JOKIN URAIN
IRITZIA

Botiloiak

San Sebastian eguna, donostiarren zaindariarena, “Don Ostia” egun bilakatu zen aurtengoan Parte Zaharreko kaleetan. Ertzaintza bidali zuten, itxialdi neurriek uzten zieten ordu apurretan festa egin nahian zebiltzan gazteak uxatxera. Eta etxera beharrean batzuk komisariara eta beste bat ospitalera bidali zuten, matrail hezurra hautsita. Ondorenean etorri ziren polizia arduradunen adierazpenak, ongi aritu zirela, beharrezkoa izan zela ertzainen jarduna...

Egun bertsuetan jakin genuen Eduardo Maiz Bilboko Basurtuko ospitaleko zuzendariak, eta Jose Luis Sabas Santa Marina erietxekoak, covid-19aren aurkako txertoa hartu zutela, ezkutuko amarruak eta engainuak erabiliz, berez ez zegokielako txertorik. Sobran geratutako txertoak aipatu zituzten batzuek egindakoa zuritzeko, txertoak leku askotan falta direla argi samar egon arren.

Maiz jaun horrek, Bilboko Udalean zinegotzi, Herritarren Segurtasuneko sailaren arduradun zenean, poliziarekin konpondu nahi izan zuen gazteen kale-zurruta edo botiloia. Arauz kanpokoa, itsusia, onartezina... auskalo zer gehiago iruditzen zitzaion kalean festa-modu propioa egiten zuen jende haren jarrera, eta konponbide efektiboa eta bidezkoa irudituko zitzaion poliziak zirti-zartaka egin zezakeena.

Alde batetik pozgarria da ikustea zein jende prestatua eta bertutetsua dugun inguruan, udal batean poliziaren bitartez hiritarren ongizateaz arduratzeko bezain kapaza dena ospitale txiki edo handi baten kudeaketa egiteko. Eta miresgarria da pertsona horiek duten gaitasuna leku batean ez bada bestean beti aginteren bati itsatsita jarraitzeko, bizkarroi zurrupatzaileenak lotsagarri uzteko moduan.

Bestetik, argi geratzen da beren bizio txikiak ere badituztela jaun horiek, ezkutuko bizioak nolabait, Maiz jaunak berak duela gutxi egindako botiloia kasu, “txertoaren botiloia” alegia, eta polita izango litzateke jakitea zenbat espabilatuk egin duten gauza bera, ez herriko plazetan agerian, baizik bulegoetan eta kanpotik ikusten ez diren lekuetan.

Arau hauste horiengatik ere izango du kezka Euskal Heren honetako gobernuak, eta seguru nago konpondu nahi lituzkeela halakoak, baina izan liteke ez jakitea nola, Itsaso. Agian bururatu ere ez zaie egin Ertzaintza bidaltzea administrazio publikoko goi karguek txertoaren botiloia egiten duten eta egin dezaketen lekuetara.