatzen ari direnen malkoak. Eta ez ditugu haien malkoak onartuko, oraingo jarrerak onartzen ez ditugun bezala. Jendarte heldu batek ez dauka aitzakia merkeen beharrik. Ez ditugu gezurrak irensten. Arduraz hartutako erabakiak nahi eta behar ditugu, zekenkeriarik gabekoak, eta, etengabe pairatzen ari garen horiek guztiak bezala, inongo elkartasun eta zaintza asmorik gabeko asmoak. Baina tamalez, ez dira etorri, ez datoz eta ez dirudi hain erraz etorriko direnik. Eta bitartean barre egiten digute. Etxekoak joaten zaizkigun bitartean, Monopolyra jolasten jarraitzen dute haien saloi dotoreetan. Orduan soilik ateratzen zaizkie malkoak, partida zikinetan, gu izanik haien tableroko fitxak eta haien eskuetan tranpaz betetako dadoak dantzan. Nahi nuke, bai, aurreko bizitza bizitzera bueltatu. Nahi nuke, bai, Ruperrek lurrean etzanda zioen moduan orain barre eta orain negar egin, lekuetan egon bihotza gozatzeko, eta izenak eduki mundua zehazteko. Hemendik, nondik eta etxetik, isolamenduan bisitatu dezakegun leku bakarra delako, begi gorriak baino ez ditugu, gozo baino mingots sentitzen den bihotza, malko uholdeez gain amorrazio handiagoaz betetzen ari diren begiak, zelatan eta negarrez ari diren begi gorriak. Tarde, demasiado tarde, cuando no valgan llegarán las lágrimas de quienes están gestionando esta tragedia que estamos viviendo. Y no toleraremos sus lagrimas, como no aceptamos las actitudes presentes. Una sociedad madura no necesita excusas baratas. No nos tragamos las mientes.