FEB. 28 2021 IRITZIA Euskal Ufologia Plana GALDER PEREZ Pandemiaren kudeaketa honek gure emozioak sekulako dantza sueltoan jartzen ditu astetik astera, egunetik egunera. Barretik negarrera segundo batean salto egiten dugu. Baina pauso bakoitza gero eta sakonagoa den sumin eta inpotentziarekin ematen dugu. Izugarri zinikoa iruditzen zait zer eta “Bizi Berri” izena jartzea pertsonen bizitzarekin inongo interesik ez duen plan bati. Nork jar diezaioke halako izen maltzurra jendea ardurarik gabe hiltzen uzten ari den planari, pertsonak zenbaki hutsak bailiran zulora bidaltzen dituenari? Hori gutxi balitz, planak betetzen ari direla entzun behar izaten dugu. Intzidentzia kasu altuenak ontzat ematen dira, gure kontinenteko exigentzia mailarik baxuenean: dena ongi dabil. Txertaketa prozesua plan ilunekin bat datorren ipuin beltzarekin garatzen dute, desafinatutako txistulari banda osatuz. Ezinbestekoak diren babes neurriak folklore bihurtu dituzte. Bitartean, haien eguneroko dantza zikinean osasun-langileen gainean egiten dituzte dantza-pausoak, pandemiarekin egunero aurrez aurre daudenen pazientzia eta duintasuna zapaltzen. Hilabete batzuk pasa dira birusarekin elkarbizi behar dugula agindu zigutenetik. Izan ere, hori onartzera behartu gaituzte. Eta mundua handia izan arren, baditugu begiak beste tokietan egiten ari direna ikusteko. Birusari aurre egiten diote arduraz eta ausardiaz. Hemen, elkarbizitza deitzen dioten hori aurrera eramateko, txintxoak behar dugu izan, otzanak. Horretarako, orain gure emozioen agintari eta aholkulari izan nahi dute. Enpatia eskatzeaz gain, «pazientzia eta iraunkortasuna, lortuko dugu» esaten dute, literalki. Barkatu? Zer demonio ari zaizkigu eskatzen? Zinismoaren mailak sabairik ez duela argi dago. Zenbat min eman duen termino psikologikoak enpresa munduan sartzeak; faborez, askoz maila altuagoko coaching-a badela. Baina, tira, baldarkeria hau ere, plan guztien neurrikoa, nibel berean. LABI siglak benetan zer diren esango dizuet: Lurretik At Bolanderak Ikusten. Orduan, beharbada sinetsiko genieke behingoz. Izan ere, askoz hobe lukete Euskal Ufologia Plana sortzea: sinesgarriago litzateke dena. Haien bulegoetatik objektu hegalari ezezagun bat ikusten ari direla eta erkidegoan lurra hartuko duela iragartzea. Sobietar Batasunak, 1989an, desagertu aurretik antzeko zerbait egin zuen Voronezh hirian. Garai baten bukaera sinbolizatu zuen objektu hegalari ezezagun horren ustezko lur hartzeak. Ederra litzateke Lakuatik objektu hegalari ezezagunen baten berri edukitzea, garai bukaezin eta krudel baten amaiera gisa. Os voy a decir lo que son realmente las siglas LABI: Viendo At Bolanderas desde la Tierra. Entonces quizás les creeríamos de una vez. De hecho, sería mucho mejor que crearan el Plan Ufológico Vasco: sería más creíble todo.